agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Komunitatetik eta komunitatearentzat

Gizartean bakardadearekin eta dependentziarekin lotutako gabeziak identifikatuta, horiei erantzun komunitarioak emateko sortu zuten Getxo Zurekin ekinbidea. Hainbat eta hainbat egitasmo sortu dituzte horren barruan, hala nola heriotza eta sufrimendua bezalako gaiak jorratzeko eta beldur horiei aurre egiteko. Naomi Hasson erizaina da ekimen horren arduradunetako eta sustatzaileetako bat.

Gizartea eraldatzeko ikuspegi zabal bat eskaintzen dute Komunitate Errukiorrek (ingelesezko Compassionate Community terminotik eratorria; gaztelaniaz, Comunidades Compasivas): dependentzia egoera batean bizi direnen egoera soziala eta emozionala hobetzeko helburua dute, hala nola gaixotasun aurreratuak dituztenak, bizitzaren amaierako fasean daudenak edota heriotza eta dolua bezalako gaiak landu behar dituztenak; egoera horien eraginez, pertsona horiek bakarrik egoten dira. Marko horren barruan sortu zuten Getxo Zurekin ekimena, 2016. urtean. Beste herrialde batzuetan lehenagotik hasi ziren laguntzeko bide hori jorratzen, Erresuma Batuan, Kanadan eta Australian esaterako, eta Gasteizen ildo horretako proiektu bat martxan jarri ostean, Getxora ere ailegatu zen.

Naomi Hasson erizaina da egitasmo horren arduradunetako bat. Doble Sonrisa fundazioaren barruan sortu zuten Getxo Zurekin, eta lau habe nagusi ditu: sentsibilizazioa, ikerketa, formakuntza eta inplementazioa. Hassonek emandako datuen arabera, pertsonek euren denboraren % 5a bakarrik erabiltzen dute Osakidetzako eta gizarte zerbitzuetako langileekin egoteko, eta denboraren % 75a bakardadean igarotzen dute. Getxo Zurekin ekinbideko kideen arabera, komunitatea da arazo horiei guztiei aurre egiteko gakoa: komunitateak lagundu behar dio komunitateari, pertsonak gai izan daitezen bakardadeari, heriotzari, doluari, gaixotasunei eta dependentzia egoerei aurre egiteko. Herritarrak gai horri buruz kontzientziatzen ari dira joan den sei urteetan, eta hainbat egitasmo, tailer, hitzaldi nahiz jardunaldi antolatu dituzte horretarako. Prozesua sinplea da: gabeziak hautematen dituzte, eta komunitatearen bidez landutako erantzunak ematen saiatzen dira gabezia horiei.

«ERANTZUNIK EZ ZUTEN PREMIA KOMUNITARIOEI ERANTZUTEKO ESPAZIOAK SORTUZ JOAN GARA»

Hasson bera erizaina izanik, azaldu du lanbideak berak utzi ziola agerian bakardadeak zer eragin zuen herritarren zaintzan: «Gabezia sortzen da pertsonak beren etxera joaten direnean, han inork laguntzen ez dienean. Nork laguntzen du familia? Nork eusten dio alde sozialari? Dependentzia egoeran bizi ziren pertsonei galdetu genien horri buruz, arlo guztietako herritarrei: funerarietako langileei, gaixoak zaintzen dituztenei… ez soilik erizainei edota gizarte-langileei; ekosistema osoa ikusi nahi genuen».

Hala, komunitatearekin batera, orain arte erantzunik ez zuten premia komunitarioei erantzuteko espazioak sortuz joan dira. Death Cafe (Heriotza Kafea, euskaraz) da espazio horietako bat. Hilean behin, heriotzaz hitz egiteko biltzen dira Algortako taberna irlandar batean, eta, Algortako horrez gainera, beste 30 herritan ere biltzen dira horretarako. Erresuma Batutik datorren ekinbide bat da, eta nazioarteko plataforma bat bilakatu da: munduko 80 herrialdetan baino gehiagotan jarri dute martxan. Adin guztietako jendea joaten dela azaldu du Hassonek, jendeak jakin-min eta interes handia duela heriotzaren inguruan, eta askok eta askok heriotzari dioten beldurra galtzen dutela hainbat saio egin eta gero.

Bilkura horiek ez dira sentsibilizazioarekin lotuta egiten dituzten plan bakarrak: laguntzen ikasteko tailerrak eta hitzaldiak ere antolatzen dituzte, heriotzaren ingurukoak, sufrimendua lantzeko beste batzuk ere bai… Gainera, gaixotasun batzuen nazioarteko eguna ospatzeko eta horiek aldarrikatzeko festak ere antolatzen dituzte, alzheimerra kasu. Gero eta gehiago, gainera, Hassonek nabarmendu duenez: «Gero eta gehiago, zaintzaren arloan erabateko bakardade sentsazioa dagoelako, baina askotan hori gertatzen da komunitateak ez dakielako nola erantzun. Gure asmoa da pertsonek komunitatean jakitea nola lagundu egoera horretan daudenei». Esate baterako, dependentzia egoera dagoen pertsona bati laguntzea, hala nola ohetik altxa ezin den bati lagundu ahal izatea, ez sufritzeko laguntzen ez zaiolako.

Sarean aritzearen garrantzia
Komunitatean lan egiteko eta elkarri lagundu ahal izateko, Getxo Zurekin ekinbideko arduradunak azaldu du prozesu horretan oso garrantzitsua dela elkar konektatzea, sare baten barruan lan egitea, pertsona batek bakarrik, bere kabuz, ezin baitie aurre egin esandako egoera guztiei eta ezin baitu konponbide bat aurkitu: «Komunitatearen sarea lantzeak ekarriko du beharrei erantzuteko zubiak sortu ahal izatea, pertsonek konektatzeko aukera izan dezaten». Izan ere, ekinbide horretako kideen helburua ez da laguntza behar dutenei zuzenean laguntzea, baizik eta dauden zerbitzuekin lotzeko zubiak eraikitzea, eta, hala, dena konektatzea.

«KOMUNITATEAREN SAREA LANTZEAK EKARRIKO DU BEHARREI ERANTZUTEKO ZUBIAK SORTU AHAL IZATEA»

Saretze hori eta konexio hori handitzeko bi egitasmo dira Superheroinas eta Activa tu comunidad. Lehenengo hori orain dela 2 urte inguru sortu zuten, eta hasiera hartan zazpi emakume bakarrik elkartzen ziren arren, gaur egun taldea izugarri handitu da, eta hogeitik gora emakumek osatzen dute. Gehienak alargunak eta dependenteak diren pertsonak zaintzen dituzten emakumeak dira, eta elkarri laguntzen diote. «Oso harreman polita da: maite duten pertsona bat galdu dutenek beste batzuk zaintzen dituzten pertsonei laguntzen diete», esan du Hassonek. Activa tu comunidad-en kasuan, berriz, asmoa zen eraikin berean bizi ziren bizilagunek elkarri laguntzea, batez ere dependentzia egoeran daudenei. Esaterako, zaborra jaistea, txakurra paseatzea, erosketak egitea… Getxoko etxe batean orain dela sei hilabete inguru abiatu zuten egitasmoa, baina ez dute harago joatea lortu oraingoz, pandemiak prozesua eten baitzuen. Dena den, espero dute aurrerapausoak ematea.

Komunitatea ehuntzen jarraitu nahi dute, eta, hain zuzen, iaz ehule komunitarioak figura asmatu zuten; horien lana da herritarrei behar duten guztietan laguntzea, eta erakustea zer baliabide dauden egoera horiei aurre egiteko. Komunitatea ehuntzeko, eta, hala, laguntzeko.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other