2006an heldu zen Euskal Herrira Mbaye Gil Sanchez, hiru urtez Valentzian egon eta gero. Sasoi hartan saltzaile ibiltaria zen, eta Bilbora jo zuen, Poliziaren aldetik «tolerantzia handiagoa» zegoelako. 15 urterekin alde egin zuen Senegaldik, eta pateran heldu zen Tenerifera. Zorra ordaindu behar zien horiek Bilbon zeudelako etorri zen hona, baina azkenean Erizaintza ikasi eta Osakidetzan lan egiten amaitu du. Orain, Sunu Gaal izeneko GKEarekin laguntzen du migrazioaren tragediak murrizten, eta arazoaren erroari ekiten.
Ez du izan behar erraza herrialde ezezagun batera heltzea eta Erizaintza ikastea.
Ez zen erraza izan, ez nekielako ezer erizaintzari buruz. Beti gustatu izan zait, baina, Tenerifera heltzean eta sanitarioek zaindu nindutenean, hortik lortu nuen inspirazioa eta motibazioa ikasketak egiteko. Lehenbizi nire gaztelania hobetu behar izan nuen helduentzako eskolan, eta gero institutura joan nintzen. Selektibitatea prestatu nuen, baina azkenean 25 urtetik gorakoentzako sarrera-proba egin nuen. 2014an sartu nintzen unibertsitatera.
Laguntzarik izan al zenuen?
Bai. 2011n lagun bat ezagutu nuen. Beti taberna berean egiten genuen topo, eta galdetzen zidan ea zelan nengoen. Egun batean galdetu zidan ea etxea berriztatzeko lan batzuetan lagun niezaiokeen, eta gustura egingo nuela esan nion. Lanak amaitu eta gero, bere etxean geratzea eskaini zidan, bazekielako «patera-pisu» batean bizi nintzela eta ikasketak egin nahi nituela. Oso eskertuta egon nintzen, bizitza aldatu baitzidan. Zorra ordainduta neukan jada, eta errenta eta gastu guztiak alde batera uzteak sekulako zama kendu zidan gainetik. Taberna batean egiten nuen lan asteburuetan, eta astegunetan ikasi egiten nuen. Haren etxean bi urte neramatzanean, berak adoptatua izan nahi nuen galdetu zidan, bere semea izan. Tramiteak egin genituen, eta hurrengo urtean lortu genuen.
Sinbolikoa zen edo benetako erraztasunak eman zizkizun?
Ordurako baneukan bizileku-baimena, baina adopzioak zenbait erraztasun eman zizkidan. Espainiar herritartasuna lortu nuen, eta lan egiteko arazo askoz gutxiago, baita unibertsitatean sartzeko ere. Orain nire aita da.
«ASKOTAN, HEMEN GAUDENOK IRUDI DESITXURATU BAT HELARAZTEN DIEGU, ARRAKASTA DUTEN PERTSONAK BAGINA BEZALA»
Zergatik sortu zenuten Sunu Gaal proiektua?
Sunu Gaal nire hemengo arrebarekin eta koinatuarekin sortu nuen. 2017an 15 urte egin nituen Espainian, eta Senegalera itzuli nintzen. Ez zen aldatu utzi nuenetik. Berdintasun eza nabaria zen, eta jende askok ez zeukan hezkuntza edo osasungintza eskura. Zeozer egitea erabaki nuen, eta Sunu Gaal sortu nuen: «Gure patera», wolof hizkuntzan. Guk tragedia horiek saihestu nahi ditugu. Umeak ez egotea ni 15 urterekin egon nintzen bezala, eta ez izatea herrialdetik alde egiteko beharrizana. Jende horren oinarrizko beharrizanak asez gero, agian migratzeko beste modu bat plantea daiteke. Sunu Gaaletik hezkuntza eta osasungintza bermatu nahi ditugu Senegalen. Familia batzuei laguntza ematen ari gara bideari ekin diezaioten berriro, eta haien negozioak martxan jar ditzaten familiak elikatzeko. Prezioak igo egin dira, langabeziak gora egin du eta bizitza garestitu egin da.
Pedagogia egin nahi duzue, eta jendeari ulertarazi ez duela zertan alde egin herrialdetik, baina zu zeu ongi zaude orain. Sinesten dizute?
Bai, nik uste dut garrantzitsua dela ulertaraztea bakoitzaren migrazioa desberdina dela. Senegalgo gazteekin egiten ditugu jardunaldiak, eta jakin behar dute migrazio prozesua oso luzea dela. Ez da bakarrik pateran bizitza arriskuan ipintzea, baizik eta herrialde batera heltzea inor ezagutu barik eta hizkuntza jakin barik. Oso zaila da, eta jendeak jakin behar du ez dela uste bezain erraza. Nik ere uste nuen dena erraza zela Europan. Jendeak uste du zuri ondo doakizula, baina jakin behar du oso prozesu luzea dagoela atzean, sufrimenduz, bakardadez eta sakrifizioz betea. Nik zortea izan dut. Ni naiz milaka pertsonatik aukera izan duen bakarrenetakoa. Itsasoko arriskua kenduta, prozesu luze bat dago herrialdera egokitzeko, presioa dago jatorrizko herrialdean dagoen familiaren aldetik… Eta bertoko egunerokoa ez da erraza, erraza ez denez sasoikako langilea izatea, saltzaile ibiltaria izatea edo behin baino gehiagotan atxilotua izatea. Jendeak jakin behar du hori. Askotan, hemen gaudenok irudi desitxuratu bat helarazten diegu, arrakasta duten pertsonak bagina bezala. Konfusioa sortzen du, eta gazteak migratzera bultzatzen ditu. Saihestu egin behar dugu fenomeno hori. Ondo dago anbizioa izatea eta haien familien bizimodua hobetzeko nahia izatea, baina posible da herrialdean bertan egitea. Hori lortu behar dugu, eta Mediterraneoko eta Atlantikoko heriotzak saihestu.
Zelan ari zara azken aste hauek bizitzen Ceutan gertatutakoarekin?
Nahiko zailak izaten ari dira. Inpotentzia eta amorru handia sortzen dit. Jendeak jarraitzen du sinesten Europan dagoela arrakastarako bidea, baina pertsonak ikusten dituzu itsasoan hiltzen. Nire bidaia gogorarazten dit, baina gaur egun are zailagoa da migratzaileentzat. Gorroto-diskurtsoa dago, eta gizarte-arbuioa nabariagoa da. Jendeak sinetsi egiten du inbaditzera gatozela. Hauek ez dakite migrazioa zer den benetan. Gure arteko desberdintasun bakarra da batzuk itsasoaren beste aldean jaio garela. Horrek ematen du min gehien, norbaitek bizitzak eskaintzen dituen aukera guztiak izateak eta batere ez daukanari erraztasunik eman nahi ez izateak.
Zein proiektu dauzkazue esku artean Sunu Gaalen?
Eskualdeko umeei hezkuntza emateko proiektu bat egiten ari gara, eskola bat eraikiz, eta osasungintzaren aldetik kontsultak, osasun-hezkuntzaren arloko programak eta ebakuntzak egiten ditugu kanpainetan. Askok ez daukate beste aukerarik, ez daukate-eta erradiografiak egiteko dirurik ere. Urtero egiten ditugu kanpainak laguntzeko.