agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

«Beltzaran jartzen bagara, larruazala arriskuan sentitzen delako da»

Maider Sierra • Psikologoa. Prebentzio eta osasun hezkuntza arloko arduraduna.

Gipuzkoako AECC minbiziaren aurkako elkarteak ‘Uda osasungarria’ kanpaina jarri du martxan. Hiru ardatz nagusi ditu: larruazala eguzkitik babestea, bizitza aktiboa egitea eta elikadura osasungarriaren alde egitea. Pandemia dela eta, ezin izan dute kanpaina ibiltaririk egin, eta ekintzak gaztetxoei bideratzea erabaki dute: udalekuetara joan dira.

Zer jarri duzue erdigunean aurtengo kanpainan?
Aurten, inoiz baino gehiago, osasuna daukagu denok buruan, eta udan ere hori gogorarazi nahi genuen. Pandemia garaian gaude oraindik ere, eta nabari da denak erlaxatzen ari direla. Ondorio horiek ikusten ari gara, eta hori gure gaiarekin lotu nahi genuen. Helburua izan da jendeari gogoraraztea udan ez ditugula gure ohitura osasungarriak alde batera utzi behar. Esku-hartzea gaztetxoekin egiten ari gara; haurrei eman diegu lehentasuna, eta ematen diegun mezua da erabaki osasungarriak hartzea garrantzitsua dela eta horrek ere uda dibertigarri bat izaten lagunduko digula: osasuna eta dibertitzea. Hiru alderdi lantzen ari gara: eguzkiaz gozatzea baina gure larruazala zainduz; bizitza aktibo bat egitea, hau da, egiten ditugun planak ahalik eta aktiboenak izatea; eta elikadura osasungarriaren kasuan, aukeratzearen garrantzia, zer jan eta zer ez jan, hau da, aukera osasungarriak eginda ere asko goza dezakegula.

Udan erlaxatu egiten gara, eta utzikeria handiagoz jokatzen dugu?
Hori gogorarazi nahi dugu. Udan, baita guraso eta helduak ere, erlaxatu egiten gara, ordutegiari dagokionez eta abar. Baina ez dugu gauza guztietan erlaxatu behar, eta aukeraketa osasungarriak ere egin ditzakegu. Gure helburua da kontziente izatea ez dela kanpoan bazkaldu ote dezakegun edo txangoak egin ote ditzakegun, baizik eta behar bezala aukeratu behar dugula. Alde horretatik, aukerak ematen dizkiegu guk, errezeta osasungarriak, alternatiba osasungarriak eta abar, ideiak izan ditzaten, ez dadila gelditu esandakoa teoria hutsean. Gaztetxoek gurasoekin partekatzen dituzte ematen dizkiegun ideiak.

«GURE HELBURUA DA KONTZIENTE IZATEA BEHAR BEZALA AUKERATU BEHAR DUGULA»

Kanpaina egiteko modua aldatu behar izan duzue, pandemiak baldintzatuta: ibiltaria izaten zen lehen, eta udalekuetara joan zarete aurten.
Aukeratu egin behar izan dugu. Orain arte, gazte eta helduekin egoten saiatzen ginen, adin-tarte guztiekin, eta aurten aukeratu egin behar izan dugu. Herritarrei begira, informazio-panel batzuk egin ditugu formatu ezberdinetan, binilo batzuk jarri ditugu herri batzuetan, roller batzuk leku irekietan, irudi batzuk herrietako pantailetan… Informazioa idatziz utzi diegu, eta sare sozialak ere erabili ditugu, alegia, bide digitalagoa erabili dugu. Aurrez aurrekoa talde-burbuiletan egiten ari gara: udalekuetara joaten ari gara, eta gaia talde-burbuiletan lantzen saiatzen gara.

Gaztetxoei arrotza egiten zaie gauza hauek lantzea?
Guk mitoak lantzen ditugu haiekin. Ikusi dugu teoria badakitela, eta informazio orokorra ez zaie arrotza egiten. Horregatik, gizartean planteatzen diren mezuak aurkezten dizkiegu; adibidez, eguzkiaren inguruan, «beltzarana banaiz ez naiz erretzen, edo ez dut krema eman behar». Jolas aktiboen bitartez egiten dugu dena, gure mezuak praktikan jartzen ditugun bitartean. Hiru gune sortzen ditugu, eta burbuila bakoitza espazio batean egoten da. Ikusi dugu mitoek eragin handia dutela, ez dela informazio-falta baina azkenean mitoekin gelditzen direla, eta elikadurarekin gauza bera gertatzen da: ikusi dugu fruta eta barazkiak jatearena oso barneratuta daukatela, baina, adinean aurrera joan ahala eta aukeraketa beren kabuz egiten dutenean, normalean zapore handiagoa duten elikagaiak aukeratzen dituzte, eta ez fruta. Saiatzen gara dituzten mitoak hausten, kontura daitezen zer aukeratzen duten eta zergatik egiten dituzten aukeraketa horiek, zer gertatzen den azukrearekin… Kontua da taldearen arabera aldatu egiten dela, eta, horregatik, ez daukagu diskurtso itxi bat: taldeari egokitzen saiatzen gara.

Mito horiek gaztetxoen nahiz helduen artean oso hedatuta daude. Esaterako, askok uste dute beltzaran egonda babes txikiagoa duen eguzkitako krema erabil daitekeela. Nola babestu behar da eguzkitik modu osasungarrian?
Eguerdian, ahal den neurrian, itzaletan egotea ezinbestekoa litzateke. Bereziki etxeko txikienak eta adin nagusikoak. Babesik altuena duen krema eman beharko genuke beti. Jendeari kosta egiten zaio ulertzea, baina gure melanina aktibatzen bada, beltzaran jartzen bagara, larruazala arriskuan sentitzen delako da. Orduan, zenbat eta beltzaranago egon, azalak babes handiagoa behar duela sentitzen du eta melanina aktibatuz babesten da. Guk larruari lagundu egin behar genioke, eguzkitako krema erabiliz. Zenbat eta babes handiagoko krema, hobe. Berez, ez genuke 30 edo 50etik beheragoko babesa duen kremarik eman beharko. Behar baino krema gutxiago ematen dugu, eta behar baino gutxiagotan; beraz, gutxienez, eman dezagun babesik handiena duena.

«AZKEN URTEETAN GURE OHITURAK EZ DOAZ BAT OSASUNAREKIN»

Zenbatean behin eman beharko genuke?
Kanpoan gauden aldiro; ez soilik eguzkia hartzen ari garenean, baizik eta paseatzen, erosketak egiten, trago bat hartzen, mendian… Oro har, bi orduan behin eman beharko genuke. Hortik aurrera, eraginkortasuna galduz joaten da. Gainera, beroarekin izerditu egiten gara, kendu egiten zaigu…

Halere, posible da beltzaran egotea eta larruazala osasuntsu izatea?
Babesten badugu, bai. Hidratazio ona badugu, ur asko edaten badugu, kanpoan gaudenean babestu egiten bagara eta etxera joatean larruazala hidratatzeko krema bat ematen badugu, ondo edukiko dugu, baina arriskugarria da oraindik ere askotan pentsatzen baitugu «beltzarana naiz eta beraz ez naiz erretzen». Azken urteetan, gure ohiturak ez doaz bat osasunarekin. Janariaren kasuan, hamar urte honetan aldatu egin da gure aukeraketa, eta orain lehen kontsumitzen ez ziren zenbait gauza jaten ditugu, eta beste batzuk, gutxiago; esaterako, lekak.

Estereotipoek eta influentziek eragin handia dute horretan, ezta?
Badakigu, tamalez, estetikak ez duela bat egiten osasunarekin. Guri gustatuko litzaiguke, estetika beharrean, osasuna izatea garrantzitsuena. Lehentasun kontua da. Haurrekin ez da hainbeste gertatzen. Egia esan, oso gustura ari gara haurrekin lanean. Sei saio egin ditugu orain arte, eta harrera oso ona izaten ari gara, baita guraso eta begiraleen aldetik ere.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other