agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Komunikazioaren oinarrian bi zutabe ezarri nahi genituen: euskara eta genero-aniztasuna»

Irene Gil eta Garbiñe Loiarte • Donostialdeko eta Bidasoko ESIetako euskara teknikariak

‘Euskaraz ere, bada zer zaindu!’: horixe da Osakidetzako hainbat zerbitzu erakundetako euskara-teknikariek mahai gainean jarri duten mezua. Otsailean, ‘Hizkuntzaren erabilera ez-sexista’ izeneko tailer bat antolatu zuten, eta oinarrizko gako batzuk biltzen dituen gida bat ere argitaratu berri dute. Irene Gil Donostialdeko ESIko eta Garbiñe Loiarte Bidasoko ESIko euskara-teknikariek antolatu zuten topaketa, hizkuntza ez-sexistaren inguruan bildutako materiala gainerako ESIetarako baliagarria izan zitekeela iritzita.

Iazko martxorako antolatutako saioa otsailean egin duzue. Zer moduz joan zen?
G.L.: Nik uste saio honen aurreko istorioa dela garrantzitsua. Gipuzkoako teknikariak elkartu egiten gara zenbait zeregin edo proiektutan; izan ere, erakunde txikietan, teknikari bakarra egoten gara, eta, horrela, bakarka aritu beharrean, gainerakoekin elkartzen gara Donostian. Gauzak horrela, 2019an Irenek hizkuntzaren erabilera ez-sexistari buruz Donostian egindako tailer bat da kontu honen abiapuntua. Pentsatu genuen beste zerbait egin zitekeela, eta jardunaldi bat antolatzea erabaki genuen. Dena erraz joan zen, oso ideia ona iruditu zitzaien. Gainera, Osakidetzan Berdintasun Plana abian jartzen ari direnez, bada, horrekin ere lotu nahi genuen. Aurrez azalpen batzuk prestatu genituen, eta tailerraren funtsa zen euskarak ez daukala generorik, baina guk esaten duguna da euskarak badituela zer zainduak eta kontuan hartzekoak.

Baina jardunaldia egin behar genuen egun berean, esan ziguten bertan behera utzi behar genuela, pandemia zela eta. Hasieran pentsatu genuen atzeratzea, udazkenera edo, baina gero eta gehiago atzeratu da, eta azkenean pentsatu genuen Zoom bidez egitea. Hor genuen aurretik prestatutako material guztia; hala, eguneratu egin genuen, eta Euskara eta feminismoa bidelagun hitzaldia gehitu genion tailerrari; horrela iritsi ginen otsailera. Hasieran gure asmoa zen Osakidetzako langile guztientzat antolatzea, baina, horrela eginda, erabaki genuen euskara-teknikariekin partekatzea, eta euskara-teknikariak ez diren batzuk ere egon ziren.

I.G.: Materiala konpartitzea izan zen helburu nagusia. Iruditu zitzaigun gure erakundeetarako prestatuta genuena baliagarria izan zitekeela gainerako erakundeetan ere, bakoitzak berera egokituta: aprobetxa zitezkeenak hartu, eta baztertzekoak baztertu. Gure esperientzia azaltzea izan zen asmoa, eta eskaintza oso ondo hartu zen Euskara Zerbitzu korporatiboan. Bagenekien saioa Zoomen bidez egin beharko genuela, horrek dakarrenarekin… baina, hala ere, aurrera egitea erabaki genuen.

Informazioa hartu eta eman; alde praktiko bat ere izan zuen, ezta?
I.G.: Bai, hasieratik garbi genuen praktikoa behar zuela, eguneroko lanarekin lotutakoa. Edukia lau ataletan egituratu genuen: lehenengoan, azaldu genuen euskaraz arituta ere badagoela zer zaindu generoaren ikuspuntutik. Bigarrenean, aholku sorta bat bildu genuen eta euskaraz ari garenean esparru labainkorrak zein diren identifikatu. Ospitaleetan, adibidez, pediatriako edo ginekologiako dokumentuetan badira arreta bereziaz landu beharreko testuak, gaia dena delako eta desegoki aritzeko arriskua handiagoa delako. Hirugarren atalerako benetako testuak aukeratu eta komentatu genituen. Egia esan, zaila egin zitzaigun «adibide okerrak» aurkitzea, hamaika dokumentu aztertu behar izan genuen… seinale ona da hori.

«ETENGABE ARI GARA KOMUNIKATZEN, IDATZIZ EDO AHOZ, ETA HORREN OINARRIAN BEHAR DITUGUN BI ZUTABEAK UZTARTU NAHI IZAN GENITUEN: EUSKARA ETA GENERO-ANIZTASUNA»

G.L.: Hizkuntza-kontuekin aritu ginen, baina genero ikuspegi inklusibotik. Hori guztia prestatzen aritu ginen bitartean, konturatu ginen, esaterako, Osakidetzaren inkestetan hasiak zirela pausoak ematen. Orain, genero-berdintasunerako eta antolatzen ari diren beste talde batzuek kontuan izango dute landu dugun guztia, materiala eskatu baitigute. Oro har, gaztelaniazko erabilerak oso markatuta daude, leku askotan, baina batzuetan gaztelaniazko adibide horiek euskarara itzuli ohi dituzte, eta horrek ez digu balio.

Garrantzitsua delako euskaraz sortzea?
I.G.: Hala da, bai. Kontua da euskaraz sortzean ere handia izaten dela auzo-erderen eragina eta batzuetan euskarak behar ez dituen estrategiak kopiatzen ditugula. Hori are nabarmenagoa da itzulpenetan. Hizkuntzen egitura ezberdina da, generoarekin lotutako kontuetan ere ezin duzu hitzez hitz hartu gaztelaniazko dokumentu bat eta itzuli.

Izan ere, helburuetako bat da euskaraz hizkera hori modu naturalean erabili ahal izatea, ezta?
G.L.: Bigarren atal horretan hori egiten saiatu ginen, zerbait itzultzean konturatzeko garrantzitsua dela kontu horiei erreparatzea. Generoarekin lanean ari direnek eta horrekin lotutako testuak-eta sortu dituztenean, kontuan izan dute euskarazkoak ezin direla izan gaztelaniazkoaren itzulpen literalak, horrek ez duelako balio, eta tailerra ongi etorri da horretarako.

https://donostialdea.osakidetza.eus/es/referencia-documental/Documentos%20compartidos/Profesionales/Euskera/HIZKUNTZA%20JARRAIBIDEAK/mar-8_protok.pdf

I.G.: Pertsona hitza da horren adibide garbi bat. Gaztelaniazko testu askotan erabiltzen dute persona hitza, halabeharrez, hizkuntzak berak baldintzatuta. Guk euskaraz ez dugu horrelakorik behar, baina euskarazko testuetan ere asko agertzen ari den hitz bat da: «erabiltzen duen pertsona», «erabiltzaile» jarri beharrean. Helburua da testu bat euskaraz sortzen edo itzultzen ari garenean, generoaren zuzentzaile automatiko moduko bat aktibatuta izatea, hanka sartzeko arriskuaz jabetzea.

Euskaraz ere, bada zer zaindu! izeneko txostena gainerako teknikariei ere helarazi diezue. Zer helbururekin?
I.G.: Zerbitzu korporatibora bidali genuen, zabaltzeko asmoz. Gure erakundeetako intranetean eta buletinetan jarri dugu, langileei e-mailez bidali… Gero, erakunde bakoitzak ikusiko du non txertatu eta nola erabili.

G.L.: Euskara Zerbitzu korporatiboan estilo liburua ari dira lantzen, eta hor ere generoak badu bere atala. Bestalde, Euskara Planak transbertsalitatea bilatzen du hainbat arlorekin: prestakuntza, komunikazioa, kalitatea… Uste dugu, hemendik aurrera, berdintasuna ere gehituko zaiela aurrekoei.

Komunikazioa egunerokoan etengabe erabiltzen baita.
I.G.: Hori zen saio horretan komentatzen genuena. Esparru guztietan, lan-talde guztietan, ezinbestekoa eta etengabekoa da komunikazioa. Etengabe ari gara komunikatzen, idatziz edo ahoz, eta horren oinarrian behar ditugun bi zutabeak uztartu nahi izan genituen: euskara eta genero aniztasuna. Horrela aritu eta aritzea nahi eta behar dugu.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other