agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

«Musikarik gabe ez dago arimarik»

Mikel Urreizti • Mantentze-lanetako ofiziala

Mikel Urreiztik odolean darama musikarako zaletasuna eta abesteko abilezia. Bizi osoan abestu du; urte mordoa darama abesbatzan, eta, orain dela sei urte, Golden Apple Quartet taldeko abeslari bilakatu zen, Kike Ochoak erretiroa hartzea erabaki zuenean, 25 urte taldean igaro eta gero. Goierri-Urola Garaiko ESIko mantentze-lanetako ofiziala da.

Nolatan ailegatu zitzaizun taldean aritzeko gonbidapena?
Orain dela sei urte eta erdi inguru izan zen. Bizi guztian abestu dut nik. Aurrena, Lasarteko Alboka abesbatzan hainbat urtez; hori utzi, eta Errenteriako Landarbason hiru urtez, eta gaur egun ere Albokan abesten dut; niretzat ezinbestekoa da abesbatza batean egotea, profesionalki ere abestu arren. Goldeneko Loyola nire osaba da, eta urte batzuk zeramatzaten taldekide baten bila, Kike erretiroa hartzekoa baitzen.

Landarbaso abesbatzan disko bat grabatzekoak ginen, kantari profesional batzuekin elkarlanean, eta horietako bat Golden Apple Quartet izan zen. Grabatzera joan zirenean, entseguaren ondoren, Goldenekoek Iñaki Tolaretxipirekin hitz egin zuten, Landarbasoko zuzendariarekin, eta Loyolak esan zidan Goldenekoak grabaketatik bueltan autoan zihoazela honela komentatu zutela: ‘Zergatik ez diogu esaten Mikeli gurekin proba bat egiteko?’. Ordura arte, profesionalen bat hartzea pentsatu zuten, baina esan zuten ez zutela inor egokirik aurkitu. Izan ere, ulertu behar da Edu [Errondosoro] eta nire osaba txikitatik direla lagunak, eta Manu [Romano] 15-16 urte zituztenetik ezagutzen dute.

Bizi osoa eman dute batera…
Hori da. Oso harreman estua dute elkarrekin, txantxa asko egiten dituzte, oso giro ona dute… Beste profesional bazuekin abesten zutenean, kosta egiten zitzaien giro hori ulertzea. Ni, berriz, Goldenekin hazi naiz. Lehenengo kontzertua egin zutenean, 3 urte nituen. Baina horrek ez du esan nahi proba erraza izan zenik, e! Telefonoz esan zidaten proba bat egin nahi zidatela, eta harrituta geratu nintzen. Lau abesti eman zizkidaten, eta hamabost egun baino ez nituen izan horiek prestatzeko. ‘Nola egingo dut?’, pentsatu nuen, oso denbora gutxi zen eta. Gainera, haien abestiak ez dira abesbatzakoen berak. Buru-belarri aritu nintzen haiek lantzen, lanean ari nintzela, komun bat konpondu bitartean, argi batzuk aldatzen… Etxera iritsi, ikasitakoa errepasatu, nire partiturak egin… Goldenek partiturarik gabe egiten baitu lan askotan.

Proba ongi atera zen orduan.
Proba ongi joan zen, bai, oso giro ona izan genuen. Donostian estreinatu genuen Mundo intrépido izeneko ikuskizuna. Tranpa egin zidaten, Loyolak tranpa asko egiten baititu: esan zidan urte bukaeran hasiko ginela, Espainian barrena egingo genuela bira txiki bat, eta Donostian egiterako jada ohituta egongo nintzela. Baina azkenean, Donostian izan zen estreinaldia, eta irailean, nik espero baino lau hilabete lehenago.

«DONOSTIAN IZAN ZEN NIRE ESTREINALDIA, NIK ESPERO BAINO LAU HILABETE LEHENAGO»

Kantatu egiten duzue, baina zuen emanaldiek badute umoretik eta antzerkitik ere. Nola moldatu zara horretara?
Nire amatxik esaten zuen bezala, «antzerki-giroko jendea desberdinak gara». Nire familian denek abesten dute, eta abesten ez duenak, ez duelako nahi. Gure familian normal-normala da abesbatzaren batean edo talderen batean abestea, edota instrumenturen bat jotzea. Gabonetan, ohikoena da lau ahotsetara abestea. Guretzat naturala da, abesbatzako lagunekin taberna batean bildu eta kideok elkarrekin abestuko bagenu bezala.

Presio pixka bat sentitu zenuen Goldenen hastean?
Egia esan, eszenatokira igo nintzenean, presio hori nabaritu nuen, noski. Nire amatxi hor zegoen, eta nire erreferentea izan da. Bera 6 urte zituela hasi zen abesten, eta 94 urtera arte abestu du. Haren seme-alabek, ilobek… denok jaso dugu oinordekotza hori. Musika da bizitzaren parte oso handi bat, garrantzitsuena ez bada.

Imajinatzen al duzu zeure burua musikarik gabe edo eszenatokirik gabe?
Eszenatokirik gabe, bai; gasolina faltako litzaidake, herrenka joango nintzateke, baina abesteak betetzen nau gehienbat. Korridorean erabat ari naiz abesten; eskaileren oihartzuna aprobetxatzen dut abesteko… Musika da biziaren motorra. Arimak musika behar du; musikarik gabe ez dago arimarik.

Ba al duzu sei urte honetako emanaldi bereziren bat iltzatuta?
Denak. Eszenatokira igotzean, momentu guztiak etortzen zaizkizu gogora. Beti gogoratuko dut Alboka abesbatzarekin egin nuen lehen soloa. 18-19 urte nituen, ume bat nintzen. Abesbatzarekin abestea oso erosoa da, zure ahots bereko lauzpabost dituzulako inguruan, eta erraz disimula dezakezu. Solo bat egin behar duzunean, koroa ere hor egongo da, baina ondo egin behar duzu.

Oso bitxia da: gaizki egiten duenari txalo gehiago egiten zaio ondo egiten duenari baino, ikusleak bihotz onekoak direlako eta abeslariaren sufrimendua arindu nahi dutelako. Nik ondo, erdipurdi eta gaizki egin izan dut. Eta gaizki egin eta jendeak txalo egitean, konturatzen zara oso gauza garrantzitsu batez: berdin duela, zuk beti ahalik eta hoberen egin behar duzula, eta ondo egiten ez duzunean ere zer da gerta daitekeen okerrena? Gaizki egin duzula? Jendea ez dela pozik geratuko? Eta zer? Zer hobetu jakingo duzu.

Orain zer momentutan dago taldea? Zer duzue esku artean?
Krisiari aurre egiten, ahal dugun moduan. Ni hasi nintzenetik, hiru proiektu egin ditugu. Gogoa jarri diogu, baina krisiak beti ez digu utzi tarterik ganoraz garatzeko. Urte amaiera dator, eta hurrengo udarako kaleko emanaldi bat prestatuko dugu. Album bat egingo dugu beste ikuskizunen kantak bilduta. Hiru bat abesti berri kantatuko ditugu, eta gainerakoak jendeak entzun nahi dituenak. Jendeak betikoa eskatzen du; Buen menú, adibidez. Abesti onak eta barregarriak berreskuratuko ditugu, eta berri batzuk sartu. Kaleko eta antzokietako emanaldiez gain, emanaldi pribatuak ere egiten ditugu: ezkontzetan, enpresa pribatuentzat… Beti ari gara garatzen. Ea pandemiak arnas pixka bat hartzen uzten digun.

Zer aldarrikatu nahiko zenuke?
Leku guztietan egon beharko lukeela abesbatza batek. Lehen ere eskatu izan dut hori, baina orain are gehiago. Eskola guztietan egon beharko luke, udaletxeetan… Lehen, denek zituzten bandak, eta hori galdu egin da. Abesbatzak galtzen direnean, arima galdu egiten da, udalerrien arima. Abesbatza batek jendea biltzen du, eta egiten du jendea batera bizi dadin baina modu transzendente batean. Arimak batu egiten dira abestean; taupadak batu egiten dira, eta asko ikasten da: errespetatzen, miresten…

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other