agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

Anemiaren zorabioari ez

Cristina Perez • Nutrizionista – dietista

Hemoglobinaren kontzentrazio baxua da anemia, globulu gorrien gainbehera dakarren gaixotasuna. Ondorio arinak zein larriak eragin ditzake. Dieta desegoki batek sortzen duen kasuetan, anemiari aurrea har dakioke, burdinan aberatsa den dieta bat eginez.

Anemia ferropenikoa esaten zaio hemoglobinaren kontzentrazio baxua izateari; galera horrek esan nahi du globulu gorri gutxi sortzen direla. Burdina daukan proteina bat da hemoglobina, eta globulu gorriek horri esker garraiatzen dute oxigenoa gorputzeko zelula guztietara.

Behar adina B12 bitaminarik, azido folikorik eta burdinarik ez badago, globulu gorri gutxi izango da organismoan, bitamina eta mineral horiek ezinbestekoak baitira globulu gorriak ekoizteko.

ZERGATIK GERTATZEN DA ANEMIA?
Arrazoi askogatik izan daiteke: hezur-muinaren gaixotasunagatik, globulu gorrien desegiteagatik edo genetika arazoagatik. Elikadura desegokiak ere sor dezake anemia, burdina faltaren eta B12 bitamina eta azido foliko ezaren ondorioz. Horiek elikagaien bidez lor daitezke.

Anemia karentziala: motak eta sintomak
Hiru motatakoa izan daiteke:

• Burdinaren gutxiegitasuna edo anemia ferropenikoa.
• Azido folikoaren gutxiegitasuna.
• B12 bitaminaren gutxiegitasuna.

Hirurek dakarte sintomatologia berbera: ezaguna da anemia dutenen neke orokorra, baina, horrez gain, ilea erortzea, azazkalak ahultzea eta azala zuritzea dira anemia izatearen ondorioak. Eragiten dituen beste sintoma batzuk hauek dira: arnasa hartzeko arazoak, buruko mina eta kontzentrazio-arazoak. Kasurik larrienetan, arranpak azalduko dira hanketan, eta zorabioak eta lo egin ezina izango ditugu; suminkortasuna eta nekea ere agertzen dira, baita jateko gogorik eza, ahoko ultzerak, beherakoak eta muskulu ahultasuna ere. Zenbait gaixotasun sorrarazi edo areagotu egin dezake anemiak; esaterako, zeliakiak, urdaileko ultzerak eta Crohnen gaixotasuna, eta hilekoak ugaritu ditzake.

«DIETA DESEGOKI BATEK ANEMIA ERAGIN DEZAKE LAU HILABETETAN; EPE HORI NAHIKOA DA»

ANEMIA ETA DIETA 
Dieta desegoki batekin lau hilabetean anemia azalduko da, epe horretan gorputzeko depositu guztiak bukatzen baitira. Anemiaren arrazoia dietetikoa ez bada, medikua eta tratamendu farmakologikoa beharko da, kudeaketa dietetikoaz gain. Anemiaren arrazoia dieta desegokia bada, erraz konponduko da dieta orekatua hartuz eta folatoan, burdinan eta B12 bitaminan aberatsak diren elikagaiak janez:

• Esnea erdi-gaingabetua gomendagarriagoa da, osorik edo esnegainarekin aberastuta baino.
• Haragia, arraina eta arrautzak eta horien deribatuak hartu behar dira (arraina eta okela gantz asko gabekoa).
• Barazkiak (batez ere hosto berdeko barazkiak), entsaladetan edo erdi gordinik, beren bitamina ez galtzeko.
• Labore guztiak dira onak; opil industrialak salbuetsi behar dira. Lekaleak eta patata, laboreak bezalaxe, azido folikoan aberatsak dira, baita C bitaminan ere.
• Oliba-olioa, ekilore-olioa eta gurin-margarinak neurrian hartu behar dira.
• Garagardo-legamia eta artoa-ernamuina.
• Gibela, burdinan aberatsa delako.
• Ez da hartu behar edari alkoholdunik.
• Platerak ontzeko, espeziak erabili behar dira: albahaka, kuminoa, estranola, erramua, ezkaia, oreganoa…

«FOLATOAK, BURDINA ETA B12 BITAMINA HARTU BEHAR DIRA ANEMIA GAINDITZEKO»

BURDINA GUZTIAK EZ DIRA BERDINAK
Anemia izanez gero, burdina hartu behar da, baina kontuan izan behar da burdina guztiak ez direla berdinak. Haragian, arrainean eta itsaskietan dagoen burdina hobeto xurgatzen da. Animalietatik datozen elikagaien burdinari hemo-burdina deitzen zaio, eta jaten dugunetik % 25 xurgatzen da. Landareetatik datorren burdinaren % 5 xurgatzen da soilik; beraz, nahiz eta elikagai horiek burdina asko izan (lekaleak, adibidez) ez da ondo xurgatzen burdina hori.

Hala ere, C bitaminak hobetzen du burdina xurgatzea; beraz, C bitamina asko duten elikagaiak hartzen badira, hemo ez den burdinaren absortzioa hobea izango da. Esate baterako, lekaleak jaterakoan tomate entsalada bat jaten badugu edo postre moduan laranja bat jaten badugu, hemo ez den burdina hemo-burdina bihurtuko da eta hobeto xurgatuko da. Hori aukera ona da, batez ere dieta begetarianoa egiten dutenentzat.

Zenbait elikagaik ere burdinaren absortzioa trabatzen dute; esaterako, filatoek eta taninoek. Filatoak labore integraletan eta lekaleetan daude; taninoak, berriz, tean, kafean eta ardo beltzean.

Laburbiltzeko: burdina baxua duten pertsonek kontu handia izan behar dute ohikoa daukaten dietarekin, hartzen dituzten elikagai-motekin eta horien konbinazioekin.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other