2021eko ekainean, «Haurdunaldia, erditzea eta erditze ondokoa» izeneko edukia argitaratu zuten Osakidetzaren webgunean, Osasun Eskolaren gunean. Bertan, ugalketa-osasunari buruzko informazioa ematen dute, jaiotzaren ondorengo lehen egunetara artekoa. Begoña Belarra eta Puy Lopez Osasun Eskolako arduradunek azaldu dituzte eduki horren nondik norakoak.
Fokua prozesu hori bizi dutenengan jartzen du, eta haien zalantza eta kezkei erantzuna ematen saiatzen da; horrekin batera, konfiantzazko eta lasaitasunezko mezuak helarazten dizkie haurdun daudenei. Haren garapenak denbora-lerro naturalari jarraitzen dio. Informazio erabilgarria, eguneratua eta ebidentzia zientifikoan oinarritua ematen du, hizkuntza ulergarria erabiliz. Aldaketa fisikoak eta emozionalak tratatzen ditu, eguneroko bizitzan errazago integra daitezen. Gure gizartean dagoen aniztasuna aintzat hartzen duen ikuspegi inklusiboa eskaintzen du. Diseinu dinamiko gaurkotua du, nabigazio arina ahalbidetzen duena.

Hamasei  bideo  ere  sortu  dituzte,  eta  osasun-arloko  profesionalek  arlo  bat  baino  gehiago  lantzen  dituzte,  dela  azalpenaren  bidez,  dela  emakumeekin  zuzenean  jardunez.  Badira  edoskitze  egokia  ezartzeko  gomendioak  dituzten  beste  batzuk,  non  azaltzen  diren  ariketa  fisikoaren  taulak,  erditze-ondoko  aldaketak  eta  zainketak  edo  erditzearen  etapak;  azken  hori  3D  animazioan.  Era  berean,  zenbait  dokumentu  eskura  daitezke;  esaterako,  erlazionatutako  gidak  eta  informazioa  zabaltzeko  iturri  fidagarrien  estekak.
Osasun-arloko  profesionalek  ere  parte  hartu  dute,  landutako  gaietan  adituak  direnek.  Gainera,  argitaratu  aurretik,  haurdun  zeuden  emakumeek  baloratu  dituzte.  Eduki  hori  sei  ataletan  egituratzen  da,  pertsona  dagoen  etaparen  araberako  informazioaren  berrikuspena  errazteko.  Honako  gai  hauei  buruzkoa  da:  haurdunaldia,  erditzea,  erditze-ondokoa,  jaioberria,  hezkuntzarako  eta  dibulgaziorako  materiala,  eta  edoskitzea.
www.osakidetza.euskadi.eus/ugalketa-osasuna/
«Denok salbatu gintuen tresna da»

Osakidetzak haurdunentzako informazioa eta bideoak dituen atal bat ireki du bere webgunean. Ainara Fernandez emaginak azaldu du pandemiaren hasiera oso garai gogorra izan zela haurdunentzat, eta Osasun Eskolaren barruan sortutako espazio horrek arnasa eman ziela bai langileei bai haurdunei.
Nola  eta  zergatik  abiatu  zen  Osasun  Eskola?
Konfinamendua  ezarri  zutenean,  osasun-zentroak  itxi  egin  zituzten,  eta  haurdunentzako  eskolak  airean  geratu  ziren.  Momentu  horretan,  Osakidetzak  ez  zuen  erremintarik,  eta  emaginok  pentsatu  behar  izan  genuen  eskolak  nola  eman.  Emaginok  beste  modu  bat  bilatu  behar  izan  genuen  gure  osasun-zentroetako  emakumeekin  harremanetan  egoteko;  adibidez,  posta  elektronikoaren  bidez,  bideoen  estekak  bidaltzen  genizkien,  edota  beste  komunitate  batzuetako  emaginek  egindako  materiala.  Konfinatuta  egon  eta  lau  astera,  gutxi  gorabehera,  ikusi  zuten  luzerako  izango  zela  kontua,  eta  erabaki  zuten  eskolak  modu  telematikoan  eskaintzea,  Zoom  izeneko  aplikazioaren  bidez.  Denontzat  oso  berria  izan  zen,  eta  genuen  material  guztia  (informatzailea  zein  hezigarria)  modu  telematikora  egokitu  behar  izan  genuen.  Ariketa  fisikoarekin  lotutako  eskolak  emateko,  kamera  urruti  jarri,  eta  ariketak  kontsultan  bertan  egin  behar  izan  genituen.
Hori  egitera  behartuta  ikusi  zenuten  zeuen  burua,  ez  baitzenuten  beste  aukerarik?
Nire  kasuan,  arazo  bat  izan  zen.  Izan  ere,  Irungo  osasun-zentroan  egiten  nuen  lan,  eta  haurdunentzako  eskolak  Irungo  Udalaren  eraikin  batean  ematen  nituen.  Pandemia  garaian,  itxi  egin  zuten,  eta  ezin  izaten  ginen  hara  joan.  Eskolak  kontsultatik  eman  behar  izan  nituen.  Oso  kontsulta  txikia  zen,  eta  zoramena  izan  zen;  besteak  beste,  telefonora  deitzen  zidatelako,  kontsultara  sartzen  zirelako…  Ahal  izan  genuen  bezala  moldatu  ginen.
«EZERK EZ DU AURREZ AURREKOA ORDEZKATZEN»
Azkenean, Osakidetzak ikusi zuen euskarri komun bat behar zela osasun-zentro guztietako emaginek material korporatibo bat izateko. Autonomia erkidegoko emagin batzuk elkartu egin ginen, eta bilera batzuk egin genituen aurretik genuen materialaren antzeko zerbait sortzeko. Kontua da bilera horietan formatua aldatu egin zela, eta orduan hartu zuen Osasun Eskolaren barruan dagoenaren antzeko itxura, ikuspegi praktikoago batetik, bisualagoa. Osasun Eskolan bideo praktikoak aurki daitezke; erditze-faseak zein diren edo edoskitzearen zikloa nolakoa den azaltzen duten bideoez gain, ariketa fisikoen eta erditze-osteko garaiaren inguruko azalpen bideoak ere badaude. Hala ere, ezerk ez du aurrez aurrekoa ordezkatzen.
Haurdunek  zer  eskatzen  zizueten?  Zer-nolako  beharrak  zituzten?
Emakumeak  oso  bakarrik  sentitu  ziren.  Guk  ahalik  eta  gehien  lagundu  genien.  Emagin  batzuek  hitzorduak  ematen  zizkieten  kontsultan  bertan  eskolak  emateko,  zenbait  emakumek  ez  zutelako  erreminta  horietara  egokitzerik  lortu,  eta  oso  hotza  zela  uste  zutelako.  Jendeak  pentsa  dezake  emaginek  haurdunei  ematen  dizkiegun  eskolak  alferrikakoak  direla,  baina  konfinamenduan  konturatu  ginen  ez  dela  hala,  zeren  erditzeko  orduan  egoten  diren  lankideek  ikusten  zuten  haurdunak  ia  informaziorik  gabe  ailegatzen  zirela.  Gainera,  emakumeek  ezin  zuten  beren  artean  hitz  egin;  ez  zuten  elkar  ezagutzen,  eta  oso  momentu  gogorra  izan  zen  haientzat.  Etengabe  esaten  ziguten  zerbait  behar  zutela;  etengabe  ari  ziren  zerbait  eskatzen.  Nik  uste  dut  tresna  telematikoa  besoak  zabalik  hartu  zutela  ezer  ez  zegoelako.  Denok  salbatu  gintuen  tresna  da,  batez  ere  haurdun  zeudenak,  taldeetan  elkar  ezagutzeko  aukera  eman  zielako;  hala  ere,  oso  hotza  da  pantaila  bati  hitz  egin  eta  galdera  intimoak  egin  behar  izatea.
Gaur  egun  nola  ari  dira  ematen  eskola  hauek?
Osasun-zentro  askotan  aurrez  aurre  ari  dira,  edukiera  kontrolatuta,  eta  maskararen  erabilerak  mugatuta.  Baina  badira  ere  aurrez  aurre  ematen  ari  ez  direnak,  besteak  beste,  azpiegitura-arazoengatik:  espazio  txikiak,  leihorik  ez…  Horrekin  ohartu  gara  osasun-sistema  publikoak  dituen  gabeziez.

 
 


