Gasteizko Judimendi auzoan, herritarren osasuna eta ongizatea hobetu nahi duen sare komunitario bat dago martxan. Koronabirusarekin, elkartzeko aukera gutxi izan arren, harremanari eutsi diote. Adin-talde guztien alde egiten dute lan, adinekoak barne. Askotariko jarduerak egiten dituzte, baita belaunaldien artekoak ere. Sustatzaileek osasunaren mugatzaile sozialak landu nahi dituzte, eta, gainera, uste dute pertsonen osasuna hobetu egiten dela gizarte-egitura baten bidez.
2015ean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendariordetzak, prestakuntza-ekintza baten bidez, planteatu zuten hainbat prozesu komunitario sustatzeko beharra. Araban bi proiektu egon ziren eta horietako bat izan zen Olagibeleko sarea, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzako bi teknikarik, Osasun Mentaleko erizain batek eta Olagibel Osasun Zentroko beste batek bultzatua. Halaber, «hasi eta berehala ikusi genuen zein zaila zen hainbeste biztanle eta hain desberdinetara iristea, beraz, Judimendi auzora mugatzea erabaki genuen», dio Lola Ureña (Burgos, 1962) Osasun Publikoko teknikariak.
Osasun kuantitatiboari eta kualitatiboari buruzko diagnostiko bat egin zuten, auzoko eragile soziosanitarioekin elkarrizketak eginez (auzo-elkartea, parrokia, gizarte-etxea, adinekoen kultura-zentroa, udaleko oinarrizko gizarte-zerbitzua, diputazioa, ikastetxea, kale-hezitzaileak, Cáritas, merkataritza…) eta auzokoei inkestak eginez. Auzoaren ezagupenarekin, sarea sortu eta osasun-diagnostikoa egin ondoren, auzoko indarguneak eta beharrak identifikatu zituzten, eta guztien parte-hartzearen bidez ekintzak lehenetsi eta pixkanaka ekin zioten antolatzeari. Aldi berean, logo bat sortu zuten baita harremanetan jartzeko mezu elektroniko bat ere, denentzako informazioa helarazteko.
Sarea auzo osoari ezagutarazteko, jaialdi txiki bat antolatu zuten. Bertan, sareko partaide gehienek auzotik eta auzorako jarduerak egin zituzten, hala nola: auzoko baliabideak belaunaldien arteko taldeen bidez mapatzea, tailerrak, Nordik Walking, haurrentzako jolasak, etab. Auzoko aldizkariko artikulu batean aurkeztu zuten sarea, ekimena eta jaia azaltzeko. Prestakuntzan zehar, sustatzaileek beste ekimen komunitario batzuen berri izan zuten; besteak beste, Tolosan, Oñatin, Lezon eta Gasteizen (Alde Zaharrean eta Olarizun), baita Euskal Herritik kanpo ere (Madrilen, Asturiasen, Andaluzian, Valentzian eta Aragoin). Horiek lagundu zieten sare komunitario eta parte-hartzaile batean egin beharreko lana ikusten.
«Osasunaren aldeko lana da behatzea, entzutea, beharrak eta ahalmenak ezagutzea, parte hartzea eta parte hartzera gonbidatzea, ilusioa piztea, lankidetzan aritzea eta komunitatean jardutea ekintza posibilistetan, auzo horretan bizi diren pertsonen bizi-baldintzak hobetzen laguntzeko, haien iritzia eta inplikazioa kontuan hartuta» Arantza Ahedo (Eibar, 1962), Olagibelgo Osasun Zentroko erizainaren arabera. Bere ustez, osasuna hobetzen laguntzen dute ondo elikatzeak, jarduera fisikoa egiteak, harremanak izateak, partekatzeak, laguntzeak, oztopo arkitektonikorik gabeko etxebizitza duin batean bizitzeak, aire garbia izateak, berdeguneek, bizitzeko soldata duinak, hiri lagunkoiek, ekitateak, hezkuntzak…
Aurten, sareak bultzatu nahi ditu auzoaren adiskidetasuna, nahi gabeko bakardadea, pandemiak sortutako beldurrak eta antsietatea, galeren aurreko dolua eta guztien parte hartzea. «2018an Judimendik Sugar Fest kultur astea ospatu zuen, eta talde bakoitzak jarduera bat proposatu zuen», hala azaltzen du Carmen Alonso (Gasteiz, 1970) San Juan Bautista parrokiako bolondresak: «Erabaki genuen paseo osasungarri bat egitea harremanak izateko, hitz egiteko, sedentarismoa saihesteko, nahi ez den bakardadeari buruzko gaiak jorratzeko, elkarri laguntzeko, besteekin solidarioak izateko». Jarduera hasteko, hitzaldi bat eman zuen mediku batek, lagun artean ibiltzea osasungarria dela azaltzeko, batez ere adinekoentzat, eta hortik paseoa sortu zuten, asteartero 16: 30ean finkatu zutena.
Koronabirusarekin jarduera dezente eten behar izan dituzte. Hala ere, jarraitu dute euren ekinarekin, betiere legea errespetatuz. Jorge Sagardoy (Donostia, 1989) Judimendiko Bizan Sareko teknikariaren arabera, «jendeak paseoa bezalako jarduerak egitea eskatzen zuen, egin zitezkeen gauza gutxietako bat baitzen». Konfinamenduan, Alonsok esan duen moduan, bakarrik zeuden pertsonei deitu diete: «batzuk bakar-bakarrik egon dira, eta negar egiten zuten telefonoz norbaitekin hitz egitearen emozioagatik». Erosketak egiten ere lagundu zuten. Mavi Apellaniz (Verantevilla, 1953) ibilaldietako bolondresak maskarak egin zituen, taldeko partaideei deitzeaz gain.
Ibilaldi arrakastatsuak
Ibilaldi-taldea, esaterako, ondo finkatu dute; izan ere, batzuetan antolatzailerik gabe ere atera dira ibilaldiak egitera. Beharretan oinarrituz antolatzen dituzte jarduerak, eta eskaria jasotzean hura kudeatzen saiatzen dira. Apellanizen arabera, «paseoetan jende guztiarekin erlazionatzen gara; arazoak kontatzen ditugu, eta elkarri laguntzen diogu; ia familia bat bezala gara, eta berriz biltzeko momentuaren zain egoten gara. Pandemia heldu baino lehen ere, kafea hartzeko geratzen ginen».
Paseo «bereziak» ere egiten dituzte; esaterako, erakusketa bat dagoenean, eraikin historiko bat ikusteko aukera dagoenean… Motibazioa nabaria da, eta jendea batuz doa askotariko jardueretara: poesia, gimnasia, hitzaldiak, dantzaldiak, tailerrak… Bakarrik dagoen jendeari ez ezik, emakumeei ere laguntzen zaie, jardueretan egindako harremanak direlako askotan euren senarraz gain dituzten harreman bakarrak, eta arazoak alde batera uzteko espazio bat da haientzat. Gauza bera, disfuntzioak dituzten gazteen gurasoekin edota bakartua dagoen ororekin.