Familia eta Komunitate Arretako profesionalak ohartu dira genero-ikuspegia aintzat hartzea ezinbestekoa dela pazienteak behar bezala artatzeko. Hala, ikuspegi hori txertatu dute egoiliarren prestakuntzan. Bi ildo nagusi lantzen dituzte: teoria biomedikoan egon diren hutsuneak, horiei erantzun bat emateko, eta elkarrizketa klinikoak. Maialen Berridi Agirrek Gipuzkoako Familia eta Komunitate Arretan dihardu teknikari, Irakaskuntzako Unitate Multiprofesionalean.
Zertan  datza,  zehazki,  prestakuntza?  Zergatik  jarri  zenuten  martxan  egitasmo  hori?
Duela  urte  dezente,  arreta  komunitarioa  lantzen  hasi  ginen;  gure  espezialitatearen  abizena  dela  esan  dezakegu,  gu  Familia  eta  Komunitate  Arretako  medikuak  eta  erizainak  baikara.  Orain  arte  osasun-sistemak  asko  garatu  ez  duen  alor  bat  da;  pazientearen  testuingurua  zein  den  kontuan  hartzea  garrantzitsua  da  bere  osasunean  emaitzak  lortzeko,  eta,  horretarako,  garrantzitsua  da  osasun-zentroaren  ikuspegia  deitzen  dioguna  garatzea:  hau  da,  ikusi  zein  komunitateri  egiten  diozun  arreta,  lan  egiten  duzun  osasun-zentroaren  arabera,  eta  komunitate  horrek  dituen  ezaugarriek  pazientean  nola  eragiten  duten  ulertzen  saiatzea.  Azken  urteetan,  komunitatearen  barruan  lan  egiteko  beste  modu  batzuk  sortu  dira:  komunitate-arretaren  barruan  dauden  determinatzaile  edo  mugatzaile  sozialak  nola  landu,  baita  komunitateko  aktiboak  berak  ere,  eta  pertsonak  propio  dituenak  edo  izan  ditzakeen  ezaugarriak  osasuntsuago  bizitzeko.  Alegia,  osasuna  modu  aktiboan  lantzea,  eta  ez  gabezia  bat  bezala.  Orain  arte,  pertsona  bat  gaixorik  etortzean,  gu  sendatzen  saiatu  izan  gara,  eta  ez  dugu  sustatu  izan  osasuna;  prebentzioa  egiten  dugu,  baina  irakaskuntzatik  saiatu  gara  osasuna  modu  aktiboan  sustatzen,  hori  delako  modu  bat  hala  berean  pazientea  ahalduntzeko  edo  jabekuntza  lantzeko.
Zer-nolako  lekua  du  generoak  horren  barruan?
Ikusi  genuen  nahitaez  landu  behar  genuela  genero-ikuspegia.  Azkenean,  generoa  komunitatearekin  lotua  dago;  arlo  sozial  guztiak  zeharkatzen  ditu.  Pobreziak  eragina  du  osasunean,  eta  emakumezkoak  dira  pobre  gehienak.  Bakardadearen  kasuan  ere,  emakumezkoak  dira  gehienak,  eta  beste  bizi-baldintza  batzuen  kasuan  ere  beti  dago  emakumea  okerren,  hala  nola  soldatak,  ikasketak,  maila  sozioekonomiko  apala…  Hala,  konturatu  ginen  generoa  dela  ekitate-gabeziak  edo  desberdintasunak  sortzeko  ardatz  nagusietako  bat,  eta  hori  landu  behar  genuela.  Konplexuak  diren  egoeretan  erantzun  desberdin  bat  lortzeko  aukera  eman  dezakeen  ikuspegi  bat  baita.  Genero-ikuspegia  aplikatzeak  medikalizazioa  gutxitzea  edo  etiketa  diagnostiko  batzuk  gutxitzea  eragin  dezake.
Zer  lantzen  duzue  programan?
Alde  batetik,  generoak  eragin  ditzakeen  ekitate-gabeziak  landu  nahi  ditugu,  eta  horietan  eragin,  pixka  bat  hobetzeko  edo  ahal  den  heinean  gabeziak  aldatu,  hori  lortuz  gero  pazientearen  osasuna  ere  aldatuko  delakoan.  Beste  alde  batetik,  egunerokoan  ditugun  kontsultei  erantzuteko  beharra  dugu;  ikusten  dugu  gaixo  batzuek  denbora  asko  ematen  dutela  kontsultan,  behin  eta  berriro  etortzen  direla  eta  ez  diegula  ematen  erantzun  eraginkor  bat;  hau  da,  medikuntza  androgenikoan  oinarritutako  erantzun  bat  ematen  diegu,  hori  erakutsi  baitigute,  eta  oso  gaixotasun  zehatz  eta  zurrunen  barruan  sartzen  ditugu.  Gauzak  horrela,  pazientearengan  zentratutako  metodo  klinikoa  lantzen  hasi  gara,  indibidualizatzen  saiatzen,  eta  pazientearen  ideiak  lantzen,  zein  den  haren  egoera  soziofamiliarra,  zein  haren  gogoak,  beharrak,  lehentasunak…  Horrela,  osasuna  hobetzen  saiatzen  gara,  eta  hor  oso  garbi  ikusten  dugu  generoa  aztertu  behar  dugula,  zein  den  pazientearen  generoa,  nola  eragiten  dion  generoaren  rolak,  eta  abar.  Paziente  batzuen  kasuan,  bizitzak  sortzen  dituen  ondoezak  dituzte;  ez  gaixotasunak,  bizimoduaren  ondorioz  eta  generoaren  rolak  ezarritako  aginduen  ondorioz  sortutako  ondoezak  baizik.
«PAZIENTEARENGAN ZENTRATUTAKO METODO KLINIKOA LANTZEN HASI GARA, INDIBIDUALIZATZEN»
Hori  guztia  egiteko,  nolako  baliabideak  ematen  dizkiezue  profesionalei?
Batetik,  generoak  osasunean  izan  dezakeen  eraginari  buruzko  ikerketa  egin  dugu  irakaskuntzan,  eta  baliabideak  lortu  ditugu.  Batez  ere  gaixotzeko  arrazoiaren  begirada  aldatzen  ahalegintzen  gara,  hau  da,  kontuan  edukitzen  gaixotasuna  ez  dela  bakarrik  guk  orain  arte  ezagutzen  genituen  sintomek  osatutako  diagnostiko  bat;  eta  aldi  berean  begirada  hori  zabaltzen  saiatzen  gara.  Gainera,  zehaztugabeko  sintomen  atzean,  genero-indarkeriarekin  lotutako  gaitzak  ere  ezkutatu  daitezkeela  jabetu  gara.  Orain  arte  medikuntzan  genituen  ezagutzak  osatu  egin  nahi  izan  ditugu,  eta  konturatu  gara  hutsune  batzuk  daudela  egiten  ditugun  jardunetan;  hala,  hutsune  horiek  zein  diren  adierazi  eta  kontuan  hartu  nahi  izan  ditugu.  Esaterako,  emakumeetan  diagnostiko  batzuetan  atzerapenak  egon  daitezke,  tratamenduen  eraginkortasuna  desberdina  izatea  gerta  daiteke,  edo  ospitalera  edo  errehabilitaziora  gutxiago  bideratuak  izaten  dira.  Bestalde,  sintoma  berdinarekin  osasun  mentalarekin  lotutako  diagnostiko  bat  ezartzeko  aukera  handiagoa  dute,  edo  gehiegizko  medikazioa  jasotzeko  arriskua  dute.
Adibidez?
Orain  arte,  gaixotasun  batzuen  aurrean  emakumeak  ikusezinak  izan  dira.  Beti  lantzen  ditugu  asko  egoiliarrekin  bihotzeko  gaixotasunak,  gaixotasun  kardiobaskularrak.  Izan  ere,  askoz  ere  ohikoagoak  dira  emakumeetan,  nahiz  eta  gizarteak  eta  medikuok  uste  dugun  gizonetan  direla  ohikoagoak.  Ikerketak  aztertzen  ditugu;  ikerketetan  egon  diren  hutsuneak  nabarmentzen  ditugu,  konturatu  daitezen  ez  dela  erreala.  Hori  medikuntzari  dagokionez.  Bestalde,  tresnak  ematen  dizkiegu  elkarrizketa  klinikoak  bideratzeko,  beste  modu  batera  galdetzeko,  eta  eskema  berriak  ematen  dizkiegu,  ulertzeko  generoaren  rolak  nola  eragiten  duen  pertsonarengan.
Nola  hartzen  dute  informazio  hori?  Harritu  egiten  dira?
Gure  kasuan,  errazagoa  da;  formakuntzan  dauden  mediku  edo  erizain  graduatuak  dira,  eta  gauza  berriak  ikasteko  prest  daude.  Nahiko  jarrera  irekia  dute.  Egia  da  hasieran  harridura  sortzen  duela,  baita  frustrazio  pixka  bat  ere,  kontraesana  delako  orain  arte  ikasitakoarekin  eta  eskema  apurtzen  duelako.  Dena  den,  eskertzen  dute;  iruditzen  zaie  falta  zitzaiela  hori,  nabaritzen  baitute  behin  eta  berriro  etortzen  diren  pertsona  batzuei  erantzun  berri  bat  emateko  beharra  daukatela.  Tutoreei  ere  ematen  diegu  formakuntza  hori;  azken  finean,  haiek  dira  egoiliarrekin  dauden  espezialistak,  eta  batzuk  harritu  egiten  dira;  beste  batzuek  espero  izaten  dute,  ez  baita  gai  berria,  orain  dela  hamar-hamabost  urtetik  hona  lantzen  ari  dena  baizik.
Ez  da  erraza  izango,  kontuan  hartuta  paziente  guztiak  ez  direla  berdinak  eta  profesionalak  horretara  egokitu  behar  duela,  ezta?
Aldaketa  bat  eskatzen  du  lan  egiteko  moduan,  eta,  noski,  langilearen  gogoaren  araberakoa  da;  hau  da,  gehiago  edo  gutxiago  sar  zaitezke  pazientearen  bizitzan.  Asko  indibidualizatu  behar  da,  baita  orain  arte  izandako  lan  egiteko  modua  aldatu  ere.  Esaten  dute  denbora  dela  zailtasunik  handiena,  eta  denbora  asko  behar  izaten  dugu  hasieran.  Gure  kasuan,  alde  ona  da  jarraikortasuna  dugula  pazientearekin,  behin  eta  berriro  etorriko  delako  kontsultara.  Frustragarria  ere  bada  profesionalarentzat,  ez  dagoelako  norbere  esku  pazientearen  bizi-baldintzak  hobetzea,  eta  askok  gaizki  jarraituko  dutelako.  Demostratu  da  gaixoa  bere  egoera  zein  den  edo  kausaren  kasua  zein  den  konturatzeak  ere  laguntzen  duela,  eta  elkarrizketa  hori  izateak  ere  lagunduko  dio  osasunean  segur  aski.  Hiru  dira  muga  edo  oztopo  nagusiak:  denbora,  pertsona  bakoitzaren  gaitasuna  eta  frustrazioa;  izan  ere,  lan  egiteko  aukera  berri  bat  da,  baina  baliteke  batzuetan  konturatzea  egindako  lanak  ez  duela  balio.
Oinarrian  nolako  gaitasuna  izan  behar  ditu  profesionalak?
Enzuten  jakin  behar  du  ezinbestean;  entzute  aktiboa  izan  behar  du,  komunikazio  teknikak  garatu  behar  ditu.  Enpatiari  eta  asertibitateari  eusteko  gaitasuna  ere  izan  behar  du;  horiek  dira  oinarrizkoak.  Horrez  gain,  generoaren  rolak  interpretatzen  jakin  behar  du,  nola  eragiten  duten  gizartean  eta  osasunean.

 


