agenda ยป apirila | HARPIDETU BULETINERA

Udako sasoiarekin batera, odol-emateak behera

Urte osoan da beharrezkoa odola ematea, baina, udako sasoia heltzearekin batera, donazioak nabarmen jaisten dira. Oporrak direla eta, edota atzerrian birusak harrapatzeko aukera dela eta, odol-emaileek itxaron egin behar izaten dute odola emateko. Hala, Osakidetzak udan ere odola emateko deia egiten du.

Biztanleriaren osasuna bermatzeko, bai ebakuntza-geletan transfusioak egiteko eta baita odolaren deribatuekin fabrikaturiko produktuak emateko ere, ezinbestekoa da urte osoan ematea odola. Donazioak, orokorki, gizartearen elkartasunetik eta altruismotik datoz, eta garrantzitsua da odol-emaileak odola emateaz arduratzea. Alabaina, uda iristen denean, gutxiagotan eman ohi da, eta Osakidetzaren Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak odol gutxiago jasotzen du. Izan ere, oporrak eta eguraldi beroa direla eta, emaileek gutxiago jotzen dute odola emateko zentroetara edo puntu mugikorretara.

Euskal Autonomia Erkidegoan borondatezko odol-emateetatik biltzen da osasun sistemak beharrezkoa duen odola. Hain zuzen ere, odol-osagaien beharrak asetzeko 90.000 donazio inguru egin behar dira urtero, odolaren beharra ospitaleetan bermatuko bada. Hori horrela, egunero 400 donazio inguru bermatu behar dituzte Osakidetzako odol-emateetaz arduratzen diren profesionalek. Odol hori gainera, ez da soilik transfusioetarako erabiltzen, ospitaleetan ingresatuta dauden paziente mota ezberdinentzako hainbat produktu eta medikamentu egiteko erabiltzen baita eta produktu horiek ezinbestekoak dira pazienteak artatzeko.

Odolaren osagaiek, gainera, iraungitze-epe bat dute. Zehazki, plaketek 7 eguneko iraungitze-epea dute, eta globulu gorriek, berriz, 42 egunekoa. Epe horiek kontuan hartuta, ezinezkoa da odola denbora luzez kontserbatzea, ezingo litzatekeelako erabili. Gainera, ezin da fabrikatu; horregatik, Osakidetzaren eskaria biztanleriaren elkartasunaren eta altruismoaren mende dago, milaka biztanleren osasunari eusteko eta hobetzeko behar dituzten produktu estrategiko horiek lortzeko, betiere pazienteen osasuna bermatzeko.

Urtean 35.000 lagunek behar dute Euskal Autonomia Erkidegoan odol-transfusioren bat edo odoletik eratorritako produktuekin artatuak izatea. Hori bermatzeko odol-emaile anonimoak 50.000 lagun inguru dira. Haien elkartasunik gabe, gainera, ezinezkoa izango litzateke osasun-sistemak pazienteak artatzea, bai asistentzia medikoan eta baita kirurgikoan ere. Datu horiek nahiko egonkorturik daude, urtez urteko balantzea hori izan delarik, gutxi gorabehera.

 

Alabaina, datuak aldatzen ari dira, hainbat faktoreren eraginez. Batetik, aldaketa demografikoa eragina izaten hasi da odol-emateetan; biztanleriaren zahartzearen ondorioz, batez ere, odol-eskaintza urritzen ari dela sumatu dute. Bestetik, globalizazioak zaildu egiten du egunero ematen den odol-kopurua mantentzea. Izan ere, biztanleriaren lekualdatzeengatik pertsonen eta arrisku infekziosoen mugimenduak areagotu egin dira.

Osakidetzaren Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa arduratzen da odol-emateak antolatzeaz, odoletik eratorritako produktu guztiak prestatzeaz, horiek aztertzeaz, eta ospitaleetan banatzeaz bildutakoa. Egunero, erkidegoko hamar-hamabi herritara eta gunetara joaten dira unitate mugikorrekin, herritar guztiek odola eman dezaten errazteko. Normalean, 15 minutu nahikoa da odola emateko.

Udan, ordea, zailtasunak nabarmen areagotzen dira, sasoi horretan emaile asko oporraldiak pasatzera joaten baitira beste herrialde batzuetara, edota, besterik gabe, errutina aldaketa bat egiten dutelako. Hala, odol-emateak % 50 jaisten dira. Hori dela-eta, Osakidetzaren ospitaleetan zailtasun gehiago dituzte segurtasun stockak mantentzeko. Garai hori iristen denean, Osakidetzak odola emateko dei egiten dio gizarteari, biztanleak kanpora joan aurretik, etengabe behar dutelako odola, eta garrantzitsua delako modu erregularrean ematea urte osoan.

Udan odola ez ematearen arrazoiak askotarikoak izan daitezke. Esaterako, bero handia egiten duenean odol-emaileak gutxiago joaten dira donazioak egitera; nahiz eta odola emateko unitate mugikorrak kalean egoten diren, jende gutxiago joaten da leku horietara, udan tenperatura altuekin jende gutxiago ibiltzen delako kalean, eta, hartara, jende gutxiagok ematen du odola. Gainera, udan tentsio arteriala jaitsi egiten zaie biztanle askori, ohikoa denez, eta horrek zailtasunak ere sor ditzake odola ematekoan.

Beste arrazoi bat lehen aipatu oporraldiak dira. Gizartearen zati handi batek udako sasoian hartzen ditu oporrak, eta, denboraldi horretan, askok Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten dituzte bidaiak. Hori dela eta, biztanleriaren zati horrek ez du odol-donaziorik egiten errutina berreskuratu edo oporretatik itzuli artean. Gainera, askok atzerrira egiten dituzte bidaiak, eta horrek odol-donazioak egitea ere atzeratu dezake. Odol-emaile asko joaten dira Chagas, Paludismo, HTLV, Zika eta Chikungunya birusez kutsatzeko aukera dagoen herrialdeetara. Hori dela eta, bidaia hori egin ostean, lau hilabetez itxaron beharra izaten dute odola berriro eman ahal izateko.

Europatik irtenez gero, gainera, Niloko birusa harrapatzeko aukera dago; horregatik, itzuli eta 28 egunez egon beharra dago odolik eman gabe. Halaber, azkenaldian, koronabirusaz kutsatu direnen kopurua hazten ari da, eta horrek zaildu egiten du udako sasoi honetan odol-emaile gehiago egotea; izan ere, kutsatuz gero, zazpi egunez itxaron beharra dago odola emateko.

APP-a eskuratu hemen: https://l.ead.me/bcByUo

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other