agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Lankidetza oinarri, bizi-kalitatea helburu

Duela ia hamar urte, Barrualde-Galdakaoko ESIko zenbait espezialitatek elkartzea erabaki zuten Zoru Pelbikoaren Unitatea sortzeko. Interes propioak bultzatuta lortu zuten unitatea martxan jartzea eta, espezialitateen aniztasun horri esker, paziente gehiagotara iritsi dira, eta makina bat arazori konponbidea jarri diote. Unitateko espezialista batzuek diotenez, edozein pazienterengan du garrantzia zoru pelbikoak, eta hori ez zaintzeak bizi-kalitatean du eragina.

Zoru pelbikoan, gorputzaren erpin bertikalean, zenbait patologia elkartzen dira. Patologia horiek espezialitate mediko batek baino gehiagok artatzen dituzte, eta, modu bakartuan artatuta, ez dute jatorrizko arazoa gainditzerik lortzen, konplexua baita. «Gutako bakoitzak dakiguna ematen dugu espezializatuta gauden horretan, eta denon artean aztertzen dugu arazoa, jatorria zein den hobeto diagnostikatzeko eta osabidean edo hobetzeko bidean jartzeko», azaldu dute Barrualde-Galdakaoko ESIko Zoru Pelbikoaren Unitateko fakultatiboek.

2013. urtean, iniziatiba propioz sortu zuten zenbait zerbitzuk Zoru Pelbikoaren Unitatea; hain zuzen, Barrualde-Galdakaoko ESIko Urologia Zerbitzuak Kirurgia Zerbitzuak eta Ginekologiako Zerbitzuak. Gaur egun, hilero batzen dira arlo askotako espezialistak: errehabilitaziokoak (mediku eta fisioterapeutak), neurofisiologiakoak, erradiologiakoak, Minaren Unitatekoak (anestesia), erresonantziakoak, psikiatriakoak, ekografia orokorrekoak eta digestiokoak. Azken finean, espezialitate denek errendimendua maximizatzea dakarte, unitateak hobeto funtziona dezan. Oro har, kasu zailak izaten dituztela adierazi dute Ane Lopez urologoak, Izaskun Badiola zirujauak, Batirtze Aurrekoetxea ginekologoak, Susana Pinedo Errehabilitazioko medikuak eta Monica Ortega neurofisiologoak. Denak dira Zoru Pelbikoaren Unitateko medikuak, eta beste zenbait aditurekin jarduten dira. Guztira, hamar espezialitatetako osasun-langileak batzen dira unitatean, bakoitzetik bizpahiru fakultatibo gutxi gorabehera; guztira, hogei bat. Ekimen indibidual batetik abiatutako unitatea dela azpimarratu dute, borondate propioko gizabanako asko elkartuz osaturiko taldea; horregatik uste dute oso garrantzitsua dela instituzionalizatzea, pertsonak faltatuz gero, lana ezerezean geldi daitekeelako.

Elkarrekin errazago
Batzuetan konponbidea ez da izaten beren eskuetan, baina, batez ere, pazienteari laguntza ematen saiatzen dira. Pinedo medikuak zehaztu duenez, unitatera espezialitate bakoitzeko kasu konplexuak eraman ohi dituzte, eta, arazoari zein neurri terapeutiko aplikatu erabakitzeko, diziplina anitzeko bideez baliatzen dira. Elkarrekin koordinatuz, lana eraginkorragoa izaten da. «Asko gara pazienteak kontsulta batetik bestera denbora asko egin ez dezan esku hartzen dugunak», zehaztu du Badiola zirujauak.

Adierazi dutenez, espezialitate bakoitzak bere mugak ditu: «Paziente batzuetan ikusten duzu gai batean asko espezializatu arren, zure ezagutzek sabaia jotzen dutela», azaldu du Ortegak. Elkarrekin, berriz, norabide batean aurrera egin dezakete, norbere sabaia eta bestearen sabaia desberdinak direlako eta denena batuz joaten dira «iristen diren tokiraino». Alde horretatik, orain arte ez omen zaio garrantzirik eman Zoru Pelbikoaren Unitateari; «espezialitate askoren ahatetxo itsusia» izan omen da, baina ikusgarritasuna eman behar zaio, pertsona askok dituztelako horrelako arazoak, eta konponbidea ematen saiatu beharra dago. Pixkanaka hasi ziren, eta hasiera zaila izan zela gogoratzen dute, bilerak, kirurgiak… Orain, berriz, lortu dute hilero biltzea, aldizkakotasun ordenatuagoa, aktak idaztea…

«BATZUETAN, BIZI-KALITATEA HOBETU EGIN DAITEKE ZORU PELBIKOAREN INGURUKO GOMENDIOAK BETEZ, OHITURA BATZUK ALDATUZ ETA ARIKETA BATZUK EGINEZ»

Unitatearen helburua da ikusaraztea azken finean emakume eta gizon gazteetan izaten direla zoru pelbikoko arazoak. Nabarmendu dute azkenaldian bereziki 40-50 urte bitarteko jendea ari dela unitatera iristen. «Zoru pelbikoko patologia, medikuntzako beste patologia batzuekin gertatzen den bezala, gutxietsia izan da; adinekoen kontua zela uste zuten». Berez zahartzean agertzen bada ere, larritasun handiagoz edo txikiagoz, zoru pelbikoaren patologia edozeini gerta dakioke. Pazienteak bizitza normala egiteari uzten dio zoru pelbikoko arazo bat duenean. Hori horrela, beren helburua da zoru pelbikoak ahalik eta eragin txikiena izatea pazienteen bizi-kalitatean. Adinekoen eta erditu-ondokoen gernu eta uzki inkontinentziez gain, askotariko problematikak tratatzen dituzte Zoru Pelbikoaren Unitatean: ebakuntza-ostekoak, traumatismoak, istripuak… Horrez gain, nabarmendu dute gizonetan ez zaiola ikusgarritasuna ematen zoru pelbikoari, baina operatutako prostatak ere tratatzen dituzte, adibidez.

Gorputzaren oinarri
Zoru pelbikoa pertsona orok duela nabarmendu dute unitateko espezialistek; «existitzen da eta konpondu egin behar da». Hortaz, zoru pelbikoko arazoak konpontzeko, unitatearen beharra dago: «Bizkarrezurra dugun bezala, unitate osatu batek ikusi behar du zoru pelbikoa», adierazi du Badiolak.

Aurrekoetxea ginekologoak azaldu du zer den azkenaldian hainbeste entzuten den zoru pelbikoa: pelbisean dagoen muskulu-inbutua da; gorputza zilindro bat dela pentsatuz gero, beheko geruza izango litzateke. Beraz, ahultzen denean, organo pelbikoak (gernu-maskuria, hesteen zati bat, ondestea eta barneko genitalak) alboko zuloaren bidez irten edo erori egin daitezke. Alde batetik, ikuspegi funtzionaletik aldaketak ekar ditzake, hala nola gernu-inkontinentzia, inkontinentzia fekala eta idorreria. Gainera, min pelbikoa eragiten duten sintomak ugariak dira. Lopez urologoak gaineratu du batzuetan ez dagoela ahuleziarik; muskulaturaren kontrakturak izaten dira, eta horrek mina eragin dezake:«Organoak jada ez daude beren lekuan jarrita, eta funtzioa hondatzen zaie». Horrez gain, emakumearengan prolapsoak ere egon daitezke, puntu horri eusten dioten organoen erorketak.

Errehabilitazioan, esaterako, oinarrizko maila batetik abiatzen direla esan du Pinedok:«Zoru pelbikoaren kontzientzia izatea eta gihar horiek non dauden eta nola trebatu jakitea». Izan ere, muskuluak ezkutuan daude, eta batzuetan zaila da fisioterapeutarik edo medikurik gabe trebatzea. Batzuetan, gomendio batzuk betez edo ohituretan aldaketa batzuk eta ariketak eginez, lor daiteke tratamendu ez hain kontserbatzaileetara igarotzea.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other