agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

OSATUBERRIK 60 ZENBAKI. 2006tik Osakidetza euskalduntzeko baliabideak sortzen

Osakidetzako langileen artean euskara normalizatzeko helburuarekin sortu zuten Osatuberri aldizkaria. Aurrekaria ere izan zuen, ordea, Osatuz aldizkaria, lehen zenbakia 2006an kaleratu eta 2011ra arte argitaratu zutena. Euskarazko komunikazioa eta hizkera sanitarioa normalizatzeko dibulgazio aldizkari eta buletin digitala izatea bat dator Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2003ko Dekretuarekin eta euskara planekin.

Osakidetzan euskara ikasten ari zirenentzat Osatuz aldizkaria abiatu zuten Osakidetzak eta HABEk (Helduak Alfabetatzeko eta Berreuskalduntzeko Erakundeak) hitzarmena eginda. Helburu nagusia zen osasun-arloko langileei komunikazioan laguntzea —bereziki euskara ikasten ari zirenei eta bigarren hizkuntza-eskakizuna prestatzen ari zirenei—, baita lan-esparruan eta herritarrekin izan beharreko harremanetan euskarri bat ematea ere.

Euskara ikasteko ez ezik hizkuntza-baliabideak izateko ere sortu zuten Osatuz. Baliabideen artean, irratsaioak eta webgunea sortu zituzten. Irratsaioak Euskadi Irratian emititzen hasi ziren: Osatuz elkarrizketak eta Osatuz zalantzak. Elkarrizketen saioan, medikuak osasungintzako gaiei buruz mintzatzen ziren, eta hamar minutu irauten zuten; orotara, 40 elkarrizketa egin zituzten. Larunbatetan horietako bat emititzen zuten, Faktoria irratsaioan. Osatuz zalantzak saioari dagokionez, berriz, osasun-arloan izaten diren hizkuntzazko zalantzak argitzeko helburua zuen. Aldizkarira itzulita, hilero ateratzen zuten eta denetarik argitaratzen zuten: profesionalei egindako elkarrizketak, osasun-gaiei buruzko artikuluak, kontsultetan suerta zitezkeen egoerak… Aldizkariak, gainera, bazituen hiztegi laburrak, hizkuntza lantzeko prestatutako ariketak eta autoikaskuntzarako gidak ere.

Webgunean, irratsaioko grabazioak eta aldizkariko edukiak agertzeaz gain, osasun-gaiak lantzeko 40 ariketa-sekuentzia zeuden, eta ikasleak webgunean bertan zuzentzeko aukera izaten zuen. Hori gutxi balitz bezala, bazituen hala berean berrien atala, azterketa-ereduena, zalantzak argitzeko foroa eta beste hamaika baliabide didaktiko.

«WEBGUNEAK 1.000 ERABILTZAILE INGURU DITU HILERO, BATEZ BESTE»

2005. urtean Lehen Euskara Plana martxan jarri zutenean, euskarazko prestakuntzaren eskaintzak gorakada itzela izan zuen Osakidetzan. Langileek gogor ekin zioten euskaltegietan ikasteari, lanorduetan zein lanorduetatik kanpo, eta testuinguru horretan egin zuen ia bost urteko ibilbidea Osatuz aldizkariak; 41 aldizkari, 2 monografiko eta 68 irratsaio sortu ziren.

2011tik aurrera, berriz, Osakidetzak egokiago iritzi zion euskalduntzearen eremua gainditu eta enplegatu euskaldun guztientzat gaurkotasuna eta interesa izango zuten gaiak jorratzeari, euskarazko komunikazio eta hizkera sanitarioa sustatzeari utzi gabe. Horrela sortu zen Osatuberri aldizkaria, 2011ko azaroan —maiatzean Osatuz aldizkariari agur esan eta sei hilabetera—, Osakidetzaren Euskara Zerbitzu Korporatiboaren eskutik, osasun-gaiak euskaraz gizarteratzeko eta langileen hizkuntza-gaitasuna handitzeko.

«PAPEREAN, 5.000 ALE INGURUKO TIRADA BI HILEAN BEHIN»

Osatuberrik, pandemia garaian aurrera egin zuen eta ez dio utzi bere aldizkariak argitaratzeari eta Osakidetzan euskara sustatzeko lanari. Alabaina, aldaketa batzuk izan ditu argitaratzen hasi eta gaurko egunera bitartean.

Hasieran papereko aldizkaria soilik publikatzen bazen ere, 2013ko abendutik aurrera, digitalizatzen ere hasi ziren. 2014ko urtarriletik 2018ko uztailera, hilabete batean aldizkaria eta bestean buletin digitala kaleratzen zituzten, azken hau pdf formatuan soilik. Gero, 2018ko urtarrilean, www.osatuberri.eus ataria sortu zuten eta bertara buletin digitalaren edukiak igotzen hasi ziren. 2020ko urtarrilean, buletin digitala bi astean behin ateratzen hasi ziren, posta elektronikoz zabaltzen dena. Horrez gain, bi hilean behin, papereko edizioa argitaratzeari ekin zioten, aurreko bi hilabeteetako edukiekin. Horri Tiritatxo pediatraren aholkuak atala gehitu zioten haurrei zuzenduta gehienbat. Gaur egun, formatu horri eusten diote. www.osatuberri.eus Hemerotekan orain arteko guztiak ikusgai.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other