agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Osasun digitalaren bozgorailua

KomunIKT’ aldizkari digitala da, eta informazio-sistemek arlo guztietan eskaintzen dituzten irtenbideen berri ematen du. Osakidetzako profesional guztientzat eginda dago, eta hirugarren zenbakia argitaratu berri dute. Besteak beste, langile batzuen bizipenak, eta urte osoan aplikazioetan izan diren hobekuntzak eta aldaketak biltzen ditu.

XX. mendeko azken hamarkadetatik, osasun-esparruan sartuz joan da teknologia, osasunaren parte bihurtu arte, eta gaur egun ez dago osasuna ulertzerik teknologiarik gabe. Horretaz jakitun, langile guztientzat baliagarri izango den dibulgazio-kanal bat sortzea erabaki zuten orain dela hiru urte inguru, KomunIKT aldizkari digitala. Hirugarren zenbakia argitaratu berritan, laster hasiko dira hurrengo zenbakian lanean. Osakidetzako langile batzuen bizipenak biltzeaz gain, informatika-zerbitzuek zer-nolako berritasunak eta aldaketak egin dituzten eta egingo dituzten azaltzen dute. Informatikan adituak direnek idazten duten arren, Osakidetzako edozein langilek irakurri eta ulertzeko moduko artikuluak argitaratzen dituzte. Hori baita helburua: langile guztiengana ailegatzea, denek izan dezaten gertatutako aldaketen eta berritasunen berri.

Leire Erkoreka eta Enrique G. Arza,
Berrikuntza eta Sistemetako Zuzendariordetzako kideak, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean.

Ruben Lastra eta Enrique G. Arza informatikariak hasiera-hasieratik aritu dira proiektuan buru-belarri. Adierazi dute behar bati erantzuteko xedez jarri zutela martxan aldizkaria, egiten duten lana erabiltzaileengana eramateko asmoz. Ordura arte, Osabide Global izeneko aplikazioa erabili ohi zuten berriak jakinarazteko; horko argitalpenak ESIen informatikara iristen ziren, baina ez zen nahikoa, ez baitziren azken erabiltzaileengana iristen. Honela azaldu du G. Arzak nola izan zen hasiera eta zein bidetatik hasi ziren pausoak ematen: Urte hauetan, informatikaren arloan, lanean aritu gara teknologia, programak eta erreminta teknologikoak hobetzeko, baina erabiltzailearekin ez dugu inoiz komunikazio zuzenik izan transformazio horren berri emateko. Zuzendariordetzan sortu zen proiektu baten harira, esan genien hutsune bat genuela alde horretatik: alegia, gauza asko egiten genituela, oso ondo gainera, eta erabiltzaileak aldaketak eta tresna berriak zituela eskura, baina ez zuela informaziorik jakiteko zergatik gertatzen ziren aldaketa horiek. Orduan, ideia ona iruditu zitzaigun irakurleentzat astuna izango ez den argitalpen bat sortzea, eta informatikariek sortzea eduki hori, baina kontuan hartuta norentzat eginda dagoen, hau da, teknologiari buruzko ezagutzarik ez dutenentzat ere bai.
Esan eta egin. Horrela hasi ziren KomunIKT aldizkariaren bidea urratzen. Bide horretan, ESI guztiekin jarri ziren harremanetan; Osakidetzako zerbitzu-erakunde guztiei aurkeztu zieten proiektua, informatikako zerbitzu guztiei, eta boluntarioak eskatu zituzten, hots, aldizkarian parte hartzeko prest zeuden lankideak. Sei lagun inguruko talde bat osatzea lortu zuten. 2018. urtean argitaratu zuten lehenengo zenbakia, Osakidetza osasun digitalerantz lelopean. Lastrak eta G. Arzak gogorarazi duten bezala, ez da lan samurra izan, eta garai hartako Osakidetzako komunikazio arduradun Lurdes Ubetagoyenak asko lagundu zien, baita Euskara Zerbitzuko lantaldeak ere. Informatikariek egindako aldizkari bat da, baina gainerako erakundeak gabe ez litzateke posible izango, nabarmendu du G. Arzak.

Pandemian, beharrak azaleratu
Koronabirusak eragindako krisiak agerian utzi du teknologiaren beharra, baita lan arloan ere. Osakidetzan ere beste modu batean lan egitera ohitu behar izan dute, eta informatikariek lan handia egin dute hori guztia bideratzeko. Hain zuzen, garai hori izan da hirugarren zenbakiaren gai nagusia: aldizkarian aurkeztu dituzten egitasmo gehienak teknologia-beharrei erantzuteko sortuak izan dira; hots, osasun-krisiari aurre egiteko eta haren ondorioak apaltzeko. Nolanahi dela ere, badakartza alarmari lotuta egon ez diren beste egitasmo batzuk ere.

Marijo De Arriba, Donostialdeko ESIko Informazio
Sistemetako Zuzendariordetzako informatikaria.

Izan ere, pandemiak ere argi utzi du hasieran informatikariek nabarmendutako ideia: Gaur egun, osasunak bi hanka ditu: zientzia eta teknologia. Teknologiarik ez badago, ezin da iritsi osasungintzan gauden mailara, eta, zientzia ez badago, ez dago osasunik. Azpimarratu beharreko bi hanka dira.

Indarrak mugatuta
Denbora asko eskatzen duen produktu bat da KomunIKT, eta lantaldeak gogor egiten du lan ahalik eta lanik txukunena argitaratzeko. Gaur egun, bost kidek osatzen dute erredakzio-batzordea: Maria Jose De Arribak, Leire Erkorekak, Enrique G. Arzak, Ruben Lastrak eta Ruth Zaratek. Urte hasieran egiten dute aurreneko bilera, aurreko zenbakia aztertzeko eta hobetu beharrekoak identifikatzeko. Ondoren, albisteak biltzeari ekiten diote, bakoitzak bere sailekoak, eta badira ere lantaldeko parte ez izan eta kolaboratzen aritzen direnak ere. Zer argitaratuko duten zehazteko orduan, zuzendariordetzaren oniritzia behar dute. Dena idatzi, maketatu, eta gainbegiratu bat baino gehiago egiten dizkiote azken produktuari argitaratu aurretik. Intranetaren bidez helarazten diete aldizkaria langileei, eta Interneten ere eskura dago, edonork irakurtzeko, https://komunikt.osakidetza.eus helbidean.

Ruben Lastra eta Ruth Zarate, Zuzendaritza Nagusiko Informatikako eta Informazio-Sistemetako Zuzendariordetzako informatikariak.

Hurrengo zenbakia datorren urteko azaroan argitaratzea espero dute, eta asmoa da urtean zenbaki bat argitaratzea, denborak eta lanak mugatuta. Jarraitzeko gogoz daude, eta esan dute orain arte jasotako iritziak baikorrak izan direla, bai gainerako informatikarien aldetik eta bai beste erabiltzaileen aldetik ere. Osasun digitalak bermatuta dauka bozgorailua.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other