agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Heriotza baztertzen dugu, eta ez dugu behar bezala lantzen»

Ianire Elgezabal • Erizaina eta organista

Pandemia hasi baino lehen aurkeztu zuen Ianire Elgezabalek doluari buruzko lana, baina testuinguru berrian presentzia handiagoa hartu du gaiak. Erizaina eta organista da, eta artearekin daukan lotura estua azaleratu du margolan ospetsu batzuk doluaren faseekin lotuz.

Nondik sortu zen egitasmo hau?
Beti izan dut sentiberatasun berezi bat artearen munduarekin. Arte-diziplina guztiak gustatu izan zaizkit, eta musikaria naiz formazioz ere bai. Piano- eta organo-jotzailea naiz. Sentiberatasun hori kontuan hartuta, ikusi nuen osasungintzan emozioekin egiten dugula behar, eta, obra piktorikoak edo musika emozioz beteta daudenez, lotu egin nahi izan nituen. Azken finean, lanean topatzen ditugun emozio horiek erlazionatu egiten ditugu artean aurkitzen diren emozioekin.

Zergatik dolua bereziki?
Nire bizitzan galerak izan ditut. Doluarekin eta zainketa paliatiboarekin interes berezia izan dut, eta ez da lehen aldia honi buruzko lan bat egiten dudana. Orain dela lau urte, antzeko lan bat egin nuen zainketa paliatiboei buruz, eta hura ere saritua izan zen. Azkenean bide bat da; nire galerak abiapuntutzat hartu ditut, eta bide bat egin dut nire emozioekin kontaktuan jartzeko.

Zuk igarri duzu zure inguruan ezintasunen bat egon dela dolua ondo kudeatzeko?
Nik uste dut sarritan dolua ekiditen dugula. Guk ez dugu sufritu nahi, eta kasu askotan ez dugu onartzen hilko garela. Min egiten digunez, saihestu egiten dugu. Heriotza baztertzen dugu, eta ez dugu behar bezala lantzen. Horregatik datoz egokitzapen-arazoak. Ez badugu aurretik landu, gero errealitate berrira egokitzea zailagoa izaten da. Oro har, ez da lanketarik egiten heriotzaren eta doluaren inguruan.

Igarri duzu pandemian jendeak ezin izan duela dolua behar den moduan egin?
Pandemiarena oso egoera berezia izan da. Ez da gauza bera «eguneroko» dolu bat egitea edo pandemian sortu den egoera berezia. Azkenean, jendea bakartuta egon da, jende asko bakarrik hil da, familia ikusi barik; hil eta gero ezin izan dute agurra behar bezala egin… Egoera berezia izan da, eta horrek dolu berezia behar du. Ezin dira konparatu. Inor ez dago prestatuta pandemia batean doluari aurre egiteko.

Zuk diozu alde batera utzi beharrean hutsuneari aurre egin behar zaiola.
Nik uste dut onartu behar dugula hemen momentu baterako gaudela. Azkenean, denok hilko gara. Bestela, gehiago kostako zaigu momentu horretara heltzean. Zaila da, baina berba egin behar da horri buruz, eta gure emozioekin harremana izan behar dugu. Jakin ea zer sortzen digun heriotzaren gaiak. Uste dut hori onartzen badugu, galera onartzea errazagoa dela. Galerak ez dira errazak, eta sufrimendua dakarte. Egokitzapen-prozesu bat dakarte, askotan luzea dena, baina, aurretiaz lanketa bat eginez gero, hobeto kudeatuko dugu.

Bost margolan aukeratu dituzu, eta doluaren fase batekin lotu duzu bakoitza.
Bai. Faseekin lotu ditut, baina horrek ez du esan nahi fase guztietatik igarotzen garenik, ezta ordena horretan gertatzen direnik ere. Ez naiz iritzi horretakoa, eta gaur egun beste teoria batzuk daude. Azkenean dolua prozesu bat da, eta ez da beti bera izaten. Nik margolan horiek adierazten didaten emozio hori lotu nahi izan dut fase bakoitzarekin.

Zein dira emozioen faseak?
Ukapenarena da bat, eta hori Nicola Pucciren Donna allo specchio margolanarekin lotu dut. Koadro horretan, emakume bat ispiluaren aurrean dago, baina haren isla lausotuta dago, eta ez da ondo ikusten. Niretzat aniztasun-sentsazioa helarazten du, geruza ugaritan dagoelako margotuta. Ukapen-fasean askotan ez dugu geure errealitatea behar bezala ikusten.

«ORO HAR EZ DA LANKETARIK EGITEN HERIOTZAREN ETA DOLUAREN INGURUAN»

Haserrearena da beste bat hori Leonardo Da Vinciren La Battaglia di Anghiari-rekin lotu dut. Margolan horretan, Florentziako ikurra edo estandartea lortzeko borroka nekaezin bat ikusten da. Hor, artistak pertsonekin duen ikuspegi ezkorra adierazten duela uste dut. Beldurrak gainditzeko borrokatu egin behar dela uste dut. Doluan ere haserrea dago. «Zergatik hil da?», galdetzen diogu geure buruari, eta batzuetan haserretu egiten gara gure ingurukoekin.

Hirugarrena negoziazioarena da, Goyaren grabatu batekin lotu dudana, El sueño de la razón produce monstruos. Niretzat bi esanahi dauzka. Bata, lo dagoenaren arrazoimenarekin lo egitea, eta bestea esna dagoen arrazoimenarekin amets egitea. Azken horretan agertzen dira mamuak, haserreak eta kezkak. Horregatik lotu dut negoziazioarekin, azkenean munstro horiekin negoziatzen dugulako.

Hurrengo margolanetan inflexio-puntu bat ikusten da, ezta?
Bai, hor jada hasi gara onartzen egoera berria, edo, behintzat, errealitate berrira egokitzen hasi gara. Hurrengo margolana depresioarekin lotu dut, Edvard Munchen Melankoli da. Argi ikusten da triste eta malenkoniatsu dagoela protagonista. Gainera, Munchek «arima disekzionatzaile» bezala zuen bere burua. Ikusten da galduta eta pentsakor dagoela. Agian bere existentziari buruz gogoetatzen. Askotan, doluan zehar, galdetu egiten diogu geure buruari galerak zer esan nahi duen eta hortik aurrera bizitza zelakoa izango den.

Azken fasea onarpena da, eta Zinaida Serbriakovaren Apain-mahaian. Autoerretratua margolanarekin lotu dut. Egokitzapena egin dugunean dator onarpena, errealitate berrira egokitu garenean. Eraldaketa bat egon da gure bizitzan.

«JAIOTZETIK HIL OSTERA ARTE IKUSTEN DITUT PERTSONAK»

Koadro guztietatik alaiena edo baikorrena dela ematen du.
Bai, nik uste dut askotan galerak gainditzeari buruz egiten dugula berba, eta nik ez dut oso gustuko terminologia hori. Nahiago dut eraldaketa-hitzarekin definitu, transformazioarekin. Galera hori beti egongo da, zurekin biziko da beti, baina eraldaketa-prozesu horretan errealitate berria onartu duzu, eta aurrera jotzen duzu.

Organista ere bazara elizan. Oso presente izan duzu heriotza zure ibilbidean?
Bai, egunero. Galdakaoko organista naiz, eta, egunero ez bada, ia egunero hiletak egoten dira. Ni erizaina naiz, umeena eta helduena, eta organista bezala heriotza ikusten dut. Beraz, jaiotzetik hil ostera arte ikusten ditut pertsonak, hil ostean ere kontaktua daukadalako familiekin, galera horrekin eta doluarekin. Erizain moduan emozioekin egiten dugu lan egunero, baina musika aldetik ere emozioekin egiten dugu lan. Familiek batzuetan musika jakinen bat eskatzen didate, pertsona horrentzat berezia izan zena agian. Kontaktu handia daukat heriotzarekin.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other