agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Ultrasoinuak, onuren gako

Gorlizko Ospitaleak ekografia indartu du arlo guztietako profesionalek haien praktika klinikoa aberasteko eta arretaren kalitatea eta segurtasuna hobetzeko.

«Ekografia klinikoarekin profesionalek ohiko azterketa fisikotik harago joan daitezke ultrasoinuen bidez. Erantzun zehatzak jaso ditzakete, foku jakin batekin, eta Erradiologia Zerbitzuaren osagarria da.». Halaxe deskribatu du Gil de Sousa Errehabilitazioko medikuak ekografiaren erabilera Gorlizko Ospitalean. Medikuek, fisioterapeutek, erizainek eta logopedek erabiltzen dute ekografoa bertan, ikuspuntu holistiko batekin. Teknika zahar bat era berritzaile batean. Eguneroko diagnostikoetan eta pronostikoetan erabiltzeaz gain, errehabilitazio-tratamenduetan eta prozedura inbaditzaileetan ere baliatzen dute, laguntza moduan, besteak beste. Minik egiten ez duen teknika bat da, eta pazientearen azterketa fisikoa egiteko orduan «tresna bat gehiago» dela deritzo Samuel Garcia Rubio Barne-medikuntzako medikuak, programaren bultzatzaileetako batek: «Aldagai anatomikoak zein fisiologikoak neurtu behar dituen edozein profesionalek probetxua atera ahalko dio ekografiari».

2014an jarri zuten programa abian Gorlizko Ospitalean, ekografia klinikotik diziplina guztiek onurak atera zitzaketela sinetsita. Emaitzak eta berrikuntzak ikusita, gaur egun, mediku egoiliar ugari jasotzen dituzte Osakidetzatik eta beste osasun-sare batzuetatik formazioa jasotzeko. «Datorren urtean ez daukagu inorentzako tokirik», azaldu du Garcia Rubiok. Haren arabera, programaren helburua ez da erradiologoek egiten dituzten ohiko ekografiak ordezkatzea, baizik eta arlo askotako profesionalei laguntzea eguneroko diagnostikoetan, pronostikoetan eta interbentzioetan. Ekografiak arrazoibide klinikoaren parte izan behar duela uste dute programaren bultzatzaileek. Ez bere lekua hartuko duen teknika, baizik osagarria izango dena. De Sousaren hitzetan, ekografiak ez dauka aplikaziorik, lehendabizi ez bada arrazoibide klinikoa egin. «Tresna segurua da, eta pazientearen testuinguru klinikoan informazio asko eman dezake, baina ez du inoiz edo ia inoiz arrazoibide klinikoaren emaitza aldatuko», adierazi du.

«TRATAMENDU-PLAN BAT EGITEKO BALIO DIGU EKOGRAFIAK, TRATAMENDU HORREN EBOLUZIOA IKUSTEKO ETA TEKNIKA BAT EDO BESTE ERABILTZEA AUKERATZEKO».

Erizainek ere aurrerapausoak ikusi dituzte teknikaren zabalkundearekin. Ekografoa lagungarria zaie askotariko prozedurak egiteko, eta seguruagoak dira pazientearentzat. Metodologia berriarekin hobetu ahal izan dute maskuriaren bolumenaren ebaluazioa eta gisa horretako azterketak, eta beharrezkoak ez diren zundaketak saihesten dituzte orain. Arantza Arroitajauregi eta Miren Zuazo Zain-barneko Terapiako erizainentzat, nabaria da gainerako zentroekin zuten menpekotasuna jaitsi dela. «Lehen, batzuetan ospitale handiagoetara eroan behar izaten genituen pazienteak zainetako kateter periferiko bat bideratzeko, guk hemen genituen baliabideekin ez zelako posible», erantsi du Arroitajauregik. Orain, Gorlizen bertan egiten dituzte halakoak ekografoak lagunduta.

Fisioterapeutentzat ere baliagarria da ekografia gaitzen bilakaera ikusteko, maila traumatologikoan zein neurologikoan. «Tratamendu-plan bat egiteko balio digu ekografiak, tratamendu horren eboluzioa ikusteko eta teknika bat edo beste erabiltzea aukeratzeko», adierazi du Jose Antonio Betolaza Errehabilitazioko gainbegiraleak. «Baita tratamenduz aldatzeko ere, lesioa aldatu ahala», erantsi du Barbara Alonso lankideak.

«Ebaluazio bat egin nahiko bagenu denboran zehar izandako eboluzioarena, pazienteak hainbatetan bidali beharko genituzke erradiologoarengana», azaldu du Garcia Rubiok. Konplexua eta garestia dela dio, eta pazientearentzat desatsegina. «Guk egin dezakegu, eta ikuspuntu dinamiko horrek modua ematen digu tratamenduak aldatzeko eta diagnostikoa fintzeko, baita aukera bat baino gehiago ebaluatzeko ere aldi berean». Ospitaleko pazienteen profilarekin lotu du Ruiz lankideak programaren beharra, «konplexuagoak» eta «adin nagusiagokoak» direlako ohikoa baino.

Zaila baina lortzeko modukoa
«Ezinezkoa» ez bada ere teknika zaila dela adierazi du Garcia Rubiok, eta komeni dela gainbegirale batekin ikastea eta haren jarraipena izatea. «Teknika menderatzen eta lanean integratzen lagundu ahal dizun pertsona bat izan behar duzu», argitu du. Ekografoak psikomotrizitate-gaitasun konplexua eskatzen duela nabarmendu du Garcia Rubiok, baina, laguntzarekin, hilabete batetik sei hilabetera bitartean ikas daitekeela uste du, barne-medikuntzako arloan.

Programaren bultzatzaileen helburua da haien metodoa gainerako zentroetara esportatzea. Gorlizko Ospitaleak erradiologia-zerbitzurik ez izateak programa garatzen lagundu duela uste dute. Azken urteotan, ekografoen tamaina txikitu egin da, eta merkatu egin dira. Ospitaleek aukera gehiago dituzte erabiltzeko. Arrazoi horiekin batera, zuzendaritzaren babesari ere egotzi diote denek programaren arrakasta.

«ALDAGAI ANATOMIKOAK ZEIN FISIOLOGIKOAK NEURTU BEHAR DITUEN EDOZEIN PROFESIONALEK PROBETXUA ATERA AHALKO DIO EKOGRAFIARI».

Metodologia hori erradiologia-zerbitzua duten ospitaleetara eroan ote daitekeen galdetuta, argi erantzun du Garcia Rubiok: «Bateragarria ez ezik, desiragarria ere bada». Erradiologoek tresna bera erabili arren helburua desberdina izan ohi dutela uste du; «ez dute denek kirol bera jokatzen». Erradiologoek txostenak egin behar dituztela azaldu du Garcia Rubiok, «alterazio txiki guztiak ikusi eta testuinguru osoa deskribatu». Barne-medikuarentzat bi adarrek elkarrekin egin behar dute lan pazienteen onurarako. Programa zabaltzeko helburuarekin, Osakidetzaren sareko gainerako ospitaleekin eta anbulatorioekin ari dira, bakoitzari bere programa propioa garatzen laguntzen.

Rosa Blanco ospitaleko Erizaintzako zuzendariak aintzat hartu du Gorlizko programaren izaera «transbertsala». Ekografia erradiologoen ohiko esparrutik atera dute, haren ustez. «Profesional bakoitzak ekografia erabiltzen du pazienteari ahalik eta ondoen laguntzeko», laburbildu du.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other