agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Nola ikusten duzu botila?

Karmele Gurrutxaga • ADIMEN EMOZIONALA

Genetikak finkatzen omen du, adituek diotenez, izaera baikorra eta ezkorra, maila batean. Dena den, ikasi ere ikasten da baikorra eta ezkorra izaten. Ezbeharretatik ateratzeko, jarrera baikorra edukitzea oso garrantzitsua izan daiteke.

Eman dezagun botila bat duzula esku artean eta barruan begiratuz zerbait ikusten diozula: kantitate bera dago airetik eta uretik; bai? Zer esango zenuke, erdi hutsik edo erdi beterik dagoela? Behin, erretiro aurreratua hartua zuen jende talde batekin ikastaro batean nintzela, galdera bera egin nuen, eta argi asko erantzun zidan kideetako batek: «Barruan zer dagoen: ura baldin badago, erdi beterik, eta, ardoa baldin badago, berriz, erdi hutsik».

Botilen izaera, erdi hutsik edo beterik ikustea, konturatuko zinen moduan, zuzenean lotzen da jarrera baikorrarekin eta ezkorrarekin. Horren harira, adi datu honi: Martin Seligmanek, Pensilvaniako Unibertsitatean psikologia baikorraren mugimenduaren aitzindarietako batek esan bezala, izaera baikorra heredatzen den bertutea da, % 44raino, behintzat. Kontuan hartzeko datua, nolanahi ere. Iturria aipatu nahi izan dut, informazioari seriotasuna emateko; hau da, ez du zerikusirik denbora-pasarako egin ohi diren ikerketa arin horiekin. Eta zer esan nahi du horrek, jarrera ezkorra oinordetza moduan jaso bada, zama hori ere eragingarri izango dela? Ez dakit, kontrastatu gabeko ondorioa da hori; beraz, heldu diezaiogun esanguratsu denari.

IKASI EDO OINORDETU
Sekulako zortea dute zenbaitzuek, itxura batean, behintzat: ile horia izatea, kalitate oneko hortzak eta gantzak askorik ez itsastea genetika onenekoa zelakoan ginen honetan, jarrera baikorra ere heredatzen omen da. A zer zortea horiena. Herentziaz jasotzen denaren inguruan, psikologiak eta pedagogiak ia betidanik izan duten eztabaida ere hor dago, ordea: baikor izate hori, zer da, heredatua ala ikasia? Izan ere, ukaezina da haur bat nola doan modelatzen lehen urteetan, ia konturatu ere egiten ez garen keinu, trebezia edo hitz egiteko moduak xurgatuta eta imitatuta. Eta, beraz, baikor izate hori ez ote da ikasten den zerbait?

Zorionez, ikasi ere ikasten da. Eskerrak! Bestela, ehuneko horretatik kanpo geundekeenok non erreklamatu geure eskubideak?

Hona hemen lehen aipatutako bi kontzeptu, antzekoak baina oso ezberdinak: izaera eta jarrera. Izaera baikorra da herentzia baikor hori jaso dutenen lehen hazia, berezkoa. Baita hazi zoragarri hori jaso ez arren inguruan baldintza egokitan ernetzen hasi dena ere: lehen urteetako etxeko giroan, hezitzaile eta zaintzaile izan direnekin harremanetan; inguruan diren gauza eta bizipen xume horiek ematen duten atsegina adierazten denean; gauza txiki horien benetako balioa eta handitasuna xurgatzen duenean.

NORBERAREN JARRERAK ERAGIN DEZAKE EGOERA ILUNAK ILUN IZATEN JARRAITZEA

Orain, jarrera; jarrera baikorra, ezkorra, irekia edo itxia; edozein dela ere, jaiotzetik edo hezkuntzatik jasotakoa izan daiteke, baina baita ikasia ere. Eta, berriro diot, hezkuntzatik! Bada itxaropena, beraz. Hau da, guretzat ohikoa eta berezkoa baldin bada botila erdi hutsik ikustea, orduan, okerrago ibiliko gara egoera zailei aurre egiteko garaian, baina, edozein moduz, geure erantzukizunaz jabetu beharko dugu. Erantzukizuna diot, ez egoera zaila geuk eragin izanagatik —ez beti, behintzat—, egoera horrekiko dugun jarreragatik, alegia.

Pertsona baikor eta ezkorren artean nork ditu arazo gehiago? Eta nahigabeko gertakari gehiago pairatzen ote dituzte mundua beltz ikusten dutenek? Tamalez, kanpotik sortutako zorigaitz eta bizipen gogorrak edozeinen bizitzan suerta daitezke; baikor edo ezkor, kontua hau da: baikorrek aurrera egiteko gaitasun handiagoa dutela, gertaera horren iluntasunean harrapatuta gelditzen ez direlako. Eta inguruan dituzten gauza txiki, atsegin eta handi horiekin abian jartzen direlako.

GAUZA TXIKI ATSEGINEI HELDU
Pentsalari ezezagun baten hitzak jarraian: «Zaindu itzazu zure pentsamenduak, denborarekin zure hitz bilakatuko baitira. Zaindu itzazu zure hitzak, denborarekin zure ekintza bihurtuko baitira. Eta zaindu itzazu zure ekintzak, denborarekin zure bizitza bilakatuko baitira».

Berriro diot: ezin esan norbera bere zorigaiztoen eragile denik, ez horixe. Baina bai, norbere jarrerarekin egoera ilun hori iluntzen jarrai daitekeela, nonbaitetik argi-izpiren bat bilatu ordez.
Etxeko lan atsegin bat amaitzeko: egizu, egunaren amaieran, gaur bizi izandako une atseginen balantzea; ahal bada, gogoratu zeuk eragindako egoerarik atseginena. Eta berdin bihar, etzi… Benetako zoriona une txiki atsegin horien emaitza baita. Irribarre gozo bat zuretzat.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other