agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

Fisioterapia Lehen Mailako Arretan

Arabako eta Bizkaiko ESI batzuetan Fisioterapia zerbitzuak zabaltzen ari dira Lehen Mailako Arretan. Osakidetzak zenbait lanpostu sortu ditu dagoeneko. Onura asko ditu; besteak beste, erabiltzailea zuzenean bideratu daiteke familia-medikuarenetik fisioterapeutarenera.

Osasun-sisteman, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da Lehen Mailako Arreta. Hori dela eta, Osakidetzako profesional askok uste dute beharrezkoa dela hura garatzeko konpromisoa indartzea. Osakidetzak orain dela urte batzuk txertatu zuen Fisioterapia Lehen Mailako Arretan: hain zuzen, 2018an, proiektu pilotu bat abiatu zuten Gasteizen, lau fisioterapeutarekin.

Lehenengo, fisioterapeutek bakarkako kontsulta bat egiten diete pazienteei, eta ondoren, oro har, taldeka artatzen dituzte. Hamar saio ingururen ostean, pazienteek ikasitako ariketa eta estrategiekin bere kabuz lanean jarraituko dute. Bi hilabeteren ostean, fisioterapeutak harremanetan jartzen dira pazienteekin, eboluzioaren berri jakiteko. Tratamenduaren ondoren, pazienteak udal teknikariarengana bideratzen dituzte, ariketa fisikoaren bitartez, bizitza ohitura osasungarriak bultzatzeko. Era horretan, pazientea osasun sistematik ateratzea lortzen da, eta udal teknikariak, erabiltzaile moduan, jarraipena egiten die.

«FISIOTERAPIARI ESKER, BOTIKEN KONTSUMOA JAITS DAITEKE, BAITA LANEKO BAJAK SAIHESTU ERE»

Espainiako erkidego batzuetan 1991. urtean hasi ziren pauso horiek ematen, eta oso aurreratuta daude arlo horretan; beraz, asko ikasi ahal da haiengandik, urte asko baitaramatzate lanean.

Dagoeneko, hainbat osasun-zentrotan sortu ditu Osakidetzak lanpostuak; besteak beste: Gasteizen, Zabalganeko eta Salburuko osasun-zentroetan, Barrualde-Galdakaoko ESIan, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIan eta Bilbo-Basurtuko ESIan.
Osasun-sistemaren erabiltzailea zuzenean bidal dezakete familia-medikuarenetik fisioterapeutarenera. Arazo osteomuskularrak familia-medikuen kontsulten % 30 inguru direla kalkulatzen dute, eta fisioterapia da arazo horiek modu kontserbadore baten bidez tratatu ditzakeen diziplina. Horrela, fisioterapiari esker, botiken kontsumoa jaits daiteke, baita laneko bajak saihestu ere.

Min kronikoaren arazoa
Esku hartzeko modu berri bat lantzen ari dira: min kronikoaren arazoa tratatzeko, minaren neurobiologiaren pedagogia erabiltzen hasiko dira, hezkuntza arloko interbentzioetan. Horrek mina tratatzeko ikuspegia aldatzen du, ikuspegi biomediko batetik ikuspegi biopsikosozial batera pasatzen baita. 2022ko maiatzaren 7an eta 8an, Fisioterapia Lehen Mailako Arretan izeneko jardunaldiak hartu zituen Euskal Herriko Unibertsitateko paraninfoak, eta jardunaldi horretan jakinarazi zuen Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aldaketa hori. Profesionalek deritzote oso aurrerapauso garrantzitsua dela.

Horren harira, 2022ko urriaren 21ean eta 22an, Valladoliden, min iraunkorrari era aktiboan aurre egiteko nazioarteko lehenengo biltzarra egingo dute. Diziplina bat baino gehiagokoak jardungo dira, hala nola medikuak, erizainak, fisioterapeutak, psikologoak, psikiatrak, pediatrak eta terapeuta okupazionalak. www.congresodolor.es

 

“Ekarpen handia egin ahal dugu”

ANE MARTINEZ MENDIOLA • Fisioterapeuta

Ane Martinez fisioterapeuta lantalde batean aritu da Lehen Mailako Arretan Fisioterapia arloa sortzeko. Haren ustez, gizartea zahartzen ari den heinean, fisioterapeutak ezinbesteko garrantzia hartzen ari dira arreta mota horretan, eta helduen bizi-kalitatea izugarri hobetu dezakete.

Zer-nolako gabezia zegoen Lehen Mailako Arretan?
Arreta ospitalean ematen genuen. Pazienteek, Lehen Mailako Arretako medikuarengana joaten zirenean, pauso pila bat eman behar izaten zuten Fisioterapiara iritsi arte, lehenengo, Traumatologiara edo Errehabilitaziora bidaltzen baitzituzten. Lehen Mailako Arretan kasuen % 30 inguru izaten dira patologia osteomuskularrak, eta horien % 85 inguru fisioterapiaren bidez edo Lehen Mailako Arretako tratamenduen bidez sendatu ahal dira; ez dute behar bigarren mailako edo ospitaleko artarik. Horrek, ibilbidea luzatzeaz gain, askotan patologia kronifikatzen du, kudeaketa zaildu, arreta garestitu, pazienteei askotan behar baino diagnostiko-proba gehiago egin… Bitartean, diskurtso asko entzuten dituzte, eta haien irudia ahuldu egiten da; hauskor bihurtzen dira, eta gaixotasun-sentsazioa areagotzen zaie. Orduan, askoz hobea da prebenitzea: ahalik eta lasterren arreta jasotzea, haien egoerara egokitzen den arreta bat.

Prebentzioa aipatu duzu, baina esku-hartze aktiboa ere ezinbestekoa da, ezta?
Bai. Arazoak konplikatu egiten dira denbora pasatzen denean, gero zailagoa baita arazoa konpontzea: eman behar diren pausoak, beste mediku bati itxaron… Gainera, zenbat eta lehenago tratatu, orduan eta arinago berreskuratuko dute pazienteek beren bizitza aktiboa. Fisioterapiaren helburua da Lehen Arretan pazienteak ahalduntzea. Beren prozesua ulertu, eta hobekuntza bideratzeko estrategiak eskaintzea, haiek izan daitezen sendabidearen protagonista aktiboak.

Azken urteotan areagotu egin da, beraz, Lehen Mailako Arreta; behar handiagoa dago?
Gure gizartea nagusitzen ari da, eta bizimodua gero eta sedentarioagoa da. Horren ondorioz, arazo muskuloeskeletikoak areagotzen ari dira, eta horrek jendearengan ahultasun eta hauskortasun sentsazioa sortzen du. Fisioterapeutok, adibidez ariketa terapeutikoaren bitartez, esku-hartze oso interesgarriak egin ahal ditugu: esate baterako, erorikoen prebentzioan, zahartze aktiboan… Esku-hartze komunitarioak ere egin daitezke: osasun-zentroetatik irten, eta komunitatearekin lantaldeak egin, adibidez. Extremaduran eta Caceresen, adibidez, parke bio-osasuntsuetara joaten dira fisioterapeutak. Harremanetan jarri ziren herriko zahar-etxearekin, eta, orain, adineko jendeak ariketa fisikoak egiten ditu parkeetan fisioterapeuten laguntzaz. Hor ez dago patologia bat, baina osasuna hobetu daiteke. Hori da prebentzioa, indarra eta mugikortasuna lantzen laguntzea, haiek indartsuago sentitu daitezen, eta, hala, erorikoak eta saihestuta, hobeto bizi daitezen.

«PREBENTZIOA DA INDARRA ETA MUGIKORTASUNA LANTZEN LAGUNTZEA»

Nolako ikuspegia ematen du fisioterapeuta batek?
Uste dugu ekarpen handia egin ahal dugula Lehen Mailako Arretan. Esku-hartzeetan ariketa fisikoaren dosifikaziorako jarraibideak eman ahal ditugu, edo esan zer egin dezaketen mina hasten bazaie gorputzeko atal jakinetan. Heziketaren bitartez ere programa horietan parte hartzen dutenei ideiak edota informazioa eman ahal dizkiegu.

Nolako erantzuna izan du programak?
Pazienteak oso pozik daude fisioterapeutarekin harremana eduki ahal dutelako nahiko modu zuzenean. Lehen Mailako Arretako medikuarengana joan eta hurrengo egunean fisioterapeutak deitzea oso ondo baloratzen dute. Jendeak gero eta gehiago eskertzen du ariketa fisikoa egitea, ulertzen baitute ariketa fisikoaren bitartez beren arazoak konpon daitezkeela; hori guztia diskurtso batekin eta hezkuntza batekin lotuta dago.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other