agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

“Kirola eta bizimodua hartu beharko lirateke kontuan zenbait farmako hartzeko orduan”

Alberto Vegas Rodriguez • Farmazian graduatua

Bigarren Osasunaldian parte hartu du Alberto Vegasek, gradu-amaierako lanak ikusgarriago egitea helburu duen egitasmoan, OEEk antolatuta. Zehazki, ikertu du ariketa fisikoak eta kirolarien dietak nola eragiten duten portaera farmakozinetikoan. Azaldu du orain arte gutxi ikertu izan dela, baina interesgarria eta beharrezkoa iruditzen zaio eragin hori aztertzea. Farmazialaria da, eta, lanbidea izugarri gustatzen zaion arren, ikerketan lan egitea du xede.

Zein da zure lanaren funtsa?
Zenbait farmako hartzeko orduan, kontuan hartu behar lirateke kirola eta bizimodua. Askotan hitz egiten da, esaterako, dopinaz, baita kirolariek farmakoak erabiltzen dituztela ere errendimendua hobetzeko edota proba batzuk egiteko. Baina gauza guztiek dituzte bi aurpegi, eta, kasu honetan ere, hala da: kirola egiten duzunean, zure gorputzean zenbait aldaketa gertatzen dira, aldaketa asko, eta farmakoek portaera bat edo beste izan dezakete gorputzaren arabera. Kirola egitearen ondorioz, zenbait farmakoren portaera edo efektua aldatu egin daiteke, eta hori aztertu dut nire lanean.

Efektu horiek txarrak edo onak izan daitezke?
Farmakoaren edo egoeraren arabera, onuragarriak edo kaltegarriak izan daitezke. Baina guztia oso teorikoa da; gauza batzuk ikusi dira, baina beste batzuk ez. Azken finean, aldizkari zientifikoetan edo entseguak egiten direnean, arretaz aztertu behar da guztia.

Beraz, orain arte egindako ikerketetan eta entseguetan oinarritu zara lana egiteko?
Hori da. Zenbait lan nahiko zaharrak dira. Izan ere, urte batzuetan zerbait ikertu dute gai horri buruz, baina badirudi gero alde batera utzi dutela ikerlerro hori. Teorikoki asko hitz egin dute, baina ez dira egin entsegu asko.

Zergatik aukeratu zenuen gai hori?
Kirolaria izan naiz betidanik, eta asko gustatzen zait kirola. Farmazialaria izanda, asko interesatzen zaizkit farmakoen portaerak; gogokoa dut gai hori, eta pentsatu nuen nola elkartu ahal nituen nire gustuko bi gauza horiek. Garai batean, min hartuta egon nintzen, eta pilulak hartu behar izan nituen. Orduan pentsatu nuen agian horrek eragina izan zezakeela niregan, zeren dietak ere eragin handia daukan, eta hori bai ikertu dutela asko. Batez ere kirola eta bizimodua hartu beharko lirateke kontuan zenbait farmako hartzeko orduan.

«HIZKERA ZIENTIFIKOA NAHIKO UNIBERTSALA DENEZ, EZ DAGO HAINBESTEKO DESBERDINTASUNIK ITZULTZEKO ORDUAN»

Zein izan da ondorio nagusia? Zein farmakoren kasuan?
Parkinsona zuten pazienteekin egindako bi entsegu daude, adibidez. Lebodopa izeneko farmako bat dago parkinsona tratatzeko, eta ikusi zuten kirola egiten zuen taldeak gorputzean zuen farmako kantitatea handiagoa zela kirola egiten ez zutenekin alderatuta, gehiago xurgatzen zutelako farmakoa. Horrela, onura bikoitza izan dezake: farmako kopuru handiagoa dute, eta, gainera, kirolak ere onurak dauzka. Beraz, funtzio motorrean parkinson gaixotasunean onura batzuk nabaritu ziren talde horretan.

Ondorio onuragarriak, beraz, kasu horretan. Eta ondorio kaltegarriak dituen farmakorik?
Diabetesa daukaten pertsonek, intsulina hartu behar dutenek, ziztatu egin behar dute hori hartzeko, eta, kirola eginda garatzen dituzten muskuluetan jartzen bada intsulina, gehiago xurgatzen da; orduan, baliteke hipogluzemia arrisku handiagoa izatea pertsona horiek. Hori, azken finean, konpondu daiteke injekzioa gorputzeko beste atal batean jarrita edota pixka bat itxaronda, baina kontuan hartu beharreko alderdi bat da.

Dieten eragina ere aipatu duzu. Nolako dieta egin behar da?
Kontua ez da dieta egitea. Oso ona izango litzateke zuk egiten duzun dieta medikuari edo farmazialariari jakinaraztea. Kirolariek dieta mota asko egiten dituzte; begetarianoak eta beganoak esaterako, baita hiperproteikoak edo proteina askokoak ere muskuluak gehiago garatzeko. Gai hori oso landuta dago dagoeneko, eta jakina da zenbait landarek interakzioak izan ditzaketela farmakoekin, eta proteina asko hartzen duten kirolariek ere zenbait farmakoren eragina murriztu dezaketela, edo gehiago kanporatu… Batez ere kontua da halako gauzak egiten dituztenek edo horrelako bizimodua dutenek profesionalari jakinaraztea, kontuan hartzeko.

Nolatan animatu zinen jardunaldietan parte hartzera?
Unibertsitatearen mezu elektronikoan jaso nuen jardunaldiei buruzko informazioa, eta, ikusi nuenean, pentsatu nuen: zergatik ez? Aukera ona iruditzen zait. Gainera, gradu amaierako lanaren laburpena argitaratuko dute aldizkari batean. Nire gaia oso ezaguna ez denez, pentsatu nuen agian interesgarria izan zitekeela jendearentzat horri buruz irakurtzea. Aurkezpena prestatu nuen, eta telematikoki egin behar izan nuen; lanean nintzenez, ezin izan nuen zuzenean egin aurkezpena. Badirudi gustatu zitzaiela.

Zergatik hasi zinen Farmazia ikasten?
Nire kasuan, ez zait Farmazia betidanik gustatu izan; ez dut beti izan argi Farmazia ikasi nahi nuela. Batez ere zientzia eta osasuna asko gustatzen zitzaizkidalako erabaki nuen; ikusten nuen, gainera, Farmazian denetarik ikasten dela, eta horregatik hasi nintzen. Asko gustatzen zait nire lana, oso interesgarria da, eta oso gustura ikasi nuen ofizioa. Lanean, jende askori laguntzen diogu, edo laguntzeko aukera izaten dugu, eta jendeak asko eskertzen du hori.

Zer iruditzen zaizu holako jardunaldiak antolatzea?
Oso aukera ona iruditzen zait. Gradu amaierako lanak tribunal baten aurrean baino ez dira aurkezten; publikoak izan arren, ez da inor joaten normalean. Gainerakoen lanak ikusita, euskara, zientzia eta osasun-arloko gai berriak bultzatzen dira, eta alde horretatik oso interesgarria da.

Euskara eta zientzia aipatu dituzu; badaude hutsuneak informazioa euskaraz bilatzeko orduan?
Ingelesez dago informazio gehiena. Oso gauza gutxi argitaratzen da euskaraz. Gaiaren arabera, erraza edo zaila izan daiteke itzultzea; azken finean, zientzia eta osasun arloan hitz asko falta dira euskaraz. Erdarakada edo anglizismo asko erabiltzen dira, eta, kasu batzuetan, horrek itzulpena zailtzen du, ez delako euskarazko hitzik erabiltzen.

Ikerketa horrekin jarraitu nahiko zenuke?
Asko gustatu zitzaidan, baina pixka bat zaila da. Alde batetik, gizabanakoen aldakortasuna dago, eta farmakoak unibertsalak direla pentsatzen da, denengan berdin funtzionatzen dutela. Orduan, zergatik dira ondorioak desberdinak, kirola egiten duelako edo pertsona hori desberdina delako? Horregatik, dagoen informazio guztia teorikoa da. Halere, berriro hasi dira gai hori ikertzen eta entseguak egiten. Gauza berriak ateratzen ari dira, izan ere, teknologia hobetu denez, emaitzak ere ziurragoak izan daitezke orain.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other