agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Gelaren bitartez, pazienteak lortzen du bere emozioak kontrolatzea, lasaitzea eta aztoramendua eta antsietatea gutxitzea»

Mariola Olalde • Errehabilitazio Funtzionaleko gainbegiralea

Errehabilitazio Funtzionaleko gainbegiralea da Mariola Olalde (Gasteiz, 1967) Arabako Ospitale Psikiatrikoan. 2019an hasi zen lantaldean, pazienteekin batera erosotasun sentsorialerako gela prestatzen. Aztoramendua eta antsietatea gutxitzeko giro atsegina transmititzen duen gela bat da. Horrekin, beste tresna terapeutiko bat jarri dute profesionalen eskura, eta pazienteek euren kabuz krisiak kontrolatzeko baliabide bat izango da.

Zer da erosotasun sentsorialerako gela?
Espazio positibo eta atsegin bat da, harreman terapeutikoa hobetzen laguntzen duena. Era berean, pazientearen krisiak lantzeko tresna terapeutiko bat da. Gelaren bitartez, pazienteak lortzen du bere emozioak kontrolatzea, lasaitzea eta aztoramendua eta antsietatea gutxitzea. Saiatzen gara pazientea tresnez hornitzen. Kontua da bestelako neurri koertzitibo batzuk gutxiago erabili behar izatea. Alde horretatik, tresna bat gehiago dugu eurekin erabiltzeko. Hala, pertsonak ahaldundu nahi ditugu, euren susperraldian parte aktibo izan daitezen; gaitasunak eta autokontrol emozionala landuz, aurre egin diezaiekete amorruari eta frustrazioari eta bestelako emozioen gorabeherei.

Nolako ezaugarriak ditu gela horrek?
Paziente eta profesional guztien kolaborazioarekin egin dugu gela osoa. Prozesu oso luzea izan da. Denen parte-hartzea bermatzeko, pazienteekin batera ibili ginen horma-irudiak aukeratzen; egunero horma-irudi bat bozkatzen zuten pazienteek. Hogei horma-irudi eduki ditugu esku artean, eta bozka gutxien zutenak kendu egin genituen. Kontabilitatekoek, mantentze-lanetakoek eta osasun-zerbitzutik kanpo dauden bestelako lanetako kideek ere kolaboratu eta ideiak eman dituzte; esaterako, testura ezberdinetako lurzoruak aukeratzeko orduan. Gelako elementu guztiak taldean aukeratu genituen. Tonu argiekin eta naturan inspiratutako motiboekin dekoratua dago. Orain, eskura daude gelan erlaxatzeko sofa, kulunkaria, puf-a, aromaterapia, argi-terapia, proiektorea, musika, manta pisuduna, estres-pilota ezberdinak, infusioak…

Nola jakiten duzue gela hori erabiltzeko orduan bakoitzak zer behar duen?
Paziente bakoitzak fitxa-sentsorial bat dauka: bertan aukeratzen dute gelan zer erabili nahi duten, eta azaltzen dute nola nahi duten zainduta izatea krisian daudenean; behar denerako aldez aurretik era boluntarioan egindako hautu baten modukoa da, bakoitzaren zaintza kontuan hartzeko. Bakoitzak bere karpeta dauka ordenagailuan, bere musikarekin eta bideoekin; gela hau kontrolatzen dugu erizainen kontrolpean dagoen ordenagailu baten bitartez. Fitxa sentsorialaz gain, krisian daudenerako abordatze-fitxa bat ere badute. Batez ere, balio digu profesionalek tresna terapeutiko bat edukitzeko eta pazienteek bestelako neurriak hartu beharrik ez izateko. Artatze humanoago baterantz abiatu behar dugu osasun mentaleko zaintza, ingurune atsegin baterantz, horrek harreman terapeutikoa sustatu eta indartuko baitu.

Erosotasun sentsorialerako gela.

Noiz eta nola sortu zenuten proiektua?
Arabako Ospitale Psikiatrikoa berregituratu zenean, espazioak pixka bat aldatzea pentsatu genuen bizikidetza-espazioak sortuz profesionalen eta pazienteen parte-hartzearekin. Ingurunea atseginagoa egiteko gune irekiagoak sortzea pentsatu genuen eta hortik, krisiak arintzeko gune baten ideia sortu zen, gela atsegin baten ideia hain zuzen ere. 2019ko hasieran otu zitzaigun. Profesional guztiok ados ginen horrelako toki bat behar zela. Ikastaro bat egin genuen, eta hartan arlo bat baino gehiago landu genituen: klima emozionala, pazientearekiko enpatia, entzute aktiboa, errespetua, profesionaltasuna, asertibitatea, malgutasuna, pazientearekiko jarrerak… Ondoren, hori guztia praktikan jartzeko espazio bat behar genuela ikusi genuen. Ideia sortu eta Zuzendaritza Nagusiari helarazi genion; hasieratik babestu zuten.

Nola garatu zenuten ostean?
Artikulu zientifikoak bilatzen hasi ginen, ebidentzia zientifikoan oinarritzen baikara. Errebisio bibliografiko bat egin genuen: Suediako, Australiako, Erresuma Batuko eta beste herrialde batzuetako artikuluak eta esperientziak bildu genituen. Horietan esaten dute gelak laguntzen duela isolamenduari aurre egiten, antsietatea eta larritasuna apaltzen… Oinarri zientifiko bat behar genuen, proiektua nahiko ziurtatua baitzegoen; izan ere, ez da gela polit bat soilik jartzea; gauza asko landu behar izan genituen. Orain badugu erabiltzeko gida bat, etortzen den paziente berri orok jakin dezan nola erabili. Gauza asko egin behar genituenez, ez dugu martxan jarri 2021era arte. Gelak efektu positiboa du bai pazienteentzat eta bai profesionalentzat.

Behatu duzue pazienteak nola sentitzen diren gelan?
Bai, gehienei lagundu die. Neurri-eskala bat erabiltzen dugu guk, eta horrela baloratzen dugu objetiboki gelak ea laguntzen dien. Ikerketa zientifiko bat ere egiten ari gara jakiteko zer moduz dabilen gela. Balorazio bat egiten dugu bai gela erabiltzen dugun profesionalek eta bai pazienteek, eta orain arte oso ondo funtzionatzen ari da. Egia da —ikerketa zientifikoek hala erakutsita hori ere— paziente guztiengan ez duela efektu bera, batzuekin ez duela funtzionatzen. Baina paziente bakarrari balio izan badio gelak, merezi izan du jartzea. Erlaxatzen laguntzen die, pentsamendu mingarriak edo larritasuna sortzen dieten estimuluak albo batera uzten. Gelak balio behar die haserretu edo agresibo jarri aurretik lasaitzeko.

Badirudi pazienteekiko arreta humanizatzen ari dela psikiatrian. Zein momentutan dago psikiatria?
Asko ari gara aurreratzen; batez ere, paziente berari gaitasunak emateko orduan, bere zainketa prozesuan inplika dadin. Pertsonan zentratutako arreta integrala eskaintzen dugu. Abordatze oso horretan, tratu humanoa izatea ezinbestekoa da nahasmendu mentalak dituzten pazienteen kasuan, bai eta estigmaren aurkako borroka ere. Eredu paternalista batetik autonomia eredu batera igaro gara; izan ere, pazientearen parte-hartzea bereziki sustatzen da. Hori guztia etika profesionala oinarri gisa mantenduz momentu oro. Hala ere, uste dut badagoela gehiago egiterik; beti daude hobetzeko esparruak.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other