agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Osasun-langileek trebakuntza feminista behar dute»

Maddalen Aduriz • Emagin elkarteko zerbitzugintzako arduraduna

Emagin elkarteak ikastaro bat emango du, helburu duena osasuneko langileak sentsibilizatzea eta trebatzea emakumeen aurkako indarkerian: Indarkeria matxisten kasuen arretan eta esku-hartzean begirada feminista. Osasun-arloko profesionalentzat eta ikasleentzat da, eta estrategiak, jakintza, orientabideak eta baliabideak emango ditu ikuspegi feministatik. UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako jardunaldietan izango da. Maddalen Aduriz Emagineko zerbitzugintzako arduradunaren arabera, ezinbestekoa da osasun- langileek horrelako formakuntzak jasotzea.

Zer-nolako garrantzia dute osasun-langileek emakumeen aurkako indarkerian?
Emakumeen aurkako indarkeria da osasun publikoko arazo nagusietako eta larrienetako bat. Horregatik, oso garrantzitsua da politika guztietan, zeharkakotasunez, berdintasuna sustatzea eta genero-diskriminazioaren aurkako borroka txertatzea. Bide horretan, ezinbestekoa da osasun-langileak trebatzea zeinahi indarkeria adierazpen hauteman eta aurre har diezaioten sentsibilitate egokiarekin. Izan ere, sarritan, eraso matxisten biktima diren emakumeek osasun-zerbitzuetako profesionalengana jotzen dute lehenik. Hori horrela, genero-indarkeriaren gertakari ugari detektatzen dira osasun-zentroetan; beraz, jarraitu behar dugu arreta eta protokoloak fintzen genero-indarkeria nahiz sexu-erasoen gainean.

Zer egin dezakete horrelako zerbait dagoenean?
Ezinbestekoa da beren jardunean ikuspegi feminista txertatzea; baita genero-sistemak indarkeria matxista nola hauspotzen duen ulertzea ere. Izan ere, indarkeria-matxista zera da, emakumeen eta gizonen arteko botere-harremanen adierazpenik bortitzena. Hori gutxi balitz bezala, patriarkatuak egiturak sortu ditu emakumeak bigarren mailako herritartzat hartu eta bereizkeria horri eusteko. Beraz, lehenengo gauza da indarkeria matxista zer den ezagutzea, zein mota dauden jakitea, hura betikotzen duten mitoak eta sinesmenak ikastea eta indarkeriaren prozesua eta goraldia nolakoa den ikustea.

Nolako esku hartzeak daude gaur egun?
Osasuneko profesionalek behar bezalako trebakuntza izan behar dute indarkeria-zantzuak identifikatzeko, baita horrelakoetan modu integratuan nola erantzun jakiteko ere. Alde horretatik, oinarrizkoa da genero-ikuspegia txertatzea. Diagnostikorako eta tratamendurako jarduna funtsezko zutabea izanik, hiru mailatan jardun beharra dago: prebentzioan (lehen mailako arreta), detekzio goiztiarrean (bigarren mailako arreta) eta esku-hartze profesional egokian (hirugarren mailako arreta). Genero-indarkeria emakumeen osasunean eragin handia duen arazoa izateaz gain, kontuan izan behar dugu egiturazko arazo sozial batean kokatzen dela. Beraz, osasun-sistemak bakarrik edo profesional batek bakarrik ezingo dio arazoari osotasunez aurre egin.

Osasun langileek lagun diezaiekete indarkeria pairatu duten emakumeei?
Lehenik eta behin, arazoaren handitasunaren jabe izan behar dute. Emakumeen heriotza, sufrimendua eta gaixotasuna eragiten du genero-indarkeriak. Horregatik da hain garrantzitsua osasun-langileek goiz detektatzeko, identifikatzeko eta laguntzeko duten eginkizuna. EAEn adibidez, 2018an, 4.244 emakume izan ziren indarkeriaren biktima: % 74,8 bikotekideak edo bikotekide ohiak eraginda, % 17,9 familia-barruko gizon batek eraginda eta % 7,3 sexu-indarkeria, hau da, familiatik kanpoko sexu-askatasunaren aurkako delituak.

Zer-nolako ezaugarriak hartu behar dituzte kontuan horrelako kasu batean?
Askotan indarkeria fisikoa agerikoena eta kalte gehien eragiten duena dela pentsatzen bada ere, indarkeria psikologikoak etengabeko beldur-sentimena eragiten du, eta emakumeak eta haien mendekoak babesik gabe uzten ditu. Alor horretan egin diren ikerketa gehienek indarkeriaren ondorio fisikoak eta psikikoak bereizten dituzte. Azken horiek garrantzi handikoak dira sortzen dituzten ondorioengatik: depresioa, autoestimu falta… Horrez gain, ikaragarriak dira emakumearen aurkako indarkeriaren kostu sozialak eta ekonomikoak, eta gizarte osoan dute eragina. Askotan, emakumeak bakartuta eta lanerako ezgaituta geratzen dira.

«OSASUNEKO PROFESIONALEK BEHAR BEZALAKO TREBAKUNTZA IZAN BEHAR DUTE INDARKERIA-ZANTZUAK IDENTIFIKATZEKO»

Printzipioei dagokienez, emakumeak ez kaltetzeaz harago, emakumeen autonomia errespetatu behar dugu; izan ere, emakumea ahula dela uste duen ikusmolde matxistatik gatoz. Genero-indarkeriaren biktima den emakumeak rol aktiboa bete behar du erabakiak hartzean, eta osasuneko profesionalak haren nahiak errespetatu beharko ditu, zein ahalduntze fasetan dagoen kontuan hartuta, haren bizitza arriskuan jarri gabe. Ikuspegi intersekzionala ere izan behar dugu; indarkeria jasaten duten emakume guztiak zaurgarriak dira indarkeria jasate hutsarengatik, baina batzuk are eta zaurgarriagoak dira, hala nola, buru-nahasmendua dutenak, desgaitasuna edo dibertsitate funtzionala dutenak, administrazio-egoera irregularretan dauden etorkinak, gizartetik baztertuta dauden edo baztertzeko arriskuan diren pertsonak, transexualak eta abar.

Nolako trebakuntza behar dute?
Trebakuntza feminista behar dute; formakuntza jaso behar dute genero-sistemaz, indarkeria matxistaz eta arreta feministaz, eta ezagutu behar dituzte dauden protokoloak eta baliabideak.

Nolako garrantzia du horretan guztian begirada feministak?
Begirada feministak lagundu digu emakumeok sufritzen dugun indarkeriatzat definitzen genero-indarkeria, genero maskulino eta femeninoan eragiten duten baldintza soziokulturalen ondorioz sortua eta emakumea gizonaren mendetasun-maila batean kokatzen duena. Hori pertsonaren hiru harreman-eremutan azaltzen da: tratu txarrak familia-esparruan, eraso sexualak jendartean eta sexu jazarpena lan-munduan.

Genero-indarkeria egiturazkoa dela ikusarazten lagundu digu, arau eta balio soziokultural jakinetan dituela jatorria eta oinarria, eta horrek erabakitzen duela jendartean dagoen ordena. Izan ere, jendarte patriarkaletik jaio eta haren elementu egonkortzaile moduan jokatzen du. Beraz, erakutsi digu indarkeria sostengatzen duten joerak eta egoerak eta jendartean dauden marjinalitateak ez direla azaltzen.

Nola eragiten du feminismoak prozesu horretan?
Emakumeen hitza ez zalantzan jarrita, ez epaituta, ez biktimizatuta. Hura eta haren beharrak erdigunean jarrita, haren erabakia aintzat hartuta. Aukeren zein haien ondorioen inguruan informatuta. Prozesu osoan bidelagun izanda, espazio seguruak eskainita. Haren erritmoak errespetatuta eta lagunduta. Saretuta, ahaldunduta…

Zer-nolako baliabideak behar dira? Zer hobetu daiteke?
Baliabide sozial, ekonomiko eta politikoak behar dira. Indarkeria egiturazkoa da, eta, beraz, egiturazko aldaketak behar-beharrezkoak dira. Asko dugu hobetzeko eta fintzeko, horretan tinko lanean jarraitu behar dugu.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other