agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

Elkarren beharra daukagu

Karmele Gurrutxaga • ONGIZATEA

Autonomiarako gaitasuna edonon goraipatzen da gaur egun; besteen beharra dugula esatea ez dago modan, eta halakorik aitortzen duena gutxiesteko joera ere badago. Ez gara ohartzen bizitza osoan dugula besteen beharra, benetakoa.

Gaur egun, autonomiarako gaitasuna goraipatua eta baloratua den garai hauetan, guztiok elkarren beharra dugula adieraztea ausartegia dela pentsa daiteke. Behar edo mendekotasunaren ideia hori, naturaren legea eta elkarrekiko zikloak edo ekonomia sistemaren globalitatearen lotura baino harago doa. Behar interesatu bat baino gehiago da.
Aspalditik, greziarren garairako, gizakiok «animalia sozialak» garela zioen Aristotelesek; eta ez zegoen oker, ez horixe. Gizakion bereizgarrietako bat hizkuntza artikulatu eta antolatua erabiltzea eta gizarte antolatuetan bizitzea zela ikasi genuen eskola garaian. Hala ere, gure izaera soziala gizarte mailan bizitzea baino sakonagoa da. H. Harlow zientzialariak, jaio eta gutxira amarengandik banandutako tximuekin probak egitean, elikadura eta janaria ziurtatu ondoren, biziraupenaren hurrengo baldintza afektua eta babesa zela baieztatu zuen. Tximu-kume haiei, esnea edateko altzairu hotzezkoa zen biberoi bat eta amaren gorputzaren antzekoa izan zitekeen felpazko biberoi bat aukeran jarrita, garbi geratu zen felpazko biberoia aukeratzen zutela; kasu guztietan, gainera. Nahiz eta hasieran altzairuzko biberoia ezagutu baino ez. Noski, ulertzekoa da jaio berrien kasuan, eta are gehiago amarengandik bereizi ondoren; baita geure kasuan ere.

Gizakiok biologikoki nahiko osatuta jaiotzen gara, eta ia berez lortuko da lehen urteetan erabateko garapena; betiere, elikadura eta zaintza gutxieneko bat bermatzen bada behintzat. Bada, ordea, beste garapen ezinbesteko bat, bizitza osoan iraungo duena gainera. Lehen urteetan, gure zaintza iturri eta eredu direnekin, hitz egiten, oinez ibiltzen, jaten eta abar ikasten dugun bezala, afektu eta emozio mailan ere besteen bidez osatzen eta izaten goaz. Bizitzako lehen urteetan ezinbestekoa zaigun elikadura da, beraz, bai janaria bera, baita afektua eta babes emozionala ere. Bestalde, zahartzaroan murgiltzen ari denak ere inoiz ez bezala senti dezake babes eta behar hori, bere burua zaintzeko gaitasuna galtzen doanean batez ere.

POZAK ETA TRISTURAK PARTEKATU
Honela, ukaezina den besteekiko behar hau bizitzako lehen eta azken urteetan gertatzen den fenomenoa ote? Noski, zaintza eta menpekotasuna areagotzeak babes beharra agerian jarriko duela bistakoa da. Baina, bestalde, ez gara konturatu ere egiten guk geuk, ustez bizitza normala, autonomoa eramanik ere, zenbateraino dugun elkarren beharra. Izan ere, haurtzaroko lehen urteetan hasitako garapen emozional horrek bizitza osoan dirau.

Besteak behar ditugu eguneroko pozak eta tristurak partekatzeko; arretaz eta afektuz jasotzen gaituen belarri horrek ematen digun maitasuna sentitzeko eta besteek kontuan hartzen gaituztela esperimentatzeko; laguntza eskatzeko; elkartasuna edota konplizitatea adierazteko. Harreman ezberdinak, lankide artean, bizilagun artean, familia kide edo eskolako beste gurasoen artean sortu eta garatzen joan daitezen.

HAURTZAROKO LEHEN URTEETAN HASITAKO GARAPEN EMOZIONALAK BIZITZA OSOAN DIRAU

Teknologiak inoiz ez bezalako erraztasunak ematen dizkigu komunikaziorako. Erraztasun horiek, ordea, ez dira benetako komunikazio eta kalitatezko harremanen berme. Intimitatea behar da, bakoitza bere irlatxoan atsedenean izatea, eguneroko erritmo eta mundu zoro horretatik deskonektatzeko. Eta horrek, aldi berean, geure artean loturak hausten dituela ez gara ia jabetu ere egiten; elkarren beharra dugula ahazten dugu. Nik bestea behar dudan bezala, besteak ere ni behar nau. Eta hasieran genion bezala, autonomoa eta buru-askia izatea goraipatzen da, baina hau, aldiz, gaizki ikusia dago; ahuldadea adierazten du nolabait.

Kaletik goazela, ezagun bat aurrean, irrati edo musika tresnatxotik gora doazela kableak, belarri bana estaliz. Konfiantzakoa bada, gelditu egingo dugu, agurtu edo hizketan gelditu ere. Baina hain konfiantzazkoa ez bada? Ausartuko ote? Elkarrizketa galdua berriro ere?

Beno, hau ez da hain larria, ohikoa da; izan ere, lasaitu egiten gaitu musikarekin joateak, eta jende askori ere lagun egiten. Eta hor goaz, bakoitza geure munduan, beste munduekin batera, baina bakoitza bakarka.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other