agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Gradu-amaierako lanak ezagutarazten

‘Osagaiz’ aldizkariak osasun-zientzietako gradu-amaierako lanen aurreneko jardunaldia antolatu du. Helburua izan da gradu-amaierako lanei ikusgarritasun handiagoa ematea. Zenbait gradutako eta fakultatetako 23 lan aurkeztu dituzte, eta lanen laburpenak aldizkariaren iraileko ale berezi batean argitaratuko dira.

Gradu-amaierako lan bat egiteak ahalegin handia eskatu ohi du, ikasleak ordu asko igaro behar baititu zeregin horretan lan txukun bat egiteko eta, noski, graduari amaiera emateko. Alabaina, oso jende gutxirengana ailegatzen da ondoren lan hori; izan ere, ikasleak epaimahaia osatzen duten hiru irakasleren aurrean aurkezten du, eta beste inork ez du aditzen defentsa hori. Egia da gradu-amaierako lan batzuk (ikasleak baimena ematen baldin badu) EHUren gordailu moduko batean gelditzen direla eta bilaketa bat eginda posible dela horiek eskuratzea.

Osagaiz aldizkariko kideak ohartu ziren lan asko «ilunpean» gelditzen direla, jendeak ez baititu aurkezpenak edo defentsak entzuten, eta pentsatu zuten pena dela ikasleak horrelako lan bat egiteko hartzen duen lan guztia hartu eta gero horren oihartzun txikia izatea. Gainera, konturatu ziren gero eta gradu-amaierako lan gehiago euskaraz aurkezten zirela. Hori guztia iraultzeko asmoz, erabaki zuten osasun-zientzietako gradu-amaierako lanen jardunaldi bat antolatzea; honela azaldu du Jose Ramon Furundarena aldizkariko zuzendariak: «Gaiari bueltak ematen hasi ginen, eta pentsatu genuen agian eman geniezaiekeela ikusgarritasun handiagoa gradu-amaierako lanei, eta ikasleak animatu besteen aurrean aurkezpen bat egitera». Aurkezpenak ekainaren 7an eta 8an egin dituzte, online, eta asmoa da Osagaiz aldizkariaren iraileko alean argitaratzea aurkeztutako lanen laburpenak.

«HARREMANAK SENDOTU ZIREN, ETA IKUSI GENUEN ELKARRI LAGUNDUZ ARGITARATU GENEZAKEELA HOLAKO ALDIZKARI BAT»

Furundarena, Osagaiz aldizkariko zuzendaria izateaz gain, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Hematologiako eta Hemoterapiako medikua ere bada. Azaldu duenez, hasieran pentsatu zuten Medikuntzako gradu-amaierako lanen jardunaldi bat egitea, Gipuzkoan, eta aurrez aurre. Baina pandemia iritsi zen, eta dena bertan behera utzi behar izan zuten. Momentuan, ez aurrera ez atzera geratu omen ziren, baina, beste hainbat kasutan eta lantokitan bezalaxe, haiek ere bilerak-eta telematikoki egiten hasi ziren, eta erabaki zuten jardunaldia ere modu horretan egitea. Gainera, online egiteak abantailak zituela ikusi zuten: «Bilera telematikoak asko zabaldu dira, eta aukera bat ikusi genuen jardunaldia beste modu batean planteatzeko. Modu telematikoak aukera ematen zigun jardunaldia osasun-arlo guztietara zabaltzeko, beste lurralde batzuetakoek ere parte hartzeko, lekualdatu gabe, etxetik, eta horrela, agian, jende gehiago animatuko zela uste genuen».

Horrela antolatu dute lehenengo jardunaldia, online eta osasun-arloko gradu guztietarako. Denera, 23 lan jaso dituzte, eta, Medikuntza graduko lan gehiago izatea espero zuten arren, antolatzaileak pozik daude jardunaldiak izan duen harrerarekin. Lan gehienak Erizaintzakoak izan direla azaldu du Furundarenak, baina izan direla Farmazia, Psikologia, Dietetika eta beste adar batzuetakoak ere. Hain zuzen, batetik bestera egon den aldea argitzea izango da antolatzaileen zereginetako bat datorren urtera begira: «Hurrengo jardunaldira begira, aztertzeko puntuetako bat izango da zergatik jaso ditugun Medikuntzako horren lan gutxi. Uste dugu ikasleak oso lanpetuta ibiltzen direla. Landuko dugu ea lor dezakegun parte-hartze handiagoa. Halere, konforme gaude aurten jaso dugun kopuruarekin», adierazi du Furundarenak.

‘Osagaiz’ aldizkaria
Osagaiz osasun-zientzien aldizkari bat da, artikulu zientifikoak argitaratzen dituena, eta ez da dibulgazioko aldizkari bat. Beste aldizkari batzuetan argitaratutako artikuluen kritikez gain, gradu-amaierako lanak ere agertu izan ditu. 2017. urtean jarri zuten martxan, OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak eta UEU Udako Euskal Unibertsitateak. Hasiera hura ekarri du gogora Furundarenak: «Harremanak sendotu ziren, eta ikusi genuen elkarri lagunduz argitaratu genezakeela holako aldizkari bat gaurko teknologiari esker, paperean inprimatu gabe». Izan ere, ale batzuk ospitaletako liburutegietara bidaltzen dituzten arren, PDF formatuan argitaratzen dute aldizkaria, eta webgunean daude eskuragarri: www.osagaiz.eus. Urtean bi ale argitaratzen dituzte, eta irailean jardunaldian aurkeztutako lanen laburpenak bilduko dituen argitalpen berezi bat egingo dute.

«HURRENGO JARDUNALDIRA BEGIRA, AZTERTZEKO PUNTUETAKO BAT IZANGO DA ZERGATIK JASO DITUGUN MEDIKUNTZAKO HORREN LAN GUTXI»

Hilabete honetan bilduko dira jardunaldiko antolatzaileak balorazio sakonago bat egiteko. Oraindik ez dakite nola antolatuko duten hurrengo urtekoa: aurrez aurreko jardunaldia lehenetsiko duten, edo, telematikoak dituen abantailak ikusita, online egitea erabakiko duten. Furundarenak nabarmendu du, agian, bakoitzak bere etxetik eginda jende gehiago animatuko dela parte hartzera, baina aurrez aurrekoak «berotasuna» duela eta elkar ikustea oso lagungarria dela: «Taldea osatzen duzu horrela. Ondo pentsatu beharko dugu».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other