agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Parte-hartzaileen esperientzian oinarritu gara gida osatzeko»

Pilar Rodriguez • SEMG Mediku Orokorren eta Familia Medikuen Espainiako Elkarteko lehendakariordea

COVID iraunkorraren gida argitaratu zuten maiatzean, eta urtea amaitzerako bigarren bertsioa egin nahi dute, datuak eguneratuta. Pilar Rodriguez SEMG Mediku Orokorren eta Familia Medikuen Espainiako Elkarteko lehendakariordea izan da proiektuaren koordinatzailea, Lorenzo Armenterosekin batera. Administrazioari eskatu dio gida hau praktikan jartzeko eta profesionalei laguntza eskaintzeko.

Nola izan da prozesua?
Gida honen lehen bertsioa maiatzaren 1ean argitaratu zen. Iazko irailaz geroztik ari gara lanean, eta gidak bi kolaboratzaile nagusi ditu: Long Covid ACTS kaltetuen kolektiboa eta SEMG Mediku Orokorren eta Familia Medikuen Espainiako Elkartea. Urte amaieran, elkarlanean aritzeko proposamena baloratzen hasi ginen. Aurtengo urtarrilaren 15ean, bilera bat egin genuen zientzia-elkarteekin gidan parte hartzeko aukera emateko. Bertan, zientzia arloko 47 elkarte, beste arloetako elkarte batzuk, profesionalen elkargo batzuk eta pazienteen hainbat elkarte batu ziren. Eta, hortik abiatuta, kolaborazio-lan bat egin genuen, 47 parte-hartzaile horien artean adostu genuen zirriborro bati buruz; orain, 3 parte-hartzaile gehiago batu dira. Denak prest daude uda ondoren egingo dugun bigarren bertsioan lan egiteko, eta asmoa da gida urtea amaitu baino lehen osatzea.

Zu, gainera, koordinatzaileetako bat izan zara, Lorenzo Armenterosekin batera.
Kolaboratzaileekiko harremanaz arduratu naiz, eta proposamen guztiak biltzen saiatu naiz. Izan ere, 47 talde izan dira, baina 150 pertsona baino gehiago. Eta asko izan direnez gai berari eta dokumentu berari buruz iritzia ematea, ez da prozesu erraza izan. Batez ere, ezagutza eskasa duen gai baten inguruko prozesua izan delako. Gero eta ezagutza handiagoa dago COVID-19 iraunkorrari buruz, baina oraindik ere lan handia egin behar da jakiteko zeri egiten ari garen aurre. Azpimarratu behar dut parte hartu duten guztiak oso ulerkorrak izan direla eta oso jarrera ona izan dutela gauzak adosteko.

Gaixotasun ezezagun samarra izanda, zer informaziotan oinarritu zarete?
Sortzen ari zen ebidentzia guztian oinarritu gara; izan ere, nazioarteko talde kolaboratiboek aurkezten zuten ebidentzia handi eta ertainen dokumentazio zientifikotik hasi da hau guztia. Abantaila da denon artean elkarlanean arituz gero, askoz errazagoa dela espezialitate eta diziplina guztietan dagoen ebidentzia guztia berrantolatzea eta lerrokatzea, egokiena hartuta eta garrantzi eta pisu zientifiko gutxien duena alde batera utzita. Hain zuzen ere, horixe da lan kolaboratiboaren indarra, eta, horretaz gain, ebidentziarik ez dagoenez, parte-hartzaile guztien esperientzian ere oinarritu gara.

Zein da gida honen helburu nagusia?
Gida honen helburu nagusia da COVID iraunkorra edo Long Covid duten pazienteei ematen diegun arreta hobetzea, eta, hortik abiatuta, eta helburu nagusi hori lortzeko, profesionalei tresna bat ematea paziente horiek artatzen laguntzeko. Izan ere, ezin dugu onartu paziente batzuek tratu bat jasotzea eta beste batzuek beste bat, gertatzen ari den bezala. Zeren batzuk estigmatizatuta baitaude eta profesionalek muturreko bi gauza esaten dizkiete pazienteei, kasuaren arabera. Batzuek esaten diete oso gaizki pasatu dutela eta horregatik daudela dauden bezala, baina dena kontu psikologiko bat dela. Beste profesional batzuek, aldiz, proba pila bat egiten dizkiete pazienteei, eta proba horietako askok ez diete irizpide zientifikoei erantzuten. Egin beharreko proba guztiak egin behar dira, baina ez ditugu ahaztu behar analisiak, miaketak, diagnostiko egokiak… Eta ez naiz soilik medikuez ari, baizik eta erizainez, psikologoez, terapeutez eta abarrez ere, denek hartzen baitute parte prozesuan. Profesionalki eskuragarri dagoen guztia ordenan jarriko duen gida bat behar da, denek arreta bera jaso dezaten, edo, behintzat, gutxiengo baldintza batzuk bete daitezen eta pazienteek jarraipena izan dezaten.

«EZIN DUGU ONARTU PAZIENTE BATZUEK TRATU BAT JASOTZEA ETA BESTE BATZUEK BESTE BAT»

Besteak beste, elkarteek kasuen zenbaketa bat egiteko eskatu dute, baita protokolo eta unitate espezifiko bat ere.
Lehenik eta behin, arazoa ezagutu behar dugu, eta, horretarako, zehatz-mehatz jakin behar dugu zenbat diren kaltetuak eta zer afekzio-mota dagoen, eta zein den egoera. Horretarako, batetik, erregistro bat behar da, eta, bestetik, identifikatuko dituen kodifikazio bat, eta hori da oinarria; ondoren, arreta eta orientazio, diagnostiko eta abordatze terapeutikoa izateko, izan behar duen moduan.

Gida hau aurrerapauso bat izan daiteke zenbaketa hori lortzeko?
Gida honi esker, behin kaltetutako pazienteak identifikatuta, profesionalek orientabide egokia izan dezakete paziente horiek artatzeko. Horretarako, aldez aurretik, pazienteak identifikatuta eta erregistratuta eduki behar dira.

Gaur egun COVID iraunkorraren inguruan dakigunaz gain, zer falta da jakiteko?
Gauza asko falta dira, baina gauza batek du lehentasuna: epidemiologiak. Alegia, zerk eragiten duen gaixotasuna paziente horiengan. Horregatik, oso garrantzitsua da ikerketak egitea eta pazienteak zehaztea. Gaixotasunaren adierazpen klinikoen nahasketa bat ere badago, eta, horregatik, pentsa daiteke kausa bat baino gehiago egon daitezkeela gaixotasun hau garatzeko. Oso garrantzitsua da hori identifikatzea, kausa ezagutzen badugu, nola jokatu edo nola tratatu jakingo dugulako. Bestalde, jakin behar dugun beste gauza oso garrantzitsu bat da sintomen iraunkortasuna garatzeko arrisku handiagoa dutenak identifikatzea. Kutsatu den pertsona batek sintomak baditu eta sintoma horiek larriak badira, edo adierazten badute konplikazio larri bat izan dezakeela, tratamendu berezi bat jaso behar du. Gainerakoek ez dute tratamendu berezirik jasotzen. Modu horretan, hiru paziente mota identifikatu beharko lirateke: batetik, gaixotasun larri bat garatzeko probabilitate handia dutenak; bestetik, sintomek irauteko probabilitate handia dutenak; eta gainerakoak, gaixotasun larri hori izateko eta sintomek irauteko probabilitate handia ez dutenak.

Kausak ezezagunak izan arren, ikerketek diote COVID iraunkorra dutenen artean gehiago direla emakumeak gizonak baino.
Hori da. Bi ikerketatan oinarrituta dagoen oinarrizko tipologia bat dago: batetik, nazioarteko kaltetuen kolektiboak egindako ikerketa batean, Hannah Davis buru zela, eta, bestetik, SEMG eta Long Covid ACTS kolektiboak egindako beste bat. Bi azterlan horietan ondorioztatu da gehienak emakumeak direla, % 79-80 inguru, batez beste 43 urte dituztela, gazteak direla, % 50ek 35 eta 50 urte bitartean dituztela, eta gehienek aurretik ez zutela gaixotasuna areagotu dezakeen beste gaitzik.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other