agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

Elkar zaintzeko beharra

Agurtzane Ormatza Imatz • ONGIZATEA

Edozein sistema afektibotan, elkar zaintzeko guraria eta beharra kideek ontzat hartzen duten prozesua da. Familietan, gurasoek seme-alabak zaintzen dituzte, eta, gurasoak nagusitzen diren heinean, ondorengoek hartzen dute betebehar hori. Bikote-sistematan ere, bikotekideek modu desberdinetan bada ere, biek gura eta behar dute bata bestea zaintzea.

Jagotearen kontzeptua aspalditik dator, gaur egun beste esparru batzuetan gaia oso sakon jorratzen bada ere. Adibidez, Kama Sutra-ren arabera, batak bestea jagotearena oinarrizko gaia da bikote-harremanetan.

Kontzeptu horren edukia oso mamitsua da. Zelan jagon norberaren eta lagunaren gorputza, bien arteko erotika, bien beharrizanak, zelan lagundu desioa bideratzen, zer egin gure arteko beldurrekin, zelan lagundu bikotekideari onuragarriak diren zaletasunak jorratzen, zelan adierazi maitatzen dugula, zelan jakin zer duen gustuko gozatzeko edo zer behar duen lasaitzeko, edo zer behar duen bestearengandik benetan ondo egoteko…

Bikotekideek gura eta behar izaten dute bikotekideari laguntzea, haren hazkuntzaren parte izatea, laguntzeko gai direla sentitzea, bestearen poztasunaren eragileak direla sentitzea… Zaintza-prozesu horretan, biak garrantzitsuak direla sentitzeak onurak ekartzen dizkie.

Hori horrela bada ere, sarri, bikotekideek sentitzen dute ez dakitela zelan lagundu, edo egiten dutena ez dela baliagarria. Bata bestearekiko dauzkagun espektatibek ere ez digute laguntzen prozesuan. Batetik, pentsatzen dugunean gai izango garela bestearen hutsuneak, beharrak eta desioak bideratzen. Eta, bestetik, laguna ere gai izango dela gurearekin gauza bera egiteko pentsatzen dugunean. Kale egingo dugu.

NEGOZIAZIOA ETA BATA BESTEAREKIN IKASTEA EZINBESTEKOAK IZANGO DIRA

Horrelako sentsazioak eta pentsaerak frustrazioak ekartzen ditu, eta, elkarren distantzia handitu ez ezik, norberarenganako gutxitasun-sentimendua areagotu, erruduntasun -sentimendua sakondu eta lagunarekiko amorrazio puntu bat sortzen du.

Errealitatea konplexua da, baina ez da zertan konplikatua izan. Jagotearen bidea gozagarria bezain aberasgarria izan liteke, batzuetan juxtu kontrakoa bihurtzeko zorian badago ere.
Hona hemen proposamen batzuk bidea hain estua ez izateko:
• Zelan eskaintzen diogu geure buruari gure bikotekideari eskatzen dioguna? Hau da guk geuk geure burua zaintzea.
• Geure buruarekin behin argituta zer den gura duguna, gogoeta dezagun ea zelan bideratu desio edo behar hori.
• Argitu ostean saia gaitezen bideratzen gure egunerokotasunean. Ezinezkoa egiten bazaigu eta gurago badugu bikotekidea horren parte izatea, lagunari azaldu zertan nabilen eta zelan lagundu dezakeen.

Diferenteak gara; beraz, zaintzeko moduak, abileziak, gabeziak eta lehentasunak, beharbada, desberdinak izango dira. Negoziazioa eta bata bestearekin ikastea ezinbestekoa izango da; ez dezagun ezer segurutzat jo.

Batzuetan, batak bestea zaintzea erraza da; besteetan, aldiz, neketsua edo korapilatsua. Askotan, geure burua zaintzea bezain zoragarria eta zaila.

Batzuetan, zainketa batzuk berez egiten ditugu… Besteetan, aldiz, ez dago asmatzerik, ez dago gogorik… Bide hori errazteko garrantzitsua izaten da jakitea zer egiten dugun, eta zertarako egiten dugun… Hau da, guri zelako onurak ekartzen dizkigun lagunarengatik egiten dugun horrek.

Kontsultan, sarritan ikusten dugu bikotekideek izugarrizko ahaleginak egiten dituztela laguna hobeto egoteko, laguntzeko, baretzeko, animatzeko, maitasuna adierazteko… Baina, aldi berean, lagunek ez dute deus ikusten. Jasotzen dutena ez dute baloratzen, eta bestearengandik datorrena ez da izaten benetan behar dutena. Izugarrizko ahaleginak egiten dituzte, eta ezelango etekinik ez dute jasotzen.

Bikotekideek sistema eraikitzen dugunean, ez daukagu argibiderik etxetresna elektrikoek bezala.
Bikotekideok sarri ez gara jabetzen gure argibideaz; askotan jakin arren zer gertatzen zaigun ez dakigu zer behar dugun, ezta zelan azaldu ere gure bikotekideari, baina espero dugu gure lagunak gu zaintzeko zer egin jakitea, guk gura dugun irtenbidea asmatzea, gure egoeraz jabetzea…

EZINEZKOA, BEHARBADA?
Irudika dezagun arropa-garbigailu bat garela eta programa emozionalak dauzkagula, sistema bat daukala zelan gauden argitzen duena. Adibidez:
Programak: haserre nagoenean, triste, mainati, bero, ahul, jostalari, galduta, alai… Zelan nabaritzen den programa horretan nagoela. Zer egin behar duen bikotekideak programa horretan laguntzeko.
Argibideak idatzi, eta lagunari eman; seguru nago errazagoa izango dela elkar zaintzea. Ahalegin txikiagoarekin etekin askoz ere handiagoa aterako diozue. Animatu jagote abentura horretan sartzera!

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other