agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

Bizitzaren energia

Cristina Perez • Nutrizionista – dietista

Elikagaiak dira pertsonen energia-iturri. Guztiok, ordea, ez ditugu behar energetiko berak, eta daramagun eguneroko jardunak baldintzatuko du, hein batean, beharrezko kopuru hori.

• Nola lortzen da energia?

Gizakiok ezin dugu energia zuzenean lortu; hori dela eta, energia jatekoaren bidez lortzen dugu. Gorputzeko zelulek, metabolismo esaten zaion prozesuaren bidez, kanpo ingurutik lortzen den materia (hau da, elikagaiak) energia bihurtzen dute.

Gure gorputzak, elikagaiak dituzten sustantzietatik, proteinak, gantzak, karbohidratoak, bitaminak eta mineralak erabili ahal ditu soilik. Sustantzia horiei, nutriente esaten diegu. Nutriente horietatik, energia ematen duten bakarrak, karbohidratoak, proteinak eta gantzak dira, eta nutriente energetiko izena dute.

• Elikagaien balio energetikoa

Energia neurtzeko erabiltzen den unitatea kilokaloria da (kcal). Kilokaloria bat 1.000 kaloria dira; askotan, elikagaien energiari buruz hitz egiteko, kaloriak erabiltzen dira, baina zuzenena da kilokaloriez hitz egitea.

Nutriente energetikoek ematen dituzten kilokaloriak hauek dira:
• Karbohidratoek 4 kcal gramo bakoitzeko.
• Proteinek 4 kcal gramo bakoitzeko.
• Gantzek 9 kcal gramo bakoitzeko.

• Energiaren erabilera

Giza gorputzean elikaduraren bidez lortutako energiak erabilera asko izaten ditu:
Energiaren zatirik handiena gure gorputzaren barne-funtzionamendurako da, hala nola elikagaiak garraiatzeko gorputzaren zelula guztietara. Baina beste funtzio batzuk egiteko ere behar da energia; gorputzaren tenperaturari eusteko, bulkada elektriko gisa, nerbio-sistemaren bidez mezuak transmititzeko, lan muskularrerako eta, energia gehiegi kontsumitzen dugunean, erreserbarako.

• Behar energetikoak

Pertsona batek bizitza normala eginez bere jarduerari eusteko behar duen energia-kopurua da, eta hiru faktorek zehaztuko dute:
• Metabolismo basala.
• Jarduera fisikoa.
• Elikaduraren eraginetako termogenesia.

Metabolismo basala
Pertsona batek bizitzan funtsezkoak diren funtzioetarako behar duen energia kopurua da; hau da, bihotzaren lanari eusteko, gure birikek airea hartzeko, giltzurrunak hondakinak kanporatzeko, digestio aparatuaren lana egiteko eta abarrerako.

Kontsumitzen dugun energia gehiena metabolismo basala egiteko erabiltzen da; esate baterako, erabiltzen dugun energiaren hiru laurden metabolismo basala egiteko izango dira. Baina pertsona batetik bestera aldatu egiten dira behar energetiko horiek, zenbait faktorek eragiten baitute, hala nola sexuak, adinak eta gorputzaren osaketak.

Termogenesia
Gorputzaren tenperatura konstante edukitzeko erabiltzen den energia da. Horretarako erabiltzen den energia kopurua ez da oso handia izaten, %10 esaterako.

Jarduera fisikoa
Pertsona batek eguneroko aktibitatea egiteko behar duen energia kopurua da. Alde handia dago pertsona batetik bestera eta kontsumitzen den energia kopuruaren araberakoa izaten da kopurua.

Beraz, behar energetiko totala da pertsona batek bere bizi funtzioetarako, bere jarduera fisikorako eta gorputzeko tenperaturari eusteko behar duen energia.

Balantza energetikoa
Bakoitzaren gastu energetikoa jakinda, arautu egin behar dira zenbat kilokaloria hartu behar diren dietaren bidez. Pertsona baten gastu energetiko totala 2.000 kilokaloriakoa bada, dieta 2.000 kilokaloriakoa izan behar da. Horrela, balantza energetikoa orekatua izango da.

NOLA KALKULATZEN DIRA BEHAR ENERGETIKOAK?

Metabolismo basala deitzen dena Harris Benedict izeneko ekuazioaren bidez kalkula daiteke:

MB (kcal/eguneko, gizonetan)= 66,47+(13,75*kg)+(5,0*cm)-(6,74*urteak).
MB(kcal/eguneko, emakumeetan)= 655,1+(9,56*kg)+(1,85*cm)-(4,68*urteak).

Gero metabolismo totala kalkulatzeko, kontuan izan behar da aktibitate fisikoaren jarduera, taula honetan azaltzen den moduan.

Aktibitatea       gizona     emakumea
Txikia                     1,3                 1,3
Normala                1,6                 1,5
Handia                   1,7                 1,6
Oso handia            2,1                1,9

Hori guztia kontuan izanda kalkula daiteke pertsona baten gastu energetiko totala, formula hau aplikatuz.
GET= Metabolismo basala*aktibitatea

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other