agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Haurdunentzako euskarri digitala

2021eko ekainean, «Haurdunaldia, erditzea eta erditze ondokoa» izeneko edukia argitaratu zuten Osakidetzaren webgunean, Osasun Eskolaren gunean. Bertan, ugalketa-osasunari buruzko informazioa ematen dute, jaiotzaren ondorengo lehen egunetara artekoa. Begoña Belarra eta Puy Lopez Osasun Eskolako arduradunek azaldu dituzte eduki horren nondik norakoak.

Fokua prozesu hori bizi dutenengan jartzen du, eta haien zalantza eta kezkei erantzuna ematen saiatzen da; horrekin batera, konfiantzazko eta lasaitasunezko mezuak helarazten dizkie haurdun daudenei. Haren garapenak denbora-lerro naturalari jarraitzen dio. Informazio erabilgarria, eguneratua eta ebidentzia zientifikoan oinarritua ematen du, hizkuntza ulergarria erabiliz. Aldaketa fisikoak eta emozionalak tratatzen ditu, eguneroko bizitzan errazago integra daitezen. Gure gizartean dagoen aniztasuna aintzat hartzen duen ikuspegi inklusiboa eskaintzen du. Diseinu dinamiko gaurkotua du, nabigazio arina ahalbidetzen duena.

Hamasei bideo ere sortu dituzte, eta osasun-arloko profesionalek arlo bat baino gehiago lantzen dituzte, dela azalpenaren bidez, dela emakumeekin zuzenean jardunez. Badira edoskitze egokia ezartzeko gomendioak dituzten beste batzuk, non azaltzen diren ariketa fisikoaren taulak, erditze-ondoko aldaketak eta zainketak edo erditzearen etapak; azken hori 3D animazioan. Era berean, zenbait dokumentu eskura daitezke; esaterako, erlazionatutako gidak eta informazioa zabaltzeko iturri fidagarrien estekak.
Osasun-arloko profesionalek ere parte hartu dute, landutako gaietan adituak direnek. Gainera, argitaratu aurretik, haurdun zeuden emakumeek baloratu dituzte. Eduki hori sei ataletan egituratzen da, pertsona dagoen etaparen araberako informazioaren berrikuspena errazteko. Honako gai hauei buruzkoa da: haurdunaldia, erditzea, erditze-ondokoa, jaioberria, hezkuntzarako eta dibulgaziorako materiala, eta edoskitzea.

www.osakidetza.euskadi.eus/ugalketa-osasuna/

 

«Denok salbatu gintuen tresna da»

AINARA FERNANDEZ • Emagina

Osakidetzak haurdunentzako informazioa eta bideoak dituen atal bat ireki du bere webgunean. Ainara Fernandez emaginak azaldu du pandemiaren hasiera oso garai gogorra izan zela haurdunentzat, eta Osasun Eskolaren barruan sortutako espazio horrek arnasa eman ziela bai langileei bai haurdunei.

Nola eta zergatik abiatu zen Osasun Eskola?
Konfinamendua ezarri zutenean, osasun-zentroak itxi egin zituzten, eta haurdunentzako eskolak airean geratu ziren. Momentu horretan, Osakidetzak ez zuen erremintarik, eta emaginok pentsatu behar izan genuen eskolak nola eman. Emaginok beste modu bat bilatu behar izan genuen gure osasun-zentroetako emakumeekin harremanetan egoteko; adibidez, posta elektronikoaren bidez, bideoen estekak bidaltzen genizkien, edota beste komunitate batzuetako emaginek egindako materiala. Konfinatuta egon eta lau astera, gutxi gorabehera, ikusi zuten luzerako izango zela kontua, eta erabaki zuten eskolak modu telematikoan eskaintzea, Zoom izeneko aplikazioaren bidez. Denontzat oso berria izan zen, eta genuen material guztia (informatzailea zein hezigarria) modu telematikora egokitu behar izan genuen. Ariketa fisikoarekin lotutako eskolak emateko, kamera urruti jarri, eta ariketak kontsultan bertan egin behar izan genituen.

Hori egitera behartuta ikusi zenuten zeuen burua, ez baitzenuten beste aukerarik?
Nire kasuan, arazo bat izan zen. Izan ere, Irungo osasun-zentroan egiten nuen lan, eta haurdunentzako eskolak Irungo Udalaren eraikin batean ematen nituen. Pandemia garaian, itxi egin zuten, eta ezin izaten ginen hara joan. Eskolak kontsultatik eman behar izan nituen. Oso kontsulta txikia zen, eta zoramena izan zen; besteak beste, telefonora deitzen zidatelako, kontsultara sartzen zirelako… Ahal izan genuen bezala moldatu ginen.

«EZERK EZ DU AURREZ AURREKOA ORDEZKATZEN»

Azkenean, Osakidetzak ikusi zuen euskarri komun bat behar zela osasun-zentro guztietako emaginek material korporatibo bat izateko. Autonomia erkidegoko emagin batzuk elkartu egin ginen, eta bilera batzuk egin genituen aurretik genuen materialaren antzeko zerbait sortzeko. Kontua da bilera horietan formatua aldatu egin zela, eta orduan hartu zuen Osasun Eskolaren barruan dagoenaren antzeko itxura, ikuspegi praktikoago batetik, bisualagoa. Osasun Eskolan bideo praktikoak aurki daitezke; erditze-faseak zein diren edo edoskitzearen zikloa nolakoa den azaltzen duten bideoez gain, ariketa fisikoen eta erditze-osteko garaiaren inguruko azalpen bideoak ere badaude. Hala ere, ezerk ez du aurrez aurrekoa ordezkatzen.

Haurdunek zer eskatzen zizueten? Zer-nolako beharrak zituzten?
Emakumeak oso bakarrik sentitu ziren. Guk ahalik eta gehien lagundu genien. Emagin batzuek hitzorduak ematen zizkieten kontsultan bertan eskolak emateko, zenbait emakumek ez zutelako erreminta horietara egokitzerik lortu, eta oso hotza zela uste zutelako. Jendeak pentsa dezake emaginek haurdunei ematen dizkiegun eskolak alferrikakoak direla, baina konfinamenduan konturatu ginen ez dela hala, zeren erditzeko orduan egoten diren lankideek ikusten zuten haurdunak ia informaziorik gabe ailegatzen zirela. Gainera, emakumeek ezin zuten beren artean hitz egin; ez zuten elkar ezagutzen, eta oso momentu gogorra izan zen haientzat. Etengabe esaten ziguten zerbait behar zutela; etengabe ari ziren zerbait eskatzen. Nik uste dut tresna telematikoa besoak zabalik hartu zutela ezer ez zegoelako. Denok salbatu gintuen tresna da, batez ere haurdun zeudenak, taldeetan elkar ezagutzeko aukera eman zielako; hala ere, oso hotza da pantaila bati hitz egin eta galdera intimoak egin behar izatea.

Gaur egun nola ari dira ematen eskola hauek?
Osasun-zentro askotan aurrez aurre ari dira, edukiera kontrolatuta, eta maskararen erabilerak mugatuta. Baina badira ere aurrez aurre ematen ari ez direnak, besteak beste, azpiegitura-arazoengatik: espazio txikiak, leihorik ez… Horrekin ohartu gara osasun-sistema publikoak dituen gabeziez.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other