agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Eutanasiaren legea garantista izateak medikuoi pisu apur bat kentzen digu»

Itsaso Bengoetxea • Euskal Autonomia Erkidegoko Berme eta Jarraipen Batzordeko burua.

Ekainaren 25ean zabaldu zen eutanasia eskatzeko aukera, legea onartu eta hiru hilabetera, eta dagoeneko badauzkate eskari batzuk esku artean. Itsaso Bengoetxea da mekanismoa monitorizatu eta kasu bakoitza aztertuko duen Euskal Autonomia Erkidegoko Berme eta Jarraipen Batzordeko burua.

Legeak pauso nahikotxo eta epe jakin bat aurreikusten ditu eutanasia eskatzeko. Zenbatekoa da epea?
Eskaria egiten denetik zerbitzua eman ahal denera arte, gutxi gorabehera 30-40 egunekoa da epea. Luzea da.

Gerta daiteke paziente batzuentzat luzeegia izatea epe hori?
Gizartean ondo azaldu behar dugu eutanasia zer den, edo zer den legeztatu dena. Gerta daiteke bizitzaren oso-oso amaieran dauden paziente batzuek eutanasia eskatzea, eta guk esan behar izatea ezin dutela eskatu, ez daukatelako prozesu hori egiteko adina denbora. Baina horrelakoetan badaude beste aukera batzuk. Azken finean, sufritzen ari diren pazienteak artatzeko zaintza aringarriak dauzkagu. Beti izan ditugu. Lege hau ez da egun pare bat geratzen zaien horientzat, eta hori gizarteratu behar dugu.

Legeak bi mediku-figura aurreikusten ditu. Zein dira, eta zein da haien zeregina?
Alde batetik mediku arduraduna dago, pazienteak berak hautatzen duen mediku bat. Pazienteak mediku horrengan jartzen du konfiantza guztia, eta mediku hori izango da ibilbide osoan bidelagun izango duena. Beste alde batetik, mediku aholkularia dago, eta haren lana da ziurtatzea mediku arduradunak egin duen txostena eta prozedura egokia dela. Ikusi behar du pazienteak ulertu beharrekoa ondo ulertu duela, eta eskaini ahal zaizkion tratamendu guztiak eskaini zaizkiola.

«HERIOTZAREN ETAPA DUINTZEKO BEHARREZKOAK DIRA ZAINTZA ARINGARRIAK, BAINA EUTANASIAREN LEGE HONEK BOROBILDU EGITEN DU PROZESUA, BADAUDELAKO ZAINTZA ARINGARRIETATIK KANPO GERATZEN DIREN PAZIENTE BATZUK»

Iragazki-lana egiten du?
Bai, hori da. Legeari kritikatu zaion gauzetako bat da garantista dela. Mediku baten iragazkia pasatu behar da, bigarren mediku baten iragazkia pasatu behar da, eta hirugarren iragazki bat ere bai, Berme eta Jarraipen Batzordearena.

Garantistegia dela diote?
Garantia gehiegi edo gutxiegi dituen ezin dugu esan, ez daukagulako zerekin konparatu. Badakit Belgikan ez dutela prozesua aurretik ziurtatu behar; gero ebaluatzen dute, eta kito. Hemen hiru ebaluazio jasotzen ditu pazienteak, eta hori lar garantista dela esan dute zenbait elkartek. Nik ez daukat informaziorik halakorik baieztatzeko. Dakidana da garantista izateak medikuoi pisu apur bat kentzen digula. Azkenean, ez da medikuak bere bakardadean hartzen duen erabaki bat, baizik eta bigarren batek eta hirugarren batek onesten dutena. Guretzat berme horiek onuragarriak dira. Egia da denbora joaten dela, prozesua luzarazten dutela eta pazientearen kalterako izan daitekeela. Hor dago balantza.

Zergatik ezin dira izan mediku kontsultorea eta mediku aholkularia talde berekoak?
Ekipo asistentzial desberdin batekoak izan behar dute legea zorrozki betetzen dela ziurtatzeko. Hori egiten da mediku aholkularia ez dadin egon presiopean bere lankide batek egin duen txostenari ezezkoa ematean. Kasu horietan sor litezke talka batzuk, eta horiek ekiditeko beste ekipo batengana joko da.

Legeak kontzientzia-objektorearen figura dakar. Ekarriko al du arazorik?
Kopuruaren arabera, bai. Askok eginez gero, arazo bat izan genezake. Abortua legeztatu zenean gertatu zena adibide bat da. Egia da urte asko pasatu direla, eta ikusi behar dugu gure lankideek zelan erreakzionatuko duten. Nik esperantza daukat. Pandemia batetik gatoz, eta profesionalek egin behar zutena egin dute, nahiz eta ez izan atsegina eta ziurra. Uste dut arduratsuak izan garela kasu horretan, eta lege hau aurrera eroaten ere arduratsuak izango garela.

Zein da eutanasia eta suizidio lagunduaren arteko desberdintasuna?
Suizidio lagunduan bere buruaz beste egiten du pazienteak, zuk ematen dizkiozun botika batzuekin, baina berak hartzen ditu. Eutanasiarekin, berriz, guk sartzen diogu zainetan medikazioa. Pazienteen esku dago, eta aukera dezakete bietatik zein, eta non: etxe batean, egoitza batean, ospitalean bertan…

Itsaso Bengoetxea Galdakao-Usansoloko Ospitalean emandako saio kliniko batean.

Nola funtzionatuko du Berme eta Jarraipen Batzordeak?
Hiru lurralde historikoetako 25 pertsonak osatzen dugu batzordea. Bioetikan adituak izateaz gain, hainbat soslai profesionaletako jendea gara: medikuak, legelariak, erizainak, psikologoak, gizarte-langileak… Printzipioz gure lana kasu guztiak aztertu eta berrestea da. Horretarako, nik, zuzendari moduan izendatuko ditut bi edo hiru pertsona kasuko –behar beste– eta horiek txosten bat egin beharko dute, alde zein kontra. Aldekoa egiten badute, mediku arduradunari pasatuko diogu bidean jarraitu eta zerbitzua eman dezan. Bi-hiru pertsona horien artean ez badago adostasunik, batzorde osoa batu beharko litzateke, eta hogeita bostok adostasun batera heldu beharko ginateke. Hori bidaliko zaio gero medikuari.

Zein pazientek eska dezake eutanasia edo suizidio lagundua?
Bi paziente-mota daude: alde batetik gaixotasun kronikoa dutenak daude. Gaixotasunak gutxiagotasun fisiko edo psikologiko bat eta sufrimendua eragiten die, eta ez dute izaten atzera-buelta egiteko aukera errealik. Beste alde batetik gaixotasun hilkor bat diagnostikatuta dutenak daude. Sufritzen ari dira, eta pronostiko oso mugatua daukate, adibidez, minbizia edo gaixotasun neurodegeneratibo azkar bat dutenak.

Gogoa egon da Osakidetzan honelako lege bat onar zedin?
Honelako pazienteak artatzen ditugun medikuok jakin badakigu eutanasia eskari batzuk badaudela. Ez dira asko, baina badaude. Urteetan egon dira, eta batzuk publikoak izan dira eta beste batzuk ez. Beharrezkoa da honelako lege bat egotea? Lege hau hutsune bat betetzera dator. Azkenean, heriotzaren etapa duintzeko beharrezkoak dira zaintza aringarriak, baina eutanasiaren lege honek borobildu egiten du prozesua, badaudelako zaintza aringarrietatik kanpo geratzen diren paziente batzuk.

Osakidetza prest dago honetarako?
Prestatzen dabil. Tamaina honetako lege bat hiru hiletan martxan jartzea daramagun urte eta erdiarekin… Gainera, uda aurretik osasun-sistemak nahiko makal gelditzen dira opor-kontuekin. Ez da momenturik egokiena horrelako lege bat ateratzeko, eta tarte laburra izan dugu prestatzeko. Egia da heldu direla protokoloak eta lantzen ari garela. Etengabeko formazio bat izango da. Belgikan 20 urte daramatzate eutanasiaren legearekin, eta, egun, jarraitzen dute formazioak egiten.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other