agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

“Ikusi dugu % 5ek depresio nagusi bat daukala erditu ostean”

Leire Erkoreka • Psikiatra

Orain dela hiru bat urte, Amatasun programa ipini zuten martxan Barrualde-Galdakaoko ESIan. Ginekologia eta Psikiatria zerbitzuek daramate elkarlanean. Erditze-ondoko depresioaren baheketa egiten dute Ginekologiakoek, eta baieztatutako kasuak tratatzen dituzte Psikiatriakoek. Programako arduraduna Leire Erkoreka da (Bilbo, 1981), Psikiatriako jarduneko zerbitzuburua.

Zer da erditze-osteko depresioa?
Erditu ostean agertzen den depresio mota nagusia da. Depresio nagusiaren sintoma berak ditu, baina orain gehiago egiten dugu berba «depresio perinatala»·deritzonaz: haurdunaldian zein erditu ostean ager daitekeena.

Badago epe jakinik?
Ez dago kontsentsurik alde horretatik. Batzuek diote haurdunaldian edo erditu osteko lehen sei asteetan agertzen denari deitu diezaiokegula «depresio perinatala». Beste batzuek luzatu egiten dute epe hori lehen hamabi hilabeteetara.

Zuek zelan detektatzen duzue?
Erditu eta seigarren astean, ginekologoek kontsulta bat egiten dute amekin, eta baheketa bat egiten diete: Edinburgoko eskala. Hori da erditu osteko depresioa detektatzeko gehien erabiltzen dena.

Eta, depresioa antzemanez gero, zuengana bideratzen dituzte?
Edinburgoko eskala baheketa-tresna bat da, eta adierazten du arriskua egon daitekeela, baina ez da tresna diagnostiko bat. Hamabitik gorako puntuazioa dutenean psikiatriarengana bideratzen dituzte, gure programara. Kontsulta bat egiten dugu, eta elkarrizketa kliniko baten bitartez diagnostikoa baieztatu edo ezeztatu egiten dugu.

«ERDITZE-OSTEKO DEPRESIOAK HARREMANA DU UMEA OKERRAGO ZAINTZEAREKIN, ATXIKIMENDU ARAZOEKIN ETA UMEEN ATZERAPEN PSIKOMOTORRAREKIN»

Izan daiteke hamabitik gora ematea baina ez edukitzea depresiorik?
Bai. Sentsibilitate handiko baheketa-tresna da, eta positibo faltsu asko izaten dira. Gure kasuan, bidaltzen dizkiguten erdietan-edo baieztatzen dugu diagnostikoa. Hala ere, erditze-osteko depresioaren intzidentzia oso handia da. Dagoen bibliografiaren arabera, % 20ra artekoa izan daiteke, baina lan gehienek % 10 inguruan kokatzen dute. Gure eskualdean, bi urte pasa hauetan, % 5ek depresio nagusi bat daukala ikusi dugu.

Zein dira sintomak?
Tristura baino gehiago labilitatea da. Bat-batean triste egotea, gero ondo, negargura edukitzea egun osoan, edo negarrez hastea erraztasun handiagoarekin… Erditu osteko garaia zaila izaten da; lan handia dago, eta norberaren buruaz ahazten gara batzuetan, baina, nekatuta egon arren, disfrutatzeko aukerak izaten dira; depresioarekin, berriz, oso ohikoa izaten da anhedonia: disfrutatzeko ezintasuna. Lo egiteko aukera duzunean —gutxi izaten da erditu berritan— ezin egitea. Sentitzea jatekoa ez zaizula sartzen, edo jaten ezin zarela gelditu. Kontzentrazio-falta oso nabarmena izatea. Baita erruduntasunaren sentsazioa edo gaitasunik ez duzula sentitzea ere. Kasurik larrienetan, norbere buruari min egiteko edo norbere buruaz beste egiteko gogoa ager daiteke, baina horrelakorik ia ez dut ikusi programa hasi genuenetik. Gerta liteke umeari min egiteko ideiak ere edukitzea, baina horrelakorik ere ez dut inoiz ikusi.

Zer egiten duzue diagnostikoa ezezkoa denean?
Bizimoduari buruzko aholku batzuk ematen dizkiegu, osasunarekin zerikusia dutenak. Batez ere, gomendatzen dugu tarteak gordetzea norbere burua zaintzeko, familiaren eta nagusiki bikotekidearen laguntzarekin. Bigarren aholku bat izaten da ahal den heinean kirol apur bat egiten hastea, ikusi izan delako gogoa hobetzeko gaitasuna duela.

Eta diagnostikoa baiezkoa denean?
Interbentzio zehatz bat egiten dugu ospitalean. Baloratu egiten dugu depresio larria edo arina ote den sintoma-kopuruaren arabera. Depresio arinetan, gomendio horiek ematen dizkiegu, eta guk diseinatutako talde terapiara bideratzen ditugu. Depresiorik larrienetan gomendioez eta terapiaz gain, normalean tratamendu farmakologikoa jartzen diegu. Askok ezetz uste duten arren, tratamendu asko daude edoskitzearekin batera har daitezkeenak.

Zertan datza talde terapia?
Talde terapia nik egiten dut zerbitzuko beste psikologo batekin, eta lau saioko talde interbentzio bat da. Hamabostean behin egiten dute, eta orientazio kognitibo-konduktuala dauka. Saio bakoitzean, erditze-osteko depresioa hobetzeko balio duen eremu bat tratatzen dugu: psikohezkuntza, alderdi kognitiboaren interbentzioa, komunikazio asertiboa eta alderdi emozionala. Talde terapia modularra da; ordena natural bat egon arren, edozein saiotan has daitezke pazienteak, eta garrantzitsua da, programaren lehentasunetako bat interbentzio goiztiarra egitea delako. Diagnostikatzen ditugun momentuan, hurrengo saiora bideratzen ditugu. Tratamendua, luze jota, diagnostikatu eta bederatzi egunera hasten dute.

Zergatik da garrantzitsua interbentzio goiztiarra?
Ikusi delako erditze-osteko depresioak harremana duela umea okerrago zaintzearekin, atxikimendu arazoekin eta umeen atzerapen psikomotorrarekin. Horregatik saiatzen gara interbentzioa ahalik eta arinena egiten eta sintomak hobetzen, eragina ahalik eta txikiena izateko.

Aurrerapausoak izan dira, baina estigma handia dago oraindik, ezta?
Komunikabideetan eta gizartean erditze-osteko garaia oso idealizatuta dago, baina sasoi horretan emakumeak fisikoki osatzen ari dira, eta atseden-eza eta lo egiteko zailtasunak izaten dituzte, besteak beste. Lehen umea izugarrizko aldaketa da, eta, egokitzeko momentua bada ere, ama gehienek ez dute astirik izaten horretarako. Ume bat izatea erabakitzen dutenean, ilusioz erabakitzen dute normalean, eta, espektatibak ez badira betetzen, txoke bat izaten da. Dena den, egia da gizartean gero eta ikusgarritasun handiagoa ari direla izaten amatasunaren alderdi ez hain politek, «Malasmadres» mugimendua, adibidez.

Lehen seme-alabarekin errazagoa da?
Dagoen literaturaren arabera, normalean multiparoa izatea —ume bat baino gehiago izatea— arrisku-faktore moduan hartzen da, baina guk ez dugu ikusi alderik primiparoen eta multiparoen artean. Izan ere, primiparo gehiago izaten ditugu, baina agian gizartean gertatutako aldaketengatik da. Jende askok ume bakarra izaten du eta.

Gura barik haurdun geratzeak badu eragina?
Bai, arrisku-faktorea da. Gure kontsultetan, hamar emakumetik hiruk bilatu gabeko haurdunaldi gisa aitortu izan dute. Ez daukagu daturik jakiteko gizartean oro har dauden haurdunaldietatik zenbat diren bilatu bakoak, baina, ginekologoei eta emaginei datuak erakutsi nizkienean, bai pentsatu zuten datu altua zela % 30.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other