agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Haur eta nerabeen osasun mentala jokoan

Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarean % 28 igo da kasuen kopurua 11 hilabetean. Profesionalek ez dakite pandemiaren ondorioz izan ote den, baina uste dute egoerak bai eragin duela nerabeen eta haurren garapenean. Suizidio-ideiak eta elikadura-portaeren nahasmendua izan dira kasurik nabarmenenak.

Pandemiak gogor astindu ditu bazterrak. Eragin handia izan du herritarren osasunean, baina, egoera fisikoaz gain, oso gogor jo ditu ere pertsonen egoera psikologikoa eta gogo aldartea. Orain hilabete batzuk, zenbait profesional osasun mentala tratatzeko baliabide gehiago behar zirela esaten hasi ziren, baita esaten ere pandemiaren laugarren olatua osasun mentalarena izango zela. Helduak ez dira garai latzak igarotzen ari diren bakarrak: haurrengan eta nerabeengan ere eragin handia izan du pandemiak osasun mentalari dagokionez.

Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko Haur eta Gazteen Zerbitzuetan ere errealitate horrekin egin dute topo azken hilabeteotan. Hain zuzen, % 28 igo da kasu berrien kopurua. Begoña Garmendia Haur eta Gazteen Kudeaketa Klinikoko Unitateko buruak azaldu duenez, konfinamendu garaian eta konfinamenduaren ondoren nahiko lasai ibili dira lanean, eta eskaerek behera egin dute. Halere, 2020ko udaz geroztik, goitik behera aldatu da egoera: eskaera pila bat jasotzen hasi dira, eskaera larriak gehienbat, eta gorakadarik handiena hiltzeko gogoa dutenetan gertatu da. Garmendiaren arabera, hil nahian ailegatu dira haiengana, bizitzak zentzurik ez duela eta. Lehen ere izan omen dituzte holako kasuak, baina ez hainbeste: «Oso gaizki iritsi dira. Batzuk suizidio saiakerak eginda, beste batzuk saiakerarik egin gabe baina erabat horretaz hitz egiten, oso triste. Hori oso latza izan da». Egoera zail horri aurre egiteko, gainera, baliabide gutxi izan dute momentu horretan. Ospitaleetan ez dute izan ohe nahikorik; Gipuzkoan nerabeak Psikiatrian ospitalizatzeko zortzi oheko unitate bat dago, eta ohe horiek segituan bete dira. Ondorioz, jendea ospitalizatzeko oso zailtasun handiak izan dituzte. Maiztasuna handitu beharra izan dute, alegia, artatu behar zituztenak maiztasun handiagoarekin ikusi behar izan dituzte, jarraipen egokia egingo bazieten.

«OSPITALEETAN EZ DUTE IZAN OHE NAHIKORIK; HAUR ETA NERABEEN PSIKIATRIA ZORTZI OHEKO UNITATE BAT DA, ETA OHE HORIEK SEGITUAN BETE DIRA»

Suizidio-ideien kasuez gain, elikadura-portaeren nahasmendua dutenen kopurua ere handiagoa izan dela adierazi du unitateko buruak. Dezente kasu gehiago izan omen dira, eta gorakada orokorra izan omen da, hau da, Euskal Herrian bezala baita Europan ere. Haatik, igoerak baino gehiago, pazienteen egoerak kezkatu du Garmendia, suizidio-ideien kasuan bezalaxe; horiek ere oso era txarrean ailegatzen baitziren unitatera: «Oso gaizki iristen ziren, GMI gorputz-masaren indize oso apalarekin. Lehen, orokorrean, 15eko indizetik beherakoak ospitalizatzen baziren, oraingo honetan, denak 15etik beherako indizearekin iritsi dira kontsultetara; baten bat baita 12koarekin ere. Fisikoki oso gaizki zeuden, ospitalizatzeko premian, baina, ospitalean portaera horiek dituztenak Psikiatrian ospitalizatzen direnez, ez da egon haientzako behar adina oherik».

Mugatuta eta larrituta
Garmendiak ez daki gorakada hori zuzenean pandemiaren eraginez izan ote den, eta ez du uste egoera zail honen ondorioz soilik izan denik. Haren arabera, nerabeen garapenean suerta daitezkeen arazoak dira mota horietako nahasmenduak eta pentsamenduak, eta baliteke pandemiak prozesu edo garai hori zaildu izana. Hain zuzen, hasieran etxean sartuta egon behar zen garaian, pazienteek denbora gehiago igarotzen zutenez gurasoekin, batzuek hobera ere egin zuten. Zer faktorek eragin duten galdetuta, Garmendiak adierazi du gazteek harreman gutxiago izan dutela jendearekin, eta denbora asko pasatu dutela gailu elektronikoekin, errealitate birtualarekin, makinekin eta telebistarekin, bakarrik, baina uste du errazegia dela errua horri soilik egoztea. Gainera, azaldu duenez, lehen mailako arretako aurrez aurreko oso kontsulta gutxi egon dira, asko telefonoz egiten baitziren, eta horrela konplikatuagoa da, are gehiago umeekin eta nerabeekin; gurasoek esandakoekin egin dituzte balorazioak, haien kezkekin, eta denbora igaro den heinean askoren egoera txartuz joan da.

Beste faktore bat ere aipatu du: larritasuna. «Denok beldurtuta egon gara. Nerabezaroan, adinagatik eta garapenagatik, larritasun asko sortzen dira, eta erantzunak ere larritasunarekin eskatzen dituzte. Berez, beren sistemak dituzte horri aurre egiteko: lagunak, eskola, familia… Baina hori guztia aldatuta egon da, eta eskoletako egoera latza izan da: maskara jantzita, taldeak mugatuta, ikasleak asko mugitu gabe… Horrek umeak eta nerabeak batez ere asko mugatu ditu beren eginkizunetan». Horregatik ere izan den? Bada, Garmendiak ez daki, eta esan du pazienteek, oro har, ez dutela esaten egoera oso gogorra izan denik, baina bai pentsatzen duela zerikusia izan dezakeela.

«EZ DAGO BEHAR ADINA PROFESIONAL PLAZA GUZTIAK BETETZEKO»

Langile eta baliabide falta
Kasu kopurua igo egin den arren, langile-kopurua bere horretan egon da. Ondorioz, langileak gainezka eginda daudela nabarmendu du Garmendiak. Oraingo kasuek maiztasun handiagoa eskatzen dutenez, ospitalizatzeko oherik ez dagoelako, horrek gainkarga oso handia dakarrela esan du, eta tentsio handiagoa. Gainera, langile gehiago ez, gutxiago ere aritu dira: «Gure zerbitzuan erretiro dezente egon dira, eta asko kostatu zaigu jendea ekarraraztea. Badirudi ez dagoela… Psikiatrak, psikologoak, gizarte-langileak eta erizainak falta dira. Ez dago behar adina jende dauden plazak betetzeko, ordezkapenak, bajak eta abar». Tarteko estrukturen falta ere oso nabarmena omen da, eguneko zentroak eta. Dioenez, horietan pazienteak ordu gehiagoz ikusten dira, eta horrela errazagoa da zailtasunei aurre egiten laguntzea, kontsulta arruntak mugatuak izaten baitira. Pandemiaren aurretik ere, horien falta nabaritzen zuten, eta orain, askoz gehiago.

Etxera joandakoan zama kentzea zailagoa izaten ari da hilabete hauetan osasun mentalean haur eta nerabeekin lan egiten duten profesionalentzat, nahiz eta ohituta egon horrelako kasuak ikustera. Izan ere, egun duten tentsioa handiagoa da, ez dute baliabide nahikorik, eta horrek guztiak asko eragiten die. Horretarako, bakoitzak bere lan pertsonala egin behar duela uste du: «Baina egoera honetan dena da larriagoa».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other