agenda » azaroa | HARPIDETU BULETINERA

«‘Eripoemia’-k aurkitu ninduen ni, eta ez alderantziz»

Lierni Azkargorta • Erizaina

Pasioz baina leunki hitz egiten du Lierni Azkargortak asebetetzen duenari buruz: idazteari buruz. Iruñea Hiria Nazioarteko Poesia Lehiaketako garailea izan da, eta, 3.000 euroko saria irabazteaz gain, aurkeztutako ‘Eripoemia’ poema bilduma argitaratuko dio Denon Artean argitaletxeak, urrian. Erizaina da lanbidez, eta, hain zuzen, lanean ikusitakoek inspiratu dute bilduma sortzeko.

Noiztik idazten duzu?
Oso txikitatik. Oparitu zidaten lehenengo egunerokoarekin hasi nintzen idazten. 19-20 urte nituenean, unibertsitatean hasi berria nintzela, ipuin batzuk idatzi nituen, eta lehenengo lehiaketetara aurkeztu nintzen. Sari batzuk irabazi nituen horietan. Gustura sentitzen nintzen, ikusten nuelako gutxienez besteei ere gustatzen zitzaizkiela, eta horri heldu nion. Lehen ipuinekin Laudioko Udala, Bizenta Mogel eta Eibarko Hiria lehiaketetan saritua izan nintzen; gero, Lizarrako Maria de Maeztu lehiaketan bi sari lortu nituen. 2019an hasi nintzen berriz; ipuin bat aurkeztu nuen Lizarrako Maria de Maeztu lehiaketara, eta saria irabazi nuen. Era berean, 2020an aurkeztu nuenak ere irabazi egin zuen. Guztira lau alditan izan naiz saritua Maria de Maeztu lehiaketan.

Ipuinekin hasi zinen, baina poesia ere idazten duzu.
2020an poema bat bidali nuen Lasarte Oriako literatur lehiaketara, eta irabazi egin nuen. Lehen ere poesia idazten nuen neure kasa, baina lehiaketetara ipuinak aurkezten nituen. Iruñeko honetara poema bilduma bat bidali dut, pausotxo hori eman dut.

Poema bilduma aurkeztu, eta irabazi egin duzu, gainera. Espero zenuen?
Izugarrizko sorpresa izan zen. Sari hau oso potoloa iruditzen zait. Oro har, sari guztiek egiten didate ilusioa, epaimahaikoei gustatzea bakarrik ikaragarria baita. Sari hau potoloa da liburu eran argitaratuko dutelako, eta pozik nago horrekin; nire lanak irakurria izateko aukera bat izango du, eta horrek betetzen nau gehienbat.

Eripoemia izena jarri diozu bildumari. Nondik dator izenburu hori?
Nik asmatutako hitz bat da, eta hiru zati ditu: eri aurrizkia eritasunetik dator, eritasunak gaixotasuna adierazi nahi duen aldetik, eta, aldi berean, erizaina naizenez, erizaintzari keinutxo bat egin nahi nion; poe poemaren edo poesiaren erro gisa izango litzateke; eta emia osasungintzan erabiltzen den atzizki modu bat, odolean dabiltzan elementuen berri ematen diguna, hala nola gluzemia, alkoholemia, anemia… Emia horrek odolaren irudi hori ekartzen digu. Laburbilduz, gaixotasuna eta poesia da, biak batera odolean dabiltzan garai moduko bat.

Liburuan aurrera zoazen heinean, hiru garaitan banatzen da. Garai horietarako enbrioi-geruzak erabili ditut, hau da, enbrioi baten eraketan beharrezkoak diren hiru geruzak: ektodermoa, mesodermoa eta endodermoa. Lehenengo garaia Ektodermia garaikidea da, eta hor sartu ditut gizartera begira edo kanpora begira dauden poemak. Erdiko garaia Inperio mesodermikoa da: gorputzaren barrura edo organoetara egindako bidaia moduko bat da, hormonak, begi barrua… adibidez, odol erauzketa batean oinarritzen den poema bat ere jasotzen da. Eta azken garaia, barruko geruza, Endodermia arkaikoa da, pentsamenduen eta sentimenduen erreinua, bihotzarena eta garunarena. Garai horretarako, Unamunoren senti-pentsatu kontzeptuan oinarritu naiz. Errealitatea ulertzeko modu gisa erabiltzen zuen berak senti-pentsatu aditza, eta horren inguruan sortutako garai bat da: sentimendua pentsatu eta pentsamendua sentitu.

Erizain-lanak inspiratzen zaitu edo laguntzen dizu idazten duzunean?
Asko. Poema batzuk idazteko, edo nik esango nuke, edozer idazteko, nonbaitetik jaso behar duzu, eta irakurri ere besteetatik irakurri behar duzu. Asko inspiratzen naute erizain-lanetan ikusten ditudan egoerek, pazienteek kontatzen dizkiguten arazoek. Lehen arretan egiten dut lan, eta etxeetara joaten gara. Etxeetan ikusten ditugun argazkiek eta bestelako objektuek gauza asko esaten dizkizute; ez da bakarrik pazienteak zer kontatzen dizun, baizik eta inguruan dagoen guztia. Asko betetzen nau erizaintzak, eta egia da balio didala lanean ikusten eta ikasten ditudan gauza asko poesiara eramateko.

«LITERATURAREN POLITENA ASKATASUNA DA, BATEZ ERE POESIAN; POESIA LIBREA DA»

Azaldu dituzun garaiek kutsu kritikoa dute? Nola deskribatuko zenituzke?
Gorputzaren kanpoaldetik barrualderako bidaia bat iradokitzen dute. Esango nuke, batez ere, lehen atalean, Ektodermia garaikidean, topatu ahal dela halako begirada kritiko bat, gizarteari zuzendurik dauden poemak jasotzen baitira. Bigarren eta hirugarren atala, bata organikoagoa denez eta bestea emozio eta pentsamenduen erreinu bezala aurkezten denez, ez nituzke kritikotzat joko. Oro har, Eripoemia, kritika baino gehiago, poema nahiko gordinak edo zorrotzak jasotzen dituen bilduma bat da. Heriotza, mina, gaixotasuna…bezalako gaiak poesiara eraman nahi izan ditut, baina betiere erizain naizenaren begiradapetik. Horretarako, osasungintzako termino eta eszena batzuekin hitz-jokoak egin eta poesiarekin uztartu nahi izan ditut. Bildumako poemetan barneratu ahala antzematen da osasungintzako espazio edo testuinguru hori. Gizartearen egoeragatik, eta erizain lanbidea gogorra izanik, ikusten duzu jendea oso gaizki pasatzen ari dela; zure gauza pertsonalak horiekin nahasten dira, eta min horiek nolabait ateratzeko bidea-edo izan da bilduma hau.

Zer espero duzu irakurleak sentitzea edo pentsatzea bilduma hau irakurtzean?
Literaturaren politena askatasuna da, batez ere poesian; poesia librea da: idazten duenari askatasuna ematen dio, eta irakurtzen duenari ere bai. Hori da poesiaren politena, eta horregatik da nire kuttunena. Nik idatzitakoak irakurtzen duenari zerbait sortzen badio, ikaragarria da niretzat; horrekin nahikoa daukat. Gustatu ala ez gustatu, baina zerbait sortzea, emozioren bat edo. Poemen zain eta arterietara askaturiko izotz eta suak, irakurlearengan hotza eta beroa eragitea nahi nuke; ez dadila epelean gelditu, behinik behin.

Zer esan dizute ingurukoek?
Nahiko isilean eduki dut. Sari hau ere ez nuen espero. Poemak gordinak dira, eta pixka bat azaltzen dute nola nengoen ni poema bilduma hau idatzi nuenean. Eripoemia-k aurkitu ninduen ni, eta ez alderantziz. Gaixo nenbilen; osasuna galdu nuen COVIDaren lehenengo olatuan, eta oraindik COVID iraunkorraren ondorioekin nabil. Berriro gaixotu nintzen, eta poema hauek guztiak sukarraldi batetik bestera etorri ziren. Egoera gogor horretan aurkitu ninduten poemek ni, eta horrela atera ziren argitara.

Ihesbide moduko bat izan dira?
Ihesbidea edo arnasa izan zen momentu horretan, eta egun batetik bestera bihurtu nintzen erizain beharrean paziente. Horrek azaltzen du beharbada hau guztia, nola nahasten ditudan erizain lana, minak, gaixotasunak… Eta atmosfera organiko hori.

Zein da hurrengo pausoa? Ba al duzu lehiaketarik begiz jota?
Urri bukaeran izango dugu Iruñean lehiaketaren ekitaldia, eta gero liburua argitaratuko da. Ea liburuak nolako harrera duen. Idazten jarraitzen dut, terapia-funtzioa baitauka niretzat. Isilpeko lan horretan nabil.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other