agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Entzun!, euskara lantzeko podcastak

Gipuzkoan euskararen normalkuntza diharduten Osakidetzako teknikariek Entzun! egitasmoa abiatu dute elkarlanean, euskara ikasi eta landu nahi duten Osakidetzako langileentzat. Zazpi minutu inguruko podcast sorta bat ondu dute, eta Osakidetzak egiten duen lanarekin lotutako gai bat jorratuko dute audio bakoitzean, bi lagunen arteko elkarrizketa informal eta natural baten bidez. Osakidetzako langileek asteazkenero jasoko dute entzunezko bat.

Imajinatzen duzu euskara nahi duzunean, nahi duzun tokian eta nahi duzun bezala lantzeko aukera izatea? Entzun! egitasmoari esker, kalean erabiltzen den euskara, egunerokoa, freskoa eta naturala landu ahalko dute Osakidetzako langileek, zazpi minutu inguruko audioen bidez. Hain zuzen ere, Osakidetzako Gipuzkoako euskararen normalkuntzako teknikariek martxan jarritako proiektu berria da Entzun!, eta euskara ikasten ari diren edo euskara landu eta sakondu nahi duten langileentzat eginda dago. Osakidetzak egiten duen lanarekin ikustekoa duten gaiak landuko dira audio horietan, hala nola zotina, botikak, idorreria eta aharrausia. Urrian argitaratuko dute lehen podcasta, aurreneko asteazkenean, eta, hortik aurrera, astero-astero podcast bat jasoko dute Osakidetzako langileek posta elektronikoan. Gainera, intranet korporatiboko Euskara atalean ere eskura egongo dira atal guztiak.

«HELBURUA DA GAITASUNEAN ETA MOTIBAZIOAN ERAGITEA, ETA LANGILEARI IKASTEKO AUTONOMIA EMATEA»

Teknologiaren garapenarekin batera, hizkuntzak ikasteko eta lantzeko modua ere eraldatzen ari da, eta erreminta berriek abagunea ematen dute lengoaiak modu autonomoagoan eta eraginkorragoan barneratzeko. Horren adibide argia dira podcast izeneko entzunezkoak. Hainbat dira erreminta hori oinarritzat hartuta irakasten ari diren aditu, irakasle eta akademiak, eta, hain justu ere, errealitate horretaz jabetuta ekin zioten proiektuari Gipuzkoan euskararen normalkuntzan aritzen diren Osakidetzako teknikariek. Zenbait hilabetez, buru-belarri aritu dira lanean Bidasoko ESIko, Debabarreneko ESIko, Goierri-Urola Garaiko ESIko, Gipuzkoako Osasun Mentaleko, Debagoieneko ESIko, Tolosaldeko ESIko, Donostialdeko ESIko, Gipuzkoako Komunikazio Unitateko eta Euskara Zerbitzu Korporatiboko lankideak egitasmo hau aurrera ateratzeko. Ahaleginak fruitua eman du, eta, azkenik, urrian hasiko dira publiko egiten Osakidetzako entzungaiak.

Lagunen arteko elkarrizketak

Asteroko proposamena bi pertsonaren arteko elkarrizketa bat izango da, informala eta euskara praktikoa erabilita grabatutakoa. Entzunezko euskarriaz gain, langileek idatzizko euskarri bat ere jasoko dute, PDF formatuan. Hau da, podcastaren transkripzioa hitzez hitz. Horrela, langileak aukeratu ahalko du noiz, non eta nola landu nahi duen entzungaia. Elkarrizketa horretan, Osakidetzako langileentzat oso ohikoa den gai bat landuko dute, eta elkarrizketa guztietan beti egitura berari eutsiko diote: batetik, gai horri buruzko galdera bat egingo dute, eta elkarrizketan bertan jakingo da erantzuna; bestetik, aditu gonbidatu batek gai horri buruzko azalpen labur bat emango du; horrez gain, elkarrizketan gai horrekin lotutako terminoak aipatuko dituzte elkarrizketatuek, baita euskarazko esamolde batzuk ere. Aipatutako PDF fitxategian, idatziz jasota egongo da elkarrizketa, eta zerrendaturik agertuko dira erabili dituzten osasun-arloko terminoak eta esamoldeak, bakoitza bere definizioarekin eta gaztelaniazko ordainarekin.

Podcastaz haratago, elkarrizketan agertzen diren terminoak eta esamoldeak modu dibertigarri batean lantzeko eta barneratzeko era ere proposatu dute euskararen normalkuntzako teknikariek: Hitza pasa jolasa. Gurpil batean, alfabetoko letrak agertuko dira, eta letra batzuek definizioak gordeko dituzte. Definizio horren arabera, jokalariak asmatu beharko du zein esamolde edo termino eskatzen dion jolasak letra bakoitzean. Berak uste duena idatzi, eta erantzun zuzena ala okerra eman duen argitu ahalko du, gurpileko hitz guztiak asmatu arte.

Gaitasunean eta motibazioan eragitea

Hiru dira ekinbide honen xede nagusiak: gaitasunean eragitea, batez ere ahozkotasunean eta adierazgarritasunean, eta, bide batez, berariazko terminologia lantzea; motibazioan eragitea, eduki formalak modu ez-formalean ikasiz; eta langileari ikasteko autonomia ematea, erabaki dezan zer, non, noiz eta nola ikasi nahi duen. Hala ere, sustatzaileek nabarmendu nahi izan dute euren helburuen artean ez daudela ez euskalduntze prozesuak ordezkatzea, ezta ezagutza zientifikoa zabaltzea ere.

«BI LAGUNEN ARTEKO ELKARRIZKETA BAT IZANGO DA, INFORMALA ETA EUSKARA PRAKTIKOA ERABILITA»

Ez da lehen aldia elkarrekin ari direna Gipuzkoan euskararen normalkuntzan aritzen diren teknikariak. Izan ere, besteak beste, Erdi-mailako arduradunak, hizkuntza-normalkuntzaren giltzarri esku-liburua argitaratu zuten. Entzun! egitasmoa errealitate bihurtzeko ere ezinbestekoa izan da elkarlana, eta lanketa handia egin behar izan dute, eginbehar guztiak beren gain hartu behar izan baitituzte: gaiak aukeratu, gidoiak idatzi, elkarrizketak grabatu, adituekin harremanetan jarri parte har zezaten eskatzeko, autoretza eskubideen kontua bideratu… Grabazioak Bidasoko komunikazio arduradunak editatu ditu, eta PDFak eta posta elektroniko bidezko txantiloia Donostialdeko Komunikazio Sailak ondu ditu. Oso pozik daude emaitzarekin, eta sortutako materiala erabilgarria, praktikoa eta erakargarria izatea espero dute. Orain, entzunezkoak lau haizeetara zabaltzea baino ez da geratzen. Entzun!

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other