agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

«Gogorra da pazienteek beren egunerokoa zerotik hasi behar izatea»

Uxue Alargunsoro Muruamendiaraz • Erizaina

Uxue Alargunsoro Muruamendiaraz erizainak Osasun Zientzietako gradu-amaierako lanen jardunaldian parte hartu du, ‘Osagaiz’ aldizkariak antolatutako aurrenekoan. ‘Erizainaren esku-hartzea zainketa intentsiboetako unitate-osteko sindromearen prebentzioan’ lana aurkeztu du, eta uste du aukera oso ona dela norberak bere lana ezagutarazteko eta gainerakoek landutakoa ezagutzeko.

Zergatik erabaki zenuen gai hau lantzea?
Erizaintzako azken urteko lehenengo praktikak Donostiako Ospitalean egiteko aukera izan nuen, Zaintza Intentsiboetako Unitatean, eta COVIDaren ondorioz sortutako pandemian harrapatu ninduen. Hasieran, COVID-patologia izandako paziente batzuk ezagutu nituen, baina, gero, segituan bete zen unitatea COVID gaitza zuten pazienteez. Praktiketan ari nintzela ohartu nintzen egonaldi horrek ondorio asko uzten zizkiela pazienteei, oso errekuperazio prozesu luzea behar izaten zutela. Egoera horiek hain gertu ikusteak ondorio horien inguruan informatzeko interesa piztu zidan. Erizainok pazienteekin zuzeneko arretan denbora asko pasatzen dugunez, pentsatu nuen zer egin genezakeen paziente horien pronostikoa hobetzeko, ondorio horiei aurrea hartzeko edo, gutxienez, ebaluatzeko, ondoren ondorio gutxiago izan zezaten.

Praktiketan hasi aurretik landu al zenuten gaia graduan?
Ez. Egia esan, graduan gehien gustatzen zitzaizkidan gaiak onkologia eta zainketa intentsiboak ziren, baina, zainketa intentsiboena gutxiago ezagutzen nuenez, gehiago jotzen nuen onkologia gaietara. Praktiketan hasi nintzenean, berriz, asko gustatu zitzaidan unitate hori.

Gustatu bai, baina gogorra ere izango zen bertan lan egitea, ezta?
Errespetu handia ematen du. Gainerako lankideen babesa genuen, baina oso egoera gogorrak eta zailak izan dira.

Lanean aipatzen duzu badirela sindrome horri aurrea hartzeko bideak. Praktiketan aritu zaretenean, ikusi duzu horiek martxan jartzeko aukerarik?
Sindrome honen prebentzioa oso zabala da, bakoitza mundu bat delako eta modu batean eragiten diolako. Baina, gai honen inguruan informatuta, ikusi dut posible dela. Profesional askoren lana barnean hartzen duen prebentzio bat da, eta iruditzen zait badaudela, nik ikusi dudanaren arabera, Donostiako Ospitalean praktikan jarri diren gauza batzuk; beste batzuk oraindik ez, baina posible izango litzateke. Gainera, ospitaleko erizain batzuekin hitz eginda, badakit COVIDa iritsi baino lehen ere hasiak zirela beste proiektu batzuk martxan jartzen. Horietako bat da «Zaintza intentsiboak humanizatzen» izenekoa. Halakoak martxan jartzen saiatu dira, baina COVIDarekin dena hankaz gora jarri zen; halere, badakit egoera lasaitzean berriro helduko diotela proiektuari.

«SINDROME HONEN PREBENTZIOA OSO ZABALA DA, BAKOITZARI MODU BATEAN ERAGITEN DIOLAKO»

Prebentziorako, ABCDEF sorta zer den azaltzen duzu: sedazioa, terapia farmakologikoa, eldarnioa, errehabilitazio goiztiarra eta familiaren parte-hartzea uztartzen dituena. Profesionalen arteko elkarlana eskatzen du horrek?
Dena lotuta dago. Baten lana bestearekin uztartu behar da; profesional guztiek batera egin behar dute lan. Erizainek, medikuek, fisioterapeutek, erizaintzako laguntzaileek… norberak bere alorra landuta eta denen artean guztia uztartuta, prebentzio hori aurrera eramaten da.

Sindromeak pazienteengan dituen ondorioen artean, bizi-kalitatea okertzea dago. Horregatik, garrantzitsua al da garaiz atzematea?
Bai, batez ere adindunen kasuan. Adinak zeresana dauka, baina ikusten dira ere ZIUn denbora luzez ospitaleratuta egon diren paziente ez-adindunen kasuak. Arrisku-faktoreak oso zabalak dira, eta gogorra da paziente horiek beren egunerokoa zerotik hasi behar izatea eta errekuperazio-prozesu luze hori egin behar izatea; horregatik, iruditzen zitzaidan garrantzitsua zela jakitea horri nola aurrea hartu eta nola landu, pazienteen bizi-kalitatean eragin txikiagoa izateko.

Nolako ondorioak ditu zehazki sindrome horrek?
Hiru eremu nagusi hartzen ditu: batetik, narriadura fisikoa, eguneroko jardueretan duen eragina; denbora luzez oheratuta egon direnez, oso mugikortasun murritza izaten dute, mina ere bai, askotan prozesu mingarriak izaten direlako, eta hartzen duten medikazioak ere eragina izan dezake. Bestetik, urritasun kognitiboak, estres fisiko eta psikologiko handia pairatzen dute pazienteek ospitaleratuta dauden bitartean, eta horregatik informazioa prozesatzeko zailtasunak izan ditzakete luzera begira, eta ikusi da hori guztia lotuta egon daitekeela hartzen duten medikazioarekin eta dituzten aurrekari pertsonalekin. Eta, bestetik, gaixotasun mentalak, egonaldi horrek pazienteei sor diezaiekeen depresioa, antsietatea, trauma-osteko estresa…

Lana amaitzean, nolatan erabaki zenuen Osagaiz aldizkariak antolatutako jardunaldietan parte hartzea?
Unibertsitatean eman ziguten jardunaldien berri, eta oso aukera ona iruditu zitzaidan nik landutako gaia ezagutarazteko. Ordu asko eman nituen lan hori egiten, eta ez nuen aurkezpen huts batean geratzerik nahi. Ikasitakoa beste ikasle batzuekin partekatu nahi nuen, eta ikusi jendeak zer ikertu eta landu zuen. Aukera polita iruditu zitzaidan.

Egoera dela eta, online egin zenituzten aurkezpenak. Nola sentitu zinen?
Oso pertsona urduria naiz, eta online eginda errazagoa egin zitzaidan. Jendea ikusten duzu, baina ez da aurrez aurre egotea bezala. Egitasmo hau aurrera eramateko baliabide bat izan da. Gustura sentitu nintzen; oso giro ona zegoen; talde txikitan egin genuen. Atsegina izan zen.

Nolako feedbacka jaso zenuen?
Gaiak interesa duela. Ez da egunero entzuten den gai bat. Orain COVIDarekin egia da gehiago entzuten dela, baina nik uste jendearentzat ere gai berri bat izan dela, baita ikertzeko interesgarria ere.

Zer iruditu zitzaizkizun gainerakoen aurkezpenak?
Jendeak oso lan politak egin ditu. Gaiak ere interesgarriak izan ziren, ez oso entzunak, eta nahiko berritzaileak. Ezer ez jakinda, gai batzuen inguruan informazio pixka bat jasotzea ondo dago besteen aurkezpenak entzunez.

Gomendatuko zenieke jardunaldietan parte hartzea datorren urtean gradu-amaierako lana egingo dutenei?
Bai. Iruditzen zait aukera ona dela zure lana partekatzea, eta ez gelditzea bere horretan sei hilabetez landutako gai bat. Gainera, jendeak egindakoak ezagut ditzakezu, beste gai batzuen inguruko informazioa jaso, zabaldu, partekatu..

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other