agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Zertarako balio du kexak?

Karmele Gurrutxaga • ADIMEN EMOZIONALA

Kexatze hutsagatik kexatzen direnei kexati esaten zaie. Egoera ilunak edo gauzen alde beltza sumatzeko sentsore bereziak dituztela esan daiteke, eta, jarrera aldatu ezean, euren buruei kalte egiten diete.

 

Kexa: 1. iz. Egoera mingarri edo desatsegin baten adierazpena. 2.(Ipar) iz. Larritasuna, urduritasuna; haserrea. —Harluxet euskal hiztegi entziklopedikotik hartua—.

Kexa kontzeptuak bi aurpegi azaltzen dizkigu —ia gauza guztiek bezala—: bata, asmo onekoa: ondo ez doan zerbait dago, gertaera edo emaitza gustukoa ez dela adierazteko, nolabait. Horrekin batera, barruak husteko estrategia moduan darabilgu, korapilatuta dagoen egoera nahasia kanporatzeko, alegia. Noiz edo noiz geure burua gainezka egitear sentitzen dugunean barru-barrutik hasperen bat azaleratzen denean bezala. Probatu ezazu zuk zeuk une honetan: bete ezazu arnasa sabeleraino edo ahal duzun bezain sakon, eta, segundo batez edo biz eutsi ondoren, kanporatu airea ahotik, ahal bada pare bat segundo luzatuz. Zer? Atsegina da barruan gorderik dagoen hori hustean sentitzen den arindua, ezta? Are gehiago, kanporatu beharreko korapilo ugari daudenean, handiak zein txikiak, birziklatzeko paperaren poltsa bezala, itxoiten daudenean.

Kexari buruz hitz eginez ekin diogu tarte honi, eta, genioen bezala, hona hemen txanponaren ifrentzua, hain baliagarria suertatzen ez dena: kexatze hutsagatik kexatzearena. «Kexati» delakoei egozten diegu jarrera hori: «Istripua berriro, lanera berandu», «asteburua hemen eta gaur euria», «zenbaterainoko ilarak supermerkatuan, denek ordu berean egin behar dituzte erosketak, ala?». Ez du zeregin samurra horrelako jendeak; esan liteke gaizki doazen egoera, alderdi eta ñabardura ilun, beltz eta grisak ere atzemateko sentsore bereziak dituztela. Inguruan dena betaurreko ilunen atzetik begiratu eta ikusten duenak hori ikusiko baitu guztiz gainetik. Eta egoera atseginagoak edo leunagoak direnak galdu, sentsore berezi horiek beste programazio baterako eginak baitaude. Horrela, euren burua kexan harrapatuta sentitzen dutenez, barruan egonezinik duten xomorro hori ingurukoengana kanporatzen dute; eta ingurukoak, berriz, kexazko armiarma-sarean harrapatuta gelditzeko arriskuan, hor joaten dira ihesi.

BOLADA ZAILETAN BIZI
Denok izaten ditugu kexarako arrazoi eta argudio ugari, egoera eta bolada zailak direla medio; are gehiago, orain, garai gogorrean gauden honetan. Ekonomia-krisia omen denak, azken finean, esparru askotan zipriztintzen gaitu; zurikeriatik kanpo, asko eta asko zipriztinduta baino gehiago blai eginda daude. Eta, noski, kexatu beharra dago; horixe behar genuen! Isilik egon behar izatea, gainera!

«KEXATU GAITEZKE; NOLA KEXATZEN GAREN ETA ZERTAZ KEXATZEN GAREN, HOR DAGO GAKOA»

Kexatik kexara ere bada aldea, ordea; kexatzeko moduaz gain, kexarekin zer egiten den, horretan dago gakoa. Hau da, zertarako erabiltzen den. Egoera konpondu, aldatu edo bideratzeko bada edo gaizki doanaren berri emateko, hainbestean; baita barruak husteko bada ere. Aurrera egiteko ahalegina izan daitezke.

Beste aldean, aldaezina den horretaz kexatzea, garrantzitsua ez den horretaz kexatzea… Aurrerapen gutxi horrelakoetan. Agian, barruko xomorroa kanporatzeko balioko du, bai; hala ere, bihar eta etzi ere, xomorro horrekin biraka jarraitzekotan edo bere moduko beste batzuekin jarraitzekotan, orduan akabo. Norbera bere armiarma-sarean harrapatuta gelditzeko prest da orduan; eta ingurukoek, berriz, alde egiteko ahaleginak egiten dituztela jabetuko ote? Pertsona «toxikoak» direla esan ohi da horrelakoetan, kutsagarriak izango balira bezala. Izan ere, aieneka darabilgun hori nork entzungo hurbiltzen da, hala da; baina bere garraztasunetik ateratzeko ahaleginik egiten ez badu, zerbait gehiago bilatzen, begiratzen, baloratzen saiatzen ez bada, jai du orduan aurrera egiteko. Armiarma-sarea nahi adina heda daiteke, saregilea bertan dela, noski, barruan.

ERAGIN KALTEGARRIAK
Orain hilabete batzuk, jaso ohi ditugun mezu dibertigarri horietako bat iritsi zitzaidan. «Katea hautsi» egin nuen, aitortzen dut, baina ideia jaso nuen, interesgarria delakoan. Eguneroko jardunean, egoera xumeetan ere agertu ohi dugun kexarako gehiegizko joeraz ohartarazten zigun, eta horrek eragindako kalteak aipatu. Hemen kexatiaren jarrera automatizatzeko joera eta inguruko harremanetan nola eragiten duen aipatu ditugun bezala, nerbio sisteman, erraietan eta oro har gorputzean nolako ondorioak dituen aipatzen zen mezuan. Estresak eta egoera emozional ezkorrek gorputzean duten eragin kaltegarria onartua dago gaur egun; bada, kexa eta jarrera ezkorrak ere, maila arinagoan bada ere, energia ezkorra hedatzen du zeluletan eta neuronetan. Hala, nahiz eta indar gutxiagoz izan, egoera «toxiko» iraunkor horrek kutsatze iraunkor bat jariatzen du luzarora ondorio gisa.

Konponbiderik? Formularik? Amandrearen magiazko makilarik ez dugu; hala ere, lehenik, inguruan ditugun egoera eta tarte atsegin horiek gehiago baloratu, eta eskerrak emateari ekin diezaiokegu. Agian, armiarma-sareari bira gutxiago emango dizkiogu horrela.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other