2006an heldu zen Euskal Herrira Mbaye Gil Sanchez, hiru urtez Valentzian egon eta gero. Sasoi hartan saltzaile ibiltaria zen, eta Bilbora jo zuen, Poliziaren aldetik «tolerantzia handiagoa» zegoelako. 15 urterekin alde egin zuen Senegaldik, eta pateran heldu zen Tenerifera. Zorra ordaindu behar zien horiek Bilbon zeudelako etorri zen hona, baina azkenean Erizaintza ikasi eta Osakidetzan lan egiten amaitu du. Orain, Sunu Gaal izeneko GKEarekin laguntzen du migrazioaren tragediak murrizten, eta arazoaren erroari ekiten.
Ez  du  izan  behar  erraza  herrialde  ezezagun  batera  heltzea  eta  Erizaintza  ikastea.
Ez  zen  erraza  izan,  ez  nekielako  ezer  erizaintzari  buruz.  Beti  gustatu  izan  zait,  baina,  Tenerifera  heltzean  eta  sanitarioek  zaindu  nindutenean,  hortik  lortu  nuen  inspirazioa  eta  motibazioa  ikasketak  egiteko.  Lehenbizi  nire  gaztelania  hobetu  behar  izan  nuen  helduentzako  eskolan,  eta  gero  institutura  joan  nintzen.  Selektibitatea  prestatu  nuen,  baina  azkenean  25  urtetik  gorakoentzako  sarrera-proba  egin  nuen.  2014an  sartu  nintzen  unibertsitatera.
Laguntzarik  izan  al  zenuen?
Bai.  2011n  lagun  bat  ezagutu  nuen.  Beti  taberna  berean  egiten  genuen  topo,  eta  galdetzen  zidan  ea  zelan  nengoen.  Egun  batean  galdetu  zidan  ea  etxea  berriztatzeko  lan  batzuetan  lagun  niezaiokeen,  eta  gustura  egingo  nuela  esan  nion.  Lanak  amaitu  eta  gero,  bere  etxean  geratzea  eskaini  zidan,  bazekielako  «patera-pisu»  batean  bizi  nintzela  eta  ikasketak  egin  nahi  nituela.  Oso  eskertuta  egon  nintzen,  bizitza  aldatu  baitzidan.  Zorra  ordainduta  neukan  jada,  eta  errenta  eta  gastu  guztiak  alde  batera  uzteak  sekulako  zama  kendu  zidan  gainetik.  Taberna  batean  egiten  nuen  lan  asteburuetan,  eta  astegunetan  ikasi  egiten  nuen.  Haren  etxean  bi  urte  neramatzanean,  berak  adoptatua  izan  nahi  nuen  galdetu  zidan,  bere  semea  izan.  Tramiteak  egin  genituen,  eta  hurrengo  urtean  lortu  genuen.
Sinbolikoa  zen  edo  benetako  erraztasunak  eman  zizkizun?
Ordurako  baneukan  bizileku-baimena,  baina  adopzioak  zenbait  erraztasun  eman  zizkidan.  Espainiar  herritartasuna  lortu  nuen,  eta  lan  egiteko  arazo  askoz  gutxiago,  baita  unibertsitatean  sartzeko  ere.  Orain  nire  aita  da.
«ASKOTAN, HEMEN GAUDENOK IRUDI DESITXURATU BAT HELARAZTEN DIEGU, ARRAKASTA DUTEN PERTSONAK BAGINA BEZALA»
Zergatik  sortu  zenuten  Sunu  Gaal  proiektua?
Sunu  Gaal  nire  hemengo  arrebarekin  eta  koinatuarekin  sortu  nuen.  2017an  15  urte  egin  nituen  Espainian,  eta  Senegalera  itzuli  nintzen.  Ez  zen  aldatu  utzi  nuenetik.  Berdintasun  eza  nabaria  zen,  eta  jende  askok  ez  zeukan  hezkuntza  edo  osasungintza  eskura.  Zeozer  egitea  erabaki  nuen,  eta  Sunu  Gaal  sortu  nuen:  «Gure  patera»,  wolof  hizkuntzan.  Guk  tragedia  horiek  saihestu  nahi  ditugu.  Umeak  ez  egotea  ni  15  urterekin  egon  nintzen  bezala,  eta  ez  izatea  herrialdetik  alde  egiteko  beharrizana.  Jende  horren  oinarrizko  beharrizanak  asez  gero,  agian  migratzeko  beste  modu  bat  plantea  daiteke.  Sunu  Gaaletik  hezkuntza  eta  osasungintza  bermatu  nahi  ditugu  Senegalen.  Familia  batzuei  laguntza  ematen  ari  gara  bideari  ekin  diezaioten  berriro,  eta  haien  negozioak  martxan  jar  ditzaten  familiak  elikatzeko.  Prezioak  igo  egin  dira,  langabeziak  gora  egin  du  eta  bizitza  garestitu  egin  da.
Pedagogia  egin  nahi  duzue,  eta  jendeari  ulertarazi  ez  duela  zertan  alde  egin  herrialdetik,  baina  zu  zeu  ongi  zaude  orain.  Sinesten  dizute?
Bai,  nik  uste  dut  garrantzitsua  dela  ulertaraztea  bakoitzaren  migrazioa  desberdina  dela.  Senegalgo  gazteekin  egiten  ditugu  jardunaldiak,  eta  jakin  behar  dute  migrazio  prozesua  oso  luzea  dela.  Ez  da  bakarrik  pateran  bizitza  arriskuan  ipintzea,  baizik  eta  herrialde  batera  heltzea  inor  ezagutu  barik  eta  hizkuntza  jakin  barik.  Oso  zaila  da,  eta  jendeak  jakin  behar  du  ez  dela  uste  bezain  erraza.  Nik  ere  uste  nuen  dena  erraza  zela  Europan.  Jendeak  uste  du  zuri  ondo  doakizula,  baina  jakin  behar  du  oso  prozesu  luzea  dagoela  atzean,  sufrimenduz,  bakardadez  eta  sakrifizioz  betea.  Nik  zortea  izan  dut.  Ni  naiz  milaka  pertsonatik  aukera  izan  duen  bakarrenetakoa.  Itsasoko  arriskua  kenduta,  prozesu  luze  bat  dago  herrialdera  egokitzeko,  presioa  dago  jatorrizko  herrialdean  dagoen  familiaren  aldetik…  Eta  bertoko  egunerokoa  ez  da  erraza,  erraza  ez  denez  sasoikako  langilea  izatea,  saltzaile  ibiltaria  izatea  edo  behin  baino  gehiagotan  atxilotua  izatea.  Jendeak  jakin  behar  du  hori.  Askotan,  hemen  gaudenok  irudi  desitxuratu  bat  helarazten  diegu,  arrakasta  duten  pertsonak  bagina  bezala.  Konfusioa  sortzen  du,  eta  gazteak  migratzera  bultzatzen  ditu.  Saihestu  egin  behar  dugu  fenomeno  hori.  Ondo  dago  anbizioa  izatea  eta  haien  familien  bizimodua  hobetzeko  nahia  izatea,  baina  posible  da  herrialdean  bertan  egitea.  Hori  lortu  behar  dugu,  eta  Mediterraneoko  eta  Atlantikoko  heriotzak  saihestu.


Zelan  ari  zara  azken  aste  hauek  bizitzen  Ceutan  gertatutakoarekin?
Nahiko  zailak  izaten  ari  dira.  Inpotentzia  eta  amorru  handia  sortzen  dit.  Jendeak  jarraitzen  du  sinesten  Europan  dagoela  arrakastarako  bidea,  baina  pertsonak  ikusten  dituzu  itsasoan  hiltzen.  Nire  bidaia  gogorarazten  dit,  baina  gaur  egun  are  zailagoa  da  migratzaileentzat.  Gorroto-diskurtsoa  dago,  eta  gizarte-arbuioa  nabariagoa  da.  Jendeak  sinetsi  egiten  du  inbaditzera  gatozela.  Hauek  ez  dakite  migrazioa  zer  den  benetan.  Gure  arteko  desberdintasun  bakarra  da  batzuk  itsasoaren  beste  aldean  jaio  garela.  Horrek  ematen  du  min  gehien,  norbaitek  bizitzak  eskaintzen  dituen  aukera  guztiak  izateak  eta  batere  ez  daukanari  erraztasunik  eman  nahi  ez  izateak.
Zein  proiektu  dauzkazue  esku  artean  Sunu  Gaalen?
Eskualdeko  umeei  hezkuntza  emateko  proiektu  bat  egiten  ari  gara,  eskola  bat  eraikiz,  eta  osasungintzaren  aldetik  kontsultak,  osasun-hezkuntzaren  arloko  programak  eta  ebakuntzak  egiten  ditugu  kanpainetan.  Askok  ez  daukate  beste  aukerarik,  ez  daukate-eta  erradiografiak  egiteko  dirurik  ere.  Urtero  egiten  ditugu  kanpainak  laguntzeko.

 


