agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Pandemia batean gaude, baina tabakismoa epidemia bat da»

Mari Luz Peña • Osasuna Sustatzeko Programa Korporatiboaren arduraduna

Tabakoa da saihestu daitekeen lehenengo heriotza-kausa, munduko zortzi heriotza-kausa nagusietatik seiren arrisku-faktorea. Osasun publikoko arazorik handienetako bat da.

Osakidetzak tabakismoari aurre egiteko eta tabakoaren adikzioa tratatzeko programa bat sortu zuen 2010. urtearen amaieran, «Tabako-kerik gabeko Euskadi» izenekoa. Mari Luz Peña Osakidetzako Osasuna Sustatzeko Programa Korporatiboaren arduradunak azaldu duen bezala.

Zein dira programaren helburuak?
Helburu nagusiak honako hauek dira: tabakoaren kontsumoaren prebalentzia murriztea, herritarrak tabakoaren ketik babestea, osasunean eragiten dituen arriskuen berri emanez, eta erretzaileari laguntzea. Horri heltzeko, herritarrentzako sarbide errazeko zerbitzuak sortu ziren, eta osasun-profesionalei prestakuntza eman zitzaien. Batez ere, lehen mailako arretan planteatzen dugu, ahalik eta zentro gehienetan egiten saiatuz.

Nahiz eta Euskadin tabako-kontsumoaren prebalentzia-datuak nabarmen jaitsi diren azken 20 urteetan, erne ibili behar dugu, eta lehen aipatutako alderdiak lantzen jarraitu behar dugu.

Bestalde, tabakismoari heltzeko modua aldatu dugu, adikziotzat jotzen baitugu gaur egun, osasun-arazo kronikotzat.

Zein da gaur egungo osasun-eskaintza?
Prebentzioa eta sentsibilizazioa eskaintzen ditugu. Osakidetzan tabakismoa tratatzeko banakako eta taldeko programak ditugu, 24 orduko doako laguntza-telefonoa (944 007 573), eta, azken urtean, tabakoaren gaineko esku-hartzea indartu dugu, erretzeari utzi nahi dioten guztiei tratamendu-eskaintza berriak eginez eta COVID-19a dela-eta uneotara egokituz.

Gure baliabide guztiak webgunean daude, Osasun Eskolan:
https://www.osakidetza.euskadi.eus/zaindu-osasuna/-/tabakismoa-prebenitzea/

Sentsibilizazio-eskaintza oso bat duzue, baina nola jartzen duzue praktikan?
Tabakoak osasun publikoko arazorik larrienetako bat sortzen du. Sentsibilizazioari dagokionez, urtero, maiatzaren azken astean, ekitaldiak antolatzen ditugu herritarrentzat Tabakorik Gabeko Munduko Egunaren inguruan, tabakoak sortzen dituen arazoak ikusarazteko. Gure kontsultetan ere tabakismo pasiboa lantzen dugu, batez ere pertsona zaurgarriengan. Kontsultetan informazioa emanda eta webgunean zabalpena eginda jartzen dugu praktikan.

«TABAKISMOARI HELTZEKO MODUA ALDATU DUGU, ADIKZIOTZAT JOTZEN BAITUGU GAUR EGUN, OSASUN-ARAZO KRONIKOTZAT»

Pandemian, nola egokitu zarete aurrez aurreko talde-tratamendura?
Aurrez aurrekoak ez diren bi esku-hartze sortu ditugu: batetik, «Tabakorik gabe bizi» aplikazioa, jarraipen profesionala eta mezu motibatzaileen bidalketa konbinatzen dituena; bestetik, taldeko online esku-hartzea. Azken hau, Bilbo-Basurtuko ESIko mediku batek bidali zuen Parte Hartu ekimenera eta irabazleetako bat izan zen. Osasun-zentroetan egiten den taldeko esku-hartzea plataforma digitaleko modalitate batera eramatean datza, terapeutek pazienteekin denbora errealean online bidez interakzioa izateko aukera izan dezaten.

Nola egiten dituzue esku-hartzeak?
Lehen mailako arretara etortzen den pazienteari aholku bat ematen zaio; historian erregistratzen da, eta esku hartzeko beharra badu, eskaini egiten zaio. Aurrez aurreko taldeko esku-hartzeak oraingoz ezin ditugu martxan jarri, baina osasun-zentroetan banakakoak egiten hasi dira gai horretan trebatuta dauden profesionalak, bai telefonoz eta bai aplikazioaren bitartez. Azkenik, online plataformaren bidez, iazko uztailetik martxan daude taldeko esku-hartzeak.

Zenbat pertsonak parte hartu dute online egin dituzuen talde horietan?
Iazko ekainetik, 10 online tailer antolatu dira, 15 edo 20 laguneko taldeak sortu ditugu, eta 200 pazientek eman dute izena. Onarpen handia eta balorazio oso ona izan dute erretzeari utzi nahi diotenen eta profesionalen artean. Une honetan, dagoeneko, irailera arteko tailerren programazioa dugu.

Jarduera honetara etortzen diren pazienteen profila heldua da batez ere, eta ez dute zailtasunik teknologia erabiltzeko.

18 eta 30 urte bitarteko pertsonak dira atzematen zailenak, kasu askotan gure kontsultetara joaten ez direlako eta tabakismoak sortzen dituen arazoak oso urrun ikusten dituztelako. Gaur egun sare sozialak erabiltzen ari gara erakartzeko, baina gazteengana hurbilduko gaituzten eskaintza berriak ikertzen jarraitu behar dugu; ez da gai erraza.

Tabakoa eta horrekin lotutako produktuak kontsumitzen hasteko adina atzeratzeko, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak programa bat du, Kerik Gabeko Gazteak izenekoa.

Zerk bultzatzen ditu gazteak erretzaile izatera?
ESTUDES 2020 inkestaren arabera, hasteko adina 14,1 urte ingurukoa da, eta eguneroko kontsumoaren batez bestekoa 14,7 urte ingurukoa. Batzuetan, kontsumitzen hasteko arrazoia talde-presioa da, gauza berriak probatzeko gogoa, kalamuarekin lotutako kontsumoa eta abar; baina, beharbada, arrazoi nagusia tabako-industriaren eragina da. Lobbye bat da, beti bere produktuentzako merkatu-hobi bat lortzen saiatzen dena eta gazteak etorkizuneko kontsumitzaile gisa hartzen dituena, gazteenak nikotinari lotzeko gailu erakargarri berriak sortuz.

Nazioarteko sarean ere bazaudete, beste erakunde batzuekin batera.
Osakidetza 2014an sartu zen, bere borondatez, Network for Tobacco free Health Care Services (GNTH) nazioarteko sarean. Helburua da tabakoaren kontsumoari aurre egiteko estrategia komun bat sortzea. Gaur egun, bederatzi zerbitzu-erakunde daude sarean sartuta: Arabako, Barakaldo-Sestaoko, Barrualde-Galdakaoko, Debabarreneko, Donostialdeko, Goierri-Urola Garaiko, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako eta Tolosaldeko ESIak eta Arabako Osasun Mentaleko Sarea. Modu integralean lan egiten dute tabakismoaren inguruan, akreditazio-sistema zorrotz batekin. Estatuan ere koordinatuta gaude, batez ere tabakismoari heltzeko estrategiei eta horiekin lotutako kalteei buruzko informazioa helarazten dugu. Uneoro informazioa trukatzen ari gara, hobetzeko asmoz.

Nola antolatzen zarete Osakidetzan?
Sarean lan egiten dugu. Erakundeetako erreferenteekin koordinatuta aritzen naiz, eta horiek euren erakundeko beste batzuekin. Urtero bilerak egiten ditugu helburuak, esku-hartzeak eta beste kontu batzuk planteatzeko, eta tabakismoaren gaiari bultzada eman nahi diogu. Azpimarratu nahi dut aurrera egiten dela Osakidetzako profesional guztiek tabakoa beste osasun-arazo bat bezala jorratzen dutelako eta erretzailea gure zentroetan tratatzen den beste patologia kroniko bat bezala tratatzen dutelako.

Aipamen berezia egin behar zaie erakundeetako erreferenteei, haiek gabe hori guztia aurrera eramango ez genukeelako.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other