agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Udazkenean eta neguan jatekoa

Arantza Lorenzo • ELIKADURA

Gorputzeko defentsa naturalak gutxitu egin daitezke udazkenean eta neguan, eguraldi hotz eta hezearengatik, besteak beste. Horregatik, elikadura urteko sasoi honetan zaindu behar da bereziki.

Urte sasoi honetan argi-orduak gutxitzen ari direnean, tenperatura jaisteak eta euriak, besteak beste, nekea, suminkortasuna eta logura areagotu ditzakete, eta gure gorputzeko defentsa naturalak murriztu. Horren ondorioz, handitu egiten da zenbait infekzio pairatzeko arriskua.

Elikadurak, besteak beste, gure sistema immunean ere eragiten du. Orekatua eta egokia bada, sistema immunea indartsuago egoten da, eta babes handiagoa izaten dugu birus, bakterio, onddo eta halakoen aurka. Desegokia bada, aldiz, defentsak jaitsi egiten dira, eta hotzeria, gripea eta horrelakoak jasateko aukerak areagotu.

Nola elikatu defentsak ahalik eta ondoen edukitzeko.

Askotariko elikagaiak hartu behar dira jateko orduan:

• Barazki eta fruta-anoak: Egunean, gutxienez, bost barazki- edo fruta-anoa kontsumitu behar dira. Maiz esan izan den bezala, talde honetako janariak aberatsak dira antioxidatzaileak diren bitaminatan eta gatz mineraletan. Horiek sistema immuneko zelulak babesten dituzte, eta infekzioen aurka indartsuago egoten dira. Arreta apur bat jarrita, ez da zaila hori lortzea. Hasi eguna fruta ale edo zuku bat hartuz; hamaiketakoan eta meriendan ere beste fruta bana hartzeko aprobetxa daiteke. Eta, azkenik, sartu bazkarian edo afarian barazki- edo entsalada-plater bana eta erabili barazkiak janaria prestatzeko orduan: pasta nahiz arroza barazkiekin presta daitezke (pasta barazki pistoarekin; tomate-saltsarekin, azenarioarekin, kuiarekin eta porruarekin); lekaleak ere barazki anitzekin presta daitezke; ziazerba-tortilla bat egin daiteke; haragia edo arraina barazkiz lagundu…

• Zitrikoak: Laranja, mandarina, limoia, lima eta pomeloa zitrikoen taldekoak dira, C bitamina, A probitamina eta azido folikoan aberatsak. Urte sasoi honetan, eguneko bost barazki- edo fruta-anoatatik gutxienez bat zitrikoa izatea gomendatzen da, onura hauek lortzeko: alde batetik, C bitaminak sistema immunea indartzen du; hala, katarroetatik babesten gaitu, eta harrapatzen diren hotzeria edo katarroen sintomen indarra gutxitzen du, eta sendakuntza azkartu. Beste alde batetik, interferon substantziaren ekoizpena handitzen dute zitrikoek, eta horrek birusak galarazten ditu zelula sanoetan, baita jada infekzioa duten zelulak suntsitu ere.

• Baratxuria: Defentsak indartzeko, bakterio eta birusen aurkako propietateak dituen antibiotiko naturala da. Horregatik, eduki beti etxean, eta gomendatzen da jaki gehienak prestatzeko orduan erabiltzea: edozein barazki, entsalada, lekale, pasta, arroz, arrain edo haragirekin; baita arrautzekin ere (esaterako, baratxuri, tipula eta perrexilaren tortilla).

• Tipula: Arnas aparatuko infekzioen aurka erremedio natural egokiena da, batez ere faringitis, laringitis eta biriketako infekzioen aurka. Gordinik, eztula baretzen du, eta eztarriko mukiak kanporatzen lagundu; egosita, berriz, bronkioen kongestioa arintzen du.

• Probiotikoak: Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, mikroorganismo bizi horiek kopuru egokietan jakiei gehitu eta bere neurrian kontsumituz, osasunari efektu onuragarriak eragiten dizkiote; hesteetako flora osasuntsu gordetzen dute, eta sistema immunea orekatu. Gehien ikertu diren probiotikoak Lactobacillus-ak edo azido-laktikoaren bakterioak dira. Probiotiko horiek, oro har, jogurtari, edateko esnekiei eta esne hartzituei gehitzen zaizkie. Urte sasoi honetan, egunean horietako esneki pare bat hartzea gomendatzen da.

• Zinka, manganesoa eta kobrea: Zinka, manganesoa eta kobrea dira sistema immunearen funtzionamendua hobetzen duten gatz mineralik garrantzitsuenak. Zinka batik bat zitu integraletan eta moluskuetan dago (muskuiluak, muxilak…); manganesoa eta kobrea, berriz, lekaleetan (dilista, garbantzu, babarrun, soja eta baba beltza) eta fruitu lehorretan.

• Eztia: Betidanik erabili izan da eztarriko minaren eta eztularen sendagai gisa. Inhibidina izeneko substantziei esker, propietate bakterizida eta antiseptikoak ditu (infekzioaren aurkakoak). Amigdalen eta eztarriaren narriaduran edo faringitis kasuetan izugarri laguntzen du baso ur epel baten erdian koilaratxo bat ezti eta limoi zukua nahastu eta horrekin gargarak egiteak.

• Erregina-jelea: Sistema immunea indartzeko gomendatzen dute batez ere; esan bezala, defentsek jaisteko joera duten urte sasoi honetan.

• Landare sendagarriak: Gorputzeko defentsa naturalak indartzen laguntzen diguten landareak dira; besteak beste, Echinacea, propolia, ezkaia eta tila dira.

Horrek guztiak ez du esan nahi hemen esandakoa betez gero gaixotuko ez garenik, elikadura faktore garrantzitsua izanik ere ez baita bakarra. Baina, zalantzarik gabe, defentsak indartsuago izango ditugu; babes handiagoa izango dugu; eta, gainera, gaixotuta ere, sintoma gutxiago izango dugu. Hala, errazago gaindituko dugu gaixotasuna.

PRODUKTUA
Sesamo-haziak

Sesamo-haziak Indiako eta Afrikako izen bereko landaretik eratorriak dira. Gaur egun, produktu askok daramate osagai-gisa sesamoa; opilek, ogiek eta galletek batez ere. Bestalde, entsaladari, pastari eta arrozari gehituta ere, izugarri aberasten da jakia, zapore- eta nutrizio-aldetik.

Izan ere, sesamoa aberatsa da proteinatan, koipe asegabeetan eta lezitinan. Koipe onuragarrien eta lezitinaren funtzioetako bat odoleko kolesterol kaltegarriaren maila gutxitzea da; horixe da sesamoaren propietate garrantzitsu bat.

598 kcal inguru ditu 100 gramoko, eta oso aberatsa da kaltzioan (670 mg 100 gramoko), burdinan (10 mg 100 gramoko) eta zinkean (5 mg 100 gramoko), baita E eta B taldeko bitaminetan ere.

Sesamo haziekin, gurinaren antzekoa den tahini izeneko pasta bat osatzen da. Zalantzarik gabe, dituen koipe-motak kontuan izanik, gurinaren eta margarinaren ordezko osasuntsua izango litzateke.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other