agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Zelula amak, lanean jartzen

Digestio eta Kirurgia Orokorreko Zerbitzuek terapia berri bati ekin diote Crohn gaitzaren pazienteak zelula amekin tratatzeko perineoko fistulak dauzkatenen kasuan, ohiko tratamenduek arrakastarik izan ez badute.

2003an entzun zuen lehenengoz Jose Luis Cabriadak perineoko fistulak zelula amekin sendatzeko proposamenari buruz. Ia hogei urte pasatu dira ordutik, eta duela hilabete egin zioten tratamendua Galdakao-Usansoloko Ospitaleko lehen pazienteari. «Hasieran, pazientearen beraren ehun adiposoa erabiltzen zen zelula amak ateratzeko, baina teknika horrek ez zuen emaitza onik lortu», adierazi du Cabriadak, ospitaleko Digestio Aparatuaren Zerbitzuko buruak. «Orain, era homogeneoan ekoitzi daitezke, eta hobetu egin dira prestaketarako eta kontserbaziorako teknikak, eta posible da».

Ehun adiposotik lortzen dira zelula amak, eta perineoan fistulak dauzkaten Crohnen gaixoei sartuta, efektu immunomodulatzailea eta antiinflamatorioa daukatela azaldu du. Hesteetako gaixotasuna ondo kontrolatuta duten baina fistulak oraindik aktibo dauzkaten horientzat dago diseinatuta tratamendu berri hau.

Izan ere, perineoko fistulek hainbat eragozpen eragin diezazkiekete gaixoei, eta bizi-kalitatea asko baldintzatzen die. «Bizitza normala egin dezakete orokorrean, baina gaixotasunaren sintomek –mina, infekzioak, inkontinentzia– eragin nabarmena dute bizi-kalitatean», gaineratu du Iago Rodriguez Digestio-aparatuko mediku ondokoak. Rodriguezentzat berri ona da terapia alternatibo hau eskuragarri egotea, «ez delako ebakuntza inbaditzailea», bestela «ipurtestea anputatzea» izaten delako alternatiba. Cabriadak gaineratu du «jende gazteak» izaten duela Crohnen gaitza, edo behintzat gazteak direla agertzen zaienean. Perineoko fistulek arazo ugari ekartzen dituztela nabarmendu du: «Mina jesartzeko orduan, mina abzesuak eta zornea daudenean… Inkontinentzia badute komun batetik hurbil egon behar izaten dira beti, eta bizitza soziala, laborala eta sexuala baldintzatzen die».

2020an hastekoak ziren tratamenduekin Osakidetzan, baina pandemiak hankaz gora utzi zuen osasungintza. Iazko urtarril-otsailetan abian jarritako prozesua guztiz eten zen koronabirusa zabaldu zenean. Cabriadak adierazi du ebakuntza-geletan lehentasuna eman behar izan zitzaiela beste tratamendu batzuei, eta pazienteak eurak ere ez zirela prest egon parte hartzeko. «Kontuan izan genuen lehen hautagaiak esan zigun ez zuela egin nahi momentu horretan, egoerak ematen zion beldurragatik».

Joan den hilean egin zuten lehena, eta oraingoz ondo joan zaio pazienteari, baina Cabriadak azpimarratu du arinegi dela balorazioak egiteko: «Protokoloaren arabera, ebakuntzatik sei hilera baloratzen da eraginkortasuna. Orduantxe esan dezakegu balio izan duen ala ez». Vicente Portugal Kirurgia – Kolopraktologia Ataleko buruak azaldu duenez, pazientea zelula-amak sartzen zaizkion egun berean doa etxera, baina fistula horiek itxi direla hilabeteetara ikusten den gauza bat da. «Ez da atoan ikusten».

«PROTOKOLOAREN ARABERA, EBAKUNTZATIK SEI HILERA BALORATZEN DA ERAGINKORTASUNA. ORDUANTXE ESAN DEZAKEGU BALIO IZAN DUEN ALA EZ»

Portugalek adierazi du ez dela ebakuntza kirurgiko konplexua: «Konplexua aurreko prozesua da». Zelula amen sorkuntzarako eta tratamendurako hautatuak izateko pazienteek jarraitu behar dituzten pauso guztiak, alegia. Perineoko fistulak dituzten pazienteek lehendik ezagutzen duten ebakuntza mota bat dela adierazi du Cabriadak, pazienteen fistulak «beti tratatu izan direlako hariekin eta gorputz-eremua garbituta». Euskal Autonomia Erkidegoan, Donostiako Unibertsitate Ospitalean eta Galdakao-Usansolokoan egiten ari dira tratamendu hau.

Talde lanaren fruitua
Cabriadak nabarmendu du zerbitzu askoren koordinazioa eta lankidetza eskatzen duela prozesuak; farmazia, erradiologia, kirurgia eta digestio-aparatuaren zerbitzuena, besteak beste. Zelula amak «baldintza eta tenperatura jakin batzuetan» jasotzen ditu Farmaziako Zerbitzuak, haien bideragarritasuna ez baita infinitua. Horregatik, «ondo programatuta» egon behar du datak, asko jota 48 ordu lehenago egon daitezen ospitalean. «Azken finean, bizirik dauden zelulak dira, eta zaindu behar da ez daitezen hondatu», esan du Cabriadak. «Dena dago ebakuntzaren inguruan prestatuta. Aste batzuk lehenago, zirujauek gorputz-eremua prestatzen diete pazienteei; beste erresonantzia bat egin behar zaie, errektoskopia bat, hanturarik dagoen ikusteko».

Terapia ez da perineoko fistulak dauzkaten Crohnen gaixo guztientzat. Batzuek nahikoa dute ohiko tratamendu mediko edo kirurgikoekin, eta ez dute ezer gehiago behar. Are gehiago, kontu handiz aukeratzen dituzte hautagaiak, teknika oso garestia delako. «Ez da pastilla bat galtzea bezalakoa, ezin da alferrik egin», laburbildu du Cabriadak. «Pazienteek aurrez zehaztutako baldintza guztiak betetzen dituztenean bakarrik programatzen dugu ebakuntza», gehitu du Portugalek, eta biek nabarmendu dute teknika garestia dela, bizirik dagoen materialarekin egiten delako lan, eta kostuak altuak izaten direlako.

Abiadura hartzen
Tratamendua jaso duen lehen pazienteaz gain, beste bi dauzkate «girotze fasean» Galdakao-Usansoloko Ospitalean, eta ondoren bultzada ematea espero dute. Gainerako ospitaleetan ere eskaintzeko agindua eman dute, eta jada hautagaiak dauzkate Basurtun eta Gurutzetan.

«Seguruenik bazeuden lehendik ere eskatzen ari ziren pazienteak, eta horiek agian denak batera etorriko zaizkigu, baina gero agertu ahala artatu ahalko ditugu», adierazi du Portugalek.

Gutxi gorabehera pazienteen bi herenetan funtzionatzen du tratamenduak, eta bizi-kalitatea izugarri hobetu dezake. «Nabarmendu behar dugu ez dela probatzen ari garen zeozer», bukatu du Vicente Portugalek. «Badakigu funtzionatzen duela, eta geratzeko etorri da».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other