agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Oso baliagarri sentitu izan naiz, ikusi dudalako benetan behar duen jendeari laguntzen aritu naizela»

Josean Romeo • Arabako ESIko Kirurgia Orokorreko eta Digestio-aparatuko medikua

Medikuntza ikasketak amaitu baino lehen hasi zen Josean Romeo gobernuz kanpoko erakundeetan laguntzen; hasieran, informazio-kanpainetan parte hartuz, eta gerora atzerrira laguntzera joanez. Hamarkada pare bat pasatu da ordutik, baina oraindik ere jarraitzen du lankidetza-programetan murgilduta.

Zelan hasi zinen atzerrira joaten laguntzera?
Istorio luzea da. Lehenago laguntzen aritu arren, kirurgia-espezialitatea amaitu eta gero hasi nintzen atzerrira joaten, 1998an, Gasteizko Manuel Iradier Elkarte Afrikanistarekin. Hiru urtez hiru ebakuntza-kanpaina egin nituen Ekuatore Ginean. 2006tik aurrera, hamabost urte daramatzat Donostiako DOA izeneko GKEarekin. Horiekin hamabi bider joan naiz Boliviara ebakuntza-kanpainak egitera. Beste alde batetik, Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak START taldea sortu zuen 2017an, asistentzia teknikoa emateko. Hogei oheko kanpaina-ospitale bat eta ebakuntza-gela bat antolatzeko gaitasuna du, X-izpiak, laborategia, urgentziak…

START taldea sortu zuen 2017an, asistentzia teknikoa emateko. Hogei oheko kanpaina-ospitale bat eta ebakuntza-gela bat antolatzeko gaitasuna du, X-izpiak, laborategia, urgentziak… START talde hau 2019an irten zen lehenengoz, Mozambikera. Idai zikloia egon zen martxoan, eta kanpaina-ospitale bat eraiki genuen hilabetez. 70 pertsonako taldeak egin genituen txanda bakoitzerako: bi zirujau, bi ginekologo, urgentziako medikuak, erizainak… Bertako osasungintzaren zati bat hartu genuen gure gain, zikloiak azpiegitura asko suntsitu zituelako eta jende asko etxe barik geratu zelako. Dondo izeneko herri batean jarri ginen, Beira hiriaren ondoan, kalte gehien jaso zituen eskualdea baitzen.

START taldea irten zen hurrengo aldia 2021eko martxoan izan zen, Ekuatore Gineara joan ginenekoa. Batara joan ginen, kuartel militar batek eztanda egin zuelako eta kilometro bateko itzulinguruan zegoena suntsituta geratu zelako. Iturri ofizialen arabera, 100 pertsona inguru hil ziren, baina nik uste dut gehiago izango zirela, gorpu batzuk ez zeudelako zenbatuta, eta paziente batzuk geroago hil zirelako. 600 lagun zauritu ziren, eta bertako osasun-sistemak ezin izan zion horri aurre egin, ez bakarrik giza baliabideengatik, baita medizina eta azpiegiturengatik ere. Oraingoan ez genuen kanpaina-ospitalerik prestatu behar izan, azpiegiturak ez zeudelako kaltetuta, eta orduan talde txiki bat joan ginen. Hamalau lagun joan ginen hango mediku-taldeetan integratzeko helburuarekin.

Zerk bultzatu zintuen atzerrian laguntzera?
Nik uste dut betidanik izan dudala interes hori. Osasungintzan gabiltzan gehienok badaukagu grina laguntzeko, eta kirurgiako espezialitatea izateak lagundu dit niretik oso desberdinak diren errealitateak ezagutzen. Oso baliagarri sentitu izan naiz, ikusi dudalako benetan behar duen jendeari laguntzen aritu naizela. Itzultzean, konturatzen zara gauza asko oso erlatiboak direla, eta tontakeriei askotan garrantzi handiagoa ematen diegula benetan garrantzitsuak diren gauzei baino. Asko eman dit.

Neke emozionala eragiten du?
Bai, bitxia da. Neke emozionala egoten da, batzuetan inpotentzia asko sentitzen duzulako ezin duzunean gehiago egin. Egoera batzuetan pentsatzen duzu: «Joe, Espainian ez legoke arazorik hau konpontzeko, baina hemen ezin dugu». Frustrazioa eragiten du, eta nekatu egiten zara.

«NEKE EMOZIONALA EGOTEN DA, BATZUETAN INPOTENTZIA ASKO SENTITZEN DUZULAKO EZIN DUZUNEAN GEHIAGO EGIN»

Ginean gogorra egin zaigu hanka edo esku bako umeak ikustea, familia galdu duten pertsonekin egotea… Askok ondorio psikologikoak izan dituzte, eta zuri ere eragiten dizu. Hala ere, lankideen laguntzarekin errazago eramaten da. Harreman estuak egiten dituzu ondokoekin.

GKE-ei egiten zaien kritika nagusia da asistentzialismoan erortzen direla, eta ez doazela arazoaren errora.
Bai. Izan daiteke, eta kritika hori egin behar da. Hainbat kontu daude. Alde batetik, Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziaren emergentzia programa dago, eta, beste alde batetik, GKE-en lana.

Nazioarteko Lankidetzarako emergentzia programak ez dauka printzipioz ezer lortzeko asmorik. Mundu mailan dago antolatuta, emergentziako laguntza humanitarioa koordinatzeko. GKE-en lana bestelakoa da. Niri zirujau bezala ebakuntzak egitea gustatzen zait gehienbat; gainera, nire lanaren eragina segituan ikus dezaket, eta horrek bete egiten nau, badakidalako onerako aldaketa bat eragin dudala pazienteengan. Denborak aurrera egin ahala, konturatu naiz gurea ezin dela bakarrik lan asistentziala izan, eta orain gero eta gehiago ari gara formazio-programak egiten. Donostiako DOA GKEaren bitartez, Boliviako mediku egoiliarrekin ari gara lanean. Gurekin etortzen dira ebakuntza-kanpainetan, eta haiek egiten dituzte ebakuntza gehienak. Horrela, kalitatezko kirurgia-zerbitzu bat utz dezakegu bertan, gure GKEa joango ez den egunerako. Argi dago indartu egin behar dugula formakuntza, baina asistentzia-lana ez daiteke ahaztu, beharrezkoa baita askotan.

Zirujauen laguntza beste espezialitate batzuena baino gehiago behar izaten da?
Gauza bitxia da, lankidetza-programa gehienetan oro har osasun publikoa lehenetsi izan da eta. Prebentzioa garrantzitsuagoa da laguntza baino. Espezialisten programak, zirujauenak esaterako, beti geratu izan dira bigarren plano batean. Lehen mailan beti egon dira malariaren inguruko profilaxia, desnutrizioa edo uren egoera, eta normala da, halaxe salbatzen direlako biziak, baina kirurgia eta trauma beti geratu izan dira atzean. «Hori bigarren mailakoa da, lehenik bata konponduko dugu, eta gero ikusiko dugu bestea». Hala ere, azkenaldian konturatu naiz kirurgiak gero eta garrantzi handiagoa duela. Urtero jende asko hiltzen da ez duelako ebakuntza baterako aukerarik, eta beste askok sekuela txarrak izaten dituzte. Munduko Osasun Erakundea ere hasi da garrantzi handiagoa ematen programa kirurgikoei, eta gero eta pisu handiagoa ari dira hartzen. Dena dela, kirurgiaren barruan adar asko daude, eta programa batzuk bereziki bideratzen dira, adibidez begiak bakarrik operatzeko edo erbi-ezpainak konpontzeko.

Asko betetzen zaitu lanak?
Bai, bai, jakina. Bestela ez nuke egingo. Osakidetzak asko erraztu digu Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziarekin lan egitea. Egia da gobernuz kanpoko erakundeen kasuan zailtasun handiagoak egoten direla, eta baimenak lortzeko bidea ez dela bera izaten kasu guztietan. Erizain edo mediku batek lankidetza-programa batean parte hartu nahi badu, ez da argi egoten zein baimen lortu behar duen, ezta eskubiderik duen ere. Batasun antzeko bat lortu behar da Osakidetza guztirako.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other