agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Gai etikoak eta erizainen ikerketen emaitzak hizpide Erizaintza Jardunaldietan

Erizaintzaren Egunean egin zituzten Erizaintzako 32. Jardunaldi Zientifikoak, maiatzaren 12an, Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskolan. Bertan egon ziren Encarnación Betolaza zuzendaria eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Jardunaldien helburua «guztiontzako berdintasunezko osasuna» lantzea izan zen, eta erizainen ikerketei garrantzi berezia eman zieten.

Besteak beste, hizlari berezi bat gonbidatu zuten: Jesus Prieto Mendaza, Erizaintza Eskolako Kultura eta Osasuna ikasgaiko irakaslea bera. Hitzaldia gai etikoetan oinarritu zuen. Hizlariaren ustez, «gure gizarteak gezur handi bat sortu du erizaintzaren inguruan, baina, hori beharrean zor handi bat daukagu». Dena eraikia eta ikasia dugula eta desberdintasunak aurrean ditugula azaldu zuen: ezberdintasun soziala, genero ezberdintasuna, ezberdintasun sexuala eta arrazaren, etniaren eta kulturaren ezberdintasuna… Batzuek besteek baino baliabide ekonomiko eta aukera handiagoak dituztela salatu zuen Prietok, eta hori normaltzat jotzen dela.

Begirunean oinarritutako praktikak egokitzat joz, azaldu zuen eraikitze kulturalak etengabe aldatzen ari direla: «Aniztasunarekin esnatu gara, baina ez, jendartea beti izan da anitza». Indar politiko batzuen diskurtsoak kritikatu zituen, eta ezberdintasuna gero eta handiagoa dela adierazi zuen: «Etnozentrismoak eta demokrazia kapitalistak ez dute lagundu berdintasunean». Ondoren, Amaia Bacigalupe de la Hera EHUko irakaslearen Generoa eta Osasuna mahai-ingurua ireki zuten. Haren arabera, feminismoaren begiradapean ikusi beharra dago erizaintzaren lana: «Ezberdintasuna betikotuko dugu, segregazioan jarraitzen badugu». Datu asko eman zituen, eta horietako batek zioen emakumezkoek pilula gehiago hartzen dituztela eta artatuak izateko gehiago itxaron behar dutela.

«GURE GIZARTEAK GEZUR HANDI BAT SORTU DU ERIZAINTZAREN INGURUAN, BAINA, HORI BEHARREAN ZOR HANDI BAT DAUKAGU»

Yolanda Gonzalez-Rabago EHUko irakasleak bakardadearen inguruan jarraitu zuen, eta horrek osasunean dakarren kaltean. Euren ikerketan, bikotekiderik ez dutenak, alargunak eta nerabeak dira bakarrik dauden kolektiboak: «Bakardadeak, buruko gaitzak ez ezik, osasuneko arazoak ekar ditzake oro har, baita heriotza aurreratzea eta hipertentsio handiagoa ere». Bakardadearen faktoreak analizatuz, «bakarrik bizitzea» eta «sare sozialen gabezia» dira arrazoi nagusiak. Gero, Mbaye Gil Sanchez erizaina eta Veronica Tiscar-Gonzalez Bioaraba OISko erizaintzako ikerketako arduraduna mintzatu ziren. Lehenak migratzaileez hitz egin zuen, pandemia garaian osasun-arreta ezberdina pairatu dutelako; eta bigarrenak pandemia garaian agertu diren ezberdintasun sozialez, analisi politiko, etiko eta sozial bat egin zuen.

Arantza Basagoiti erizain-irakasleak desgaitasunen inguruan hitz egin zuen. Haren ondorio nagusia da desgaitasuna hain ugaria izanik, zaila dela ebidentzia enpirikorik ateratzea. «Normatiboak ez diren gorputzak ospitaleetan era miserablean» tratatzen dituztela salatu zuen: «osasun sistemak esku hartzen du era konbentzionalean, ulertze intelektualik gabe». Ondoren, Jagoba Zarandonak 2019an egindako tesia azaldu zuen, iktusa jasan dutenen ingurukoa. Haren arabera, arazoak daude artatzeko garaian ezjakintasunagatik: «Hutsune bat dago heziketan, eta ikasteko zailtasunak daude».

Azkenik, Yolanda Lopez de Audicana erizainak otsailean aurkeztutako tesia azaldu zuen, mina zenbatekoa den jakiteko pupilometria erabiltzearen inguruan. Haren hitzetan, «mina kezkagarritzat hartzen da, eta konstante bat izan da ZIUetan. Halaber, pazienteak anestesiaturik daude, eta ezin dute mina adierazi». Jardunaldunei itxiera emateko, Encarnación Betolaza zuzendariak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak hartu zuten hitza berriro, eta ateratako ondorio batzuk aipatu zituzten: ezberdintasuna aurrean dugunean arduratsu jokatu beharra dagoela eta estigmak apurtu; erizainak ikertzera eta euren buruei galderak egitera animatu zituzten.

«Balio unibertsalek aberastasuna ematen digute: beharrezkoak dira giza eskubideak, pertsonaren duintasuna, berdintasuna eta ekitatea»

JESUS PRIETO MENDAZA • Irakaslea

Erizaintzako Jardunaldi Zientifikoetan eman zuen hitzaldia Jesus Prieto Mendaza (Gasteiz, 1957) irakasleak. Gizarteak etnozentrikoak eta aldakorrak direla azaldu zuen: «Estereotipoak oso sakon barneratu ditugu, eta hautsi egin behar ditugu». Lan egiteko jarrera egokiena gogoetatuz eta elkarrekin hitz eginez jardun beharra dagoela azaldu zuen, betiere begirunearekin eta enpatiarekin.

Desberdinak garela jakinda, nolako jarrerak hartu behar dituzte Osakidetzako profesionalek?
Momentu honetan, Europako gizarte guztietan erreferentzia bat da oro har ezberdintasuna errespetatzea: genero aldetik, sexu aldetik, ideologia aldetik, erlijioaren aldetik, jatorri aldetik… Ezberdintasunaren errespetua aldarrikatu behar da, eta ez ditugu bilatu behar gizartearen diferentziak. Osasun profesionalek hainbat gatazkari aurre egin behar diete, eta gatazka zerbait positiboa balitz bezala ikusi behar dugu, ezberdintasunak gatazkak planteatzen dituelako.

Nola kudeatu behar dira gatazka horiek?
Nik beti defendatzen dut posiblea dela lortzea minimoen etika deitzen zaiona; alegia, denok hartzen gaituen etika bat. Minimoen etika kontzeptu irekia da, eta giza eskubideak eta duintasun orokorra planteatu behar ditugu. Horretarako, elkarrizketa oso ona da, justuki pertsona horiek gure patroi kulturaletara hurbiltzea lortzeko. Locus communis eta herritartasuna bilatu behar ditugu. Hori elkarrizketarekin lortzen da. Pandemiarekin jendea oso nekatua dago, eta horrek baldintzatu egiten du kudeaketa hori. Hor ere ikusten da baliabideak aldarrikatu behar ditugula.

Balio unibertsalei dagokienez, errespetua eta malgutasuna aipatu dituzu. Besteren bat baliagarria da kulurartekotasunerako?
Balio unibertsalek aberastasuna ematen digute: giza eskubideak pertsonaren duintasuna dira, eta berdintasuna eta ekitatea beharrezkoak dira. Berezitasunak errespetatzeko borondatea izan behar dugu. Gatazka kultural horietan, malgutasuna eta hurbiltasuna behar ditugu, baina marra gorri batzuk daude. Plano praktikoan ez da hain erraza hori guztia aurrera eramatea.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other