agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

Kirola, osasun mentala ikusarazteko tresna

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak eta Athletic Club Fundazioak sinatutako hitzarmen bati esker, gaixotasun mentala duten pertsonek astero kirola egiteko aukera dute, fundazioko teknikari batzuen laguntzarekin. Harremanak sendotzeko onuragarri izateaz gain, ondorio baikorrak ditu haien osasunean eta bizi-kalitatean. Aurora Oña Garcia osasun mentaleko erizaina da proiektuaren erreferentea eta koordinatzailea.

Gaixotasun edo nahasmendu mentalak pertsona baten pentsamendu, sentimendu, aldarte eta portaeretan eragina duten afekzioak dira. Noizbehinkakoak izan daitezke, edo iraunkorrak, hau da, kronikoak, eta desgaitasun-maila handia eragin dezakete. Desgaitasun horren ondorioz, beste askoren artean, pertsonen arteko harremanak hausten dira, eta osasun fisikoa kaltetu egin ohi da, sintoma psikiatrikoek eragindako ondorioez gain. Horrek guztiak bizi-kalitatea nabarmen jaisten du.

Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen gisako erakundeei esker, paziente horien bizi-kalitatea hobetu egiten da. Gainera, Athletic Club Fundazioarekin lankidetzan, gaixotasun mentalak dituztenek aukera dute taldeko kirol-jarduerak egiteko. Aurora Oña Garcia erizain espezialista da proiektuko gidaria eta pazienteon bidelaguna; Uribe Eskualdeko eta Bizkaiko Lehenak (lehen gertakari psikotikoak) zerbitzuko gainbegirale ere bada, eta erakundearen eta fundazioaren arteko erreferentea eta koordinatzailea.

Erabiltzaile eta profesional batzuk Athleticen instalazioetan, Lezaman.

Proiektu honetako jarduerek kontuan hartzen dituzte arreta integratua, pertsonengan zentratua dagoena, eta eraginkortasuna eta ekitatea; horiek denak prebentziorako estrategiekin lotuta daude, eta osasuna sustatzen dute. Gainera, desberdinkeriari aurre egitea ere helburuetan dago. Zehazki, areto-futboleko entrenamenduak eta kirol anitzeko saioak izaten dira, eta hori guztia baliabide komunitarioak erabiliz egiten dute. Egitasmoaren helburua ere bada estigmaren aurka borrokatzea eta gaixotasunari ikusgaitasuna ematea, herritarrek eta gizarteak osasun mentalari buruz duten pertzepzioa aldatu dadin. Honela azaldu du Oñak: «Pertsona horiek egoera eta esperientzia normalizatuak izan nahi dituzten kolektibo kaltebera bateko kide dira; hau da, horrelako gaixotasunik ez duten pertsonen antzekoak izan nahi dute. Komunitateak elementuak eta baliabideak ditu, pertsonok gizartean parte har dezaten eta gizartera daitezen sustatzeko; horrela, ongizate handia sortzen zaie herritar guztiei; izan ere, buruko gaixotasunak dituztenek, muga handiak dituztenez, zailtasunak dituzte haietara iristeko».

BI PROIEKTU DITUZTE MARTXAN: GEUREA LIGA ETA ‘MULTIDEPORTE’ IZENEKOA; BEDERATZI KIROL-TEKNIKARIK GIDATZEN DITUZTE BI JARDUERAK, ASTEAN 28 SAIOTAN

Athletic Club Fundazioak talde-nortasun normalizatu bat eskaintzen du, gaixotasuna alde batera utzita, eta maila berean jartzen ditu gaixotasun mentala dutenak eta gizarteko gainerako herritarrak. Gaixotasun mentala ikusarazteko plataforma gisa ere lan egiten du, bere webgunearen bidez albisteak argitaratuz, komunitatean sartzea sustatuz eta baliabide komunitarioak erabiliz (kiroldegiak, frontoiak, jatetxeak).

400 erabiltzaile eta 100 profesional
2010ean sortu zen Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea. Gune nagusiak Osasun Mentaleko Zentroak dira, baina beste zentro batzuetan ere ematen dute zerbitzua, hala nola eguneko ospitaleetan. Gainera, Tratamendu Asertibo Komunitario zerbitzua ere ematen dute, pazienteen etxean bertan. Horrez gain, lehenak lehen gertakari psikotikoen programaren barruan, hiru zentrotan artatzen dituzte pazienteak. Helburu nagusia da susperraldi- eta komunitate-ereduan oinarrituz arreta espezializatua ematea osasun mentalaren arloan, eta beste erakunde eta instituzio batzuekin lankidetzan aritzea helburu hori lortzeko. Gizartearekin duten konpromisoa beren proiektu estrategikoetako bat dela nabarmendu dute, eta konpromiso horren barruan, osasun mentalaren inguruan sortu den estigmaren aurka borrokatzeko lan egiten dute, bai eta desgaitasunen bat duten pertsonen, baztertuta daudenen eta beste egoera kaltegarriren batean daudenen bizi-kalitatea hobetzeko ere.

Sei urte dira Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak eta Athletic Club Fundazioak lehen hitzarmena sinatu zutela, eta lau urtean behin berritzea adostu zuten. Gaur egun, bi proiektu dituzte martxan: alde batetik, Geurea Liga (Euskadiko osasun mentaleko zentroen arteko areto-futboleko Liga) eta, beste alde batetik, Multideporte izeneko egitasmoa. Bederatzi kirol-teknikarik gidatzen dituzte bi jarduerak, erreferentziazko profesionalekin batera, astean 28 saiotan. Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko 22 dispositibok parte hartzen dute bi proiektuetan, Arabako Osasun Mentaleko Sareko batek eta EAEko beste erakunde pribatu batzuetako bostek. Denera, 400 erabiltzaile inguru aritzen dira horietan (helduak, haurrak eta gazteak), 100 profesional ingururen gidaritzapean.

«GIZARTEAK BURUKO GAIXOTASUNAK DITUZTENAK EZAGUTZEN BADITU, MURRIZTU EGINGO DA DAGOEN INFORMAZIO OKERRA ETA SORTZEN DEN BELDURRA»

Futbol-ligak 25 urte daramatza martxan, baina ohartu ziren emakume asko taldetik kanpo geratzen zirela ez zitzaielako futbola gustatzen. Horregatik, 2019an, Multideporte jarduera sortu zen, sarearen gogoeta baten fruitu. Hala, emakumeen lehentasunak aintzat harturik, asmoa da jarduera horien onurak lortzea hain kaltebera den kolektibo horrentzako tresna inklusiboa jarrita.

HD Barakaldo, Lasesarre kiroldegian, Athletic Fundazioko teknikoekin.

Bi proiektu horiek, helburu orokorrez gain, osasuna sustatzen eta prebenitzen dute. Ohitura osasungarriak garatzea da xedea edota hobetzea, eta, horrekin batera, eguneroko trebetasunak eskuratzea. Ongizate orokorra sustatu eta gaixotasunaren zenbait sintoma eta alderdi hobetzen laguntzen dute, sendatze-prozesuan laguntza emanda eta bizi-proiektua komunitatean garatzen lagunduta.

Gizarteak zer egin dezakeen galdetuta, proiektuaren koordinatzaileak argi du denek galdetu beharko lioketela beren buruari zergatik jokatzen duten horrela gaixotasun mentala dutenekin. «Gizarteak buruko gaixotasunak dituztenak ezagutzen baditu, komunitatean espazioak partekatzen baditu eta haiekin enpatizatzen badu, murriztu egingo da dagoen informazio okerra eta horren ondorioz sortzen den beldurra». Hori hala, aurreiritziak albo batera uzteko deia egin du, eta eskatu du, gizarte gisa, komunitatean denek elkarri onartzeko eta laguntzeko.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other