agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Prestakuntzan aurrerapauso handia da hainbeste jenderengana hain erraz heltzea»

Izaskun Atutxa • Prestakuntzako teknikaria

Barrualde-Galdakaoko ESIan, 2016ko maiatzean, Tik-Tak prestakuntza-bideoak egiteari ekin zioten Prestakuntza Zerbitzukoek. «TikTok sare-soziala atera baino lehen ere», esan du barrezka Izaskun Atutxa teknikariak. Begoña Atutxarekin, Nekane Segurolarekin eta Nerea Ingunzarekin batera osatzen du Prestakuntza Zerbitzua Izaskunek, eta langileen artean erreferentzia bihurtu direla uste du. Pandemian baliagarri egin zaizkie bideook langileei, eta arduradunak nabarmendu nahi izan du edozein langilek proposa dezakeela Tik-Tak bat.

Zer da Tik-Tak prestakuntza?
Presentziala ez den prestakuntza da, iraupen laburreko bideoekin egindakoa. 2016ko maiatzean argitaratu genuen gure intranetean lehen Tik-Taka. Urte horretan jarri zen martxan sistema berri hori Barrualde-Galdakaoko ESIan. Langileek eskaera bat egiten dute, eta gidoia ere eurek egiten dute. Guk grabazioarekin laguntzen diegu. Gehienez bost minutu irauten duten bideo laburrak dira, gai zehatz batzuei erantzun arin bat emateko modu erraz, eroso, arin eta erakargarri batean. Hizkuntza bietan egiten ditugu. Tik-Takak grabatuta daudenez, errazago ahalbidetzen digu hizkuntza bietan egitea. Prestakuntza-saioetan ere euskararen presentzia gero eta handiagoa dela bermatzen ari gara. Egiten ditugun bideokonferentzietan adibidez, saiatzen gara hizlariak euskaldunak baldin badira, lehenik saioa euskaraz egin dezaten, eta ostean, gaztelaniaz. Saiatzen gara, eta 2019tik aurrera, lortzen ari gara.

Zer-nolako gaiak izaten dira?
Bi motatako bideoak izaten dira. Batzuei tutorial esaten diegu, eta aurkezpen antzera egiten dira. Horiek oro har aplikazio informatikoei buruzkoak izaten dira. Besteei edizio bideoak esaten diegu. Konplexutasun handiagoa duten jarduerak azaltzeko balio dute; teknika bat, esaterako. Gure lehen Tik-Taka molndal-teknika erakusteko egin genuen, ebakuntzek sortzen duten zauriak sendatzeko. Bideo horiek grabatzeko, argazkilari bat daukagu, Rafa Ruiz Lorenzo. Guk forma ematen laguntzen dugu, baina berak egiten du grabazioa.

Zergatik hasi zineten Tik-Takak egiten? Hutsune bat ikusi zenuten?
Bai. Ikusi zen arazo jakin batzuei erantzun arin bat emateko gai izan behar genuela, eta azken bi urteotan gora egin du ekoizpenak. Erantzuna oso ona izan da. Iazko eta aurtengo egoeraren harira, Tik-Tak bat prestatu genuen txertoa erregistratzen ikasteko, eta beste bat jartzen erakusteko. Pentsatu eta lau egunera, argitaratuta zegoen. Sekulako abantaila da; bestela, imajinatu banaka erakutsi beharko bagenu. Horixe da orain arte gehien ikusi den Tik-Taka, PCR-eskaera erregistratzen irakasteko egin genuena.

«LANGILEEK IKUSTEN DUTENEAN HUTSEGITEREN BAT ERREPIKATZEN DELA, EUREK ESATEN DIGUTE TIK-TAK BATEAN AZALDU BEHARKO GENUKEELA»

Tik-tak guztiak Barrualde-Galdakaoko intranetean argitaratzen dira eta hemen daukazue horiek ikusteko esteka.

Jendeak eskertzen ditu?
Bai, bai. Orain pare bat daukagu egiteko. Bata peritoneoko dialisiaren aldaketa zelan egiten den erakusteko. Langileek ikusten dutenean hutsegiteren bat errepikatzen dela, eurek esaten digute Tik-Tak batean azaldu beharko genukeela. Jendea oso pozik egoten da, ikusten dutelako sistema bat dela jendearengana erraz heltzeko.

Zenbat egin dituzue orain arte?
30 inguru.

Igarri duzue bilakaera bat hasieratik hona?
Bi urte hauetan ikusi dugu pandemiaren ondorioz batu ezin ginenez, oso erantzun ona eman diogula egoerari. Bizkortu egin da prozesua Tik-Takak eskatzen direnetik egiten diren arte, beharrizana handitu egin delako. Uste dut egoerak bultzatu duela jendea gure bideoak gehiago ikustera: «Hau egin behar dut, eta begiratuko dut intranetean zelan egiten den». Erreferentzia bihurtu gara. Aurten sei bideo egin ditugu urtarrilean, otsailean, martxoan eta apirilean, eta beste urte batzuetan sei egin ditugu urte osoan. Alde handia dago. Espainiako kongresu batean erakutsi genuen proiektua, eta jende askok galdetu zigun Tik-Takei buruz: «Eta hori zelan egiten duzue? Hain erraz grabatzen dituzue? Jendeak nola ikusten ditu?». Arrakasta handia izan zuen. Gure intranetean argitaratzen ditugun bakoitzean, abisatu egiten diogu jendeari ikus ditzan, eta gogorarazten diogu Tik-Tak bat egin nahi izanez gero guri abisatzeko.

Batez ere erizainek erabiltzen dituzte?
Ez haiek bakarrik, denek erabiltzen dituzte. Erizainek edizio-bideoak direnean erabiltzen dituzte asko, teknika berriak zelan egiten diren ikusteko edo patologia batzuetan ariketa lagungarriak nola egin ikasteko.

Langileak etengabeko formazioan bizi dira?
Bai, beti dabiltza euren buruak formatzen. Ikastaro batzuk presentzialak dira eta beste batzuk bideokonferentzia bidez izaten dira. Garrantzitsua da nabarmentzea Tik-Taken kasuan langileek berek egiten dituztela. Langileek egiten dute eskaera, eta eurek egiten dute gidoia, daukaten jakintza hori gainerakoekin partekatzeko helburuarekin. Beharrizan bat dagoenean egiten dira, eta aurrerapauso handia da hainbeste jenderengana hain erraz heltzea.

«LANGILEEK EGITEN DUTE ESKAERA, ETA EUREK EGITEN DUTE GIDOIA, DAUKATEN JAKINTZA HORI GAINERAKOEKIN PARTEKATZEKO HELBURUAREKIN»

Gure Erakundea oso sakabanatuta dago, kontuan izan 17 Lehen Mailako Unitate dauzkagula eta formakuntza emateko hamazazpi unitatetara joan behar ginela. Horregatik, 2016a baino urte pare bat lehenago hasi ginen bideokonferentzia bidezko saioak egiten, grabatzen eta gure intranetean argitaratzen.

Tik-Taken bidez, azalpen bakarra egitearekin nahikoa da. Egia da ez dela aurrez aurreko ikastaro baten kalitate berekoa; horregatik egiten ditugu oraindik ikastaro asko aurrez aurre, beharrezkoak direlako. Bateragarriak dira, eta Tik-Takak oso didaktikoak dira, arinak eta egiteko errazak.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other