agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Interpretazio-lanetan aurrera Zoom aplikazioaren bidez

Natalia Elvira (Urretxu, 1982) eta Ainhoa Mentxaka (Mungia, 1978) Euskara Zerbitzu Korporatiboko itzultzaile-interpreteak dira. Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian egiten dute lan, eta pandemiaren ondorioz, euren lan egiteko modua aldatu behar izan dute. Baina, tresnak eta informazioa bilatuz, aurrera egin dute itzultze- eta interpretazio-lanekin. Euren egitekoak dira Osakidetzako askotariko dokumentuak itzultzea eta bat-bateko interpretazioa egitea. Horrez gain, itzultzaile-taldearen kudeaketan dihardute. Interpretazioari dagokionez, Zoom aplikazioa baliatu dute pandemia-garaian, eta, euren harridurarako, abantailak ere topatu dituzte aplikazio horrekin lan egiteko orduan.

Sei kidek osatzen duten lantaldetik, bost interpreteak ere badira. Nataliak eta Ainhoak lanen eskaerak jaso, eta elkarrekin antolatzen dira. Askotariko testuak itzultzen dituzte, agiriak ez ezik aplikazioak, softwareak, plataformak eta abar ere. Horri erantsi behar zaio interpretazio-lana. Euren lanean euskara-gaztelania eta gaztelania-euskara darabilte, baina gauza batzuk ingelesez ere egiten dituzte. Gehienbat idazki arruntak itzultzen dituzten arren, gaur egun «testu aukera asko» dagoela azaldu du Ainhoak. Euskaraz sortzen direnak ere zuzentzen dituzte. Nataliaren arabera, «euskaraz sortu» beharko lirateke agiriak; dena den, modu honetan, behintzat, itzulpenak bi hizkuntzatan egoten dira.

Ainhoa 2014tik ari da Osakidetzarentzat lanean, eta Natalia 2015etik. Aurrerago ere beste itzultzaile batzuk aritu izan dira, baina, izatez, ez dago itzultzaileen kategoria bat Osakidetzan. Batez ere, mahai sektorialetan egiten dituzte bat-bateko interpretazio-lanak; alegia, Giza Baliabideen ordezkariak eta sindikatuak batzartuta dauden testuinguruan, jardunaldietan, Parte Hartu ekimenean, saio klinikoetan… Ainhoaren arabera, «Osakidetzak derrigor eman behar du aukera euskaraz zein gaztelaniaz hitz egiteko, eta euskaraz ulertzen ez duenarentzat gu gaude hor bat-bateko itzulpena egiten».

COVID-19aren ondorioak
Pandemiaren aurretik, fisikoki batzar-gelatik kanpo dagoen kabina batean egoten ziren, baina izurritearen ondorioz, gelditu egin zen lan hori. Hasieran, aurrez aurre lan egiteko aukerarik ez zegoenez, Zoom aplikazioaren bidez moldatu zuten euren egitekoa. Ainhoaren hitzetan, «interpretazioa non egin behar zen, guk gure zerbitzua eskaintzen genuen eta horretarako egokitu egiten ginen. Informazioa bilatzen hasi ginen distantzian lana nola egin jakiteko. Osakidetzatik eskaini ziguten Zoom aplikazioarekin egitea; batzar guztiak aplikazio horrekin egin behar zirenez, hasi ginen bilatzen Zoom bidez interpretazioa egiteko informazioa».

Prebentzio Zerbitzuarekin eta beste administrazio batzuekin ere kontaktuan jarri ziren distantziak nola kudeatu, osasun- eta babes-neurriak nola hartu eta abar jakiteko. Protokolo bat sortu zuten, nahiz eta hilabete askoan dena geldirik egon. Aurrez aurre ez egoteak arazoak ematen ditu, Nataliaren ustez: «Protokoloaren arabera, bi lagunek joan behar izaten dugu, txandaka egiten baitugu lan. Interpretatzeak asko nekatzen du, eta hogei minutuan behin aldatu egin beharra dugu».

«NORMALTASUNERA IRITSI BITARTEAN, ZOOM BIDEZ JARRAITUKO DUTE. DENA DEN, EZ DUTE BAZTERTZEN EKITALDI HANDIETAN BERTAN EGOTEA»

Uztailean ekin zieten berriz interpretazio-lanei, eta Galdakaora joan zen kideetatik bat. Horrela, hasi ziren pentsatzen aukera hobea zela Zoom bidez egitea lagun bakarra egotea baino. Uda ostean jarraitu zuten jardunarekin. Protokolo edo jarraibide sorta bat egin zuten, erabiltzaileek jakin zezaten nola sartu behar ziren Zoom batzarretan eta nola eskatu interpretazioaren kanala. Hizlariei ere ematen zitzaizkien jarraibideak: motelago hitz egin zezaten edota txandaka egingo zutela jakin zezaten.

Zoom-ek baditu bere abantailak: «Aukera ematen dizu bertara joan gabe lana egiteko, eta giza baliabide berekin eraginkorragoa da kasu askotan», adierazi du Nataliak. Materiala ere eurekin eramateak «kostu bat» dakarrela gehitu du Ainhoak, hori garraiatzeko enpresa kontratatu behar dutelako: «Gainera, euskaraz ez dakien jende gutxi dagoenean, horrenbeste ez xahutzeko baliagarria da». Hala ere, interpretatzeak duen presentzialtasun hori galdu egiten dute, eta testuinguruan kokatzea zailagoa da, Nataliaren arabera. Dena den, alde on gehiago ere aurkitu dizkiote aplikazioari: Zoom batzar batean mikrofono bakarra egon ohi denez piztuta, askoz errazago itzultzen dute hizlariaren diskurtsoa, eta, gainera, jendeak txandak errespetatzen ditu.

Aurrez aurre ez egitea beti ez da erraza, ordea: soinu-teknikaririk gabe huts teknikoren bat egonez gero, eurek kudeatu beharra dute egoera. Ainhoaren hitzetan, «urrunetik aritzeak berez lan-karga edo neke kognitibo handiagoa dakar. Aurrez aurre ari garenean komeni da berrogei minututik behin txandakatzea; Zoomekin, berriz, hamabost-hogei minututik behin aldatu beharra dago». Shock akustikoa jasateko arrisku handiagoa ere badago; hau da, kontrolatu ezin diren zaratak sartzea.

Online aritzea egunero nekagarria da, Nataliaren ustez: «Denok nahiago dugu jardunaldi batera joatean, eseri eta zuzenean entzun hizlariari, eta ez pantaila batetik». Hala ere, «alderdi onekin» harrituta geratu da aukera dagoelako Zoom bidez ondo egiteko. Bien arabera, normaltasuna iritsi bitartean, Zoom bidez jarraituko dute zerbitzua ematen; joan-etorriak aurreztuko dituzte horrela. Dena den, apurka-apurka aurrez aurrekora bueltatzeko joera nagusitzen ari denez, ez dute baztertzen ekitaldi handietan bertan egotea.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other