Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboak «Hamaika arrazoi Osakidetzan euskara ikasi eta erabiltzeko» izeneko ekitaldia antolatu zuen, urriaren 7an, Zuzendaritza Nagusiko Areto Nagusian. Jardunaldian, izen bereko dokumentala proiektatu zuten, Osakidetzako profesionalen testigantzak jasotzen dituena. Horrez gain, euskararen alde lanean ari diren profesionalei aitortza egin zitzaien, eta oroigarri banarekin saritu.
Hamaika erronka ditu aurrean Osakidetzak euskara normalizatzeko bidean; hala ere, euskararen sustapenean lanean ari diren profesionalak ez dira gutxi, eta horien lana txalotzea ere egiteko bat da. Izan ere, Osakidetzaren III. Euskara Planak zehazten du sentsibilizazioan eta motibazioan eragin behar dela, euskararen erabileran eta sustapenean aritu direnei aitortza eginez.
Profesionalei aitortza egitea izan zen urriaren 7ko ekitaldiaren helburu nagusia, euskara ikasteko eta lanean erabiltzeko egin duten ahalegina goraipatzeko. Euskara ikasten aritu diren profesional askok, hizkuntza-ohiturak aldatzeko dinamiketan parte hartu dute, hala nola, Eusle eta Ulerrizketa proiektuetan; horrez gain, euskara erabiltzen dute egunerokotasunean, eta esperientzia horiek azaldu zituzten «Hamaika arrazoi Osakidetzan euskara ikasi eta erabiltzeko» dokumentalaren bidez, ekitaldian proiektatu zena. Bertan, zenbait erabiltzaile euskaldunen testigantzak ere jaso dira, eta euskaraz artatuak izateak duen garrantzia azpimarratu dute.
«BORONDATEA BADAGO, HIZKUNTZA-ALDATZEA POSIBLE DELA ADIERAZI ZUEN ESPARTAK. ORAIN EUSKARAZ ARITZEN DA LANEAN»
Barrualde-Galdakaoko ESIko bi gonbidatuk parte hartu zuten ekitaldian. Lehenengoa Itziar Esparta Ruiz Oria izan zen, Komunikazio Unitateko administrari laguntzailea. Espartak azaldu zuenez, berak eta lankide batek euskararen erabilera sustatzeko Eusle proiektuan parte hartzea erabaki zuten, euskara teknikarien proposamen batetik abiatuz, eta emaitza positiboak lortu dituzte. Borondatea badago, hizkuntza-aldatzea posible dela adierazi zuen. Orain euskaraz aritzen da lanean.
Barrualde-Galdakaoko ESIko bigarren esperientzia María Armendariz Cuñadok azaldu zuen, Lehen Mailako Arretako farmazialariak. Medikamentuen informazioa kudeatzeaz arduratzen dira Farmazia Zerbitzuan; besteak beste segurtasunaren gaia lantzen dute, eta mediku eta erizainei informazioa helarazten diete. 2006. urtean, buletin digital elebiduna plazaratzea lortu zuten. Egindako ekarpena izan zen medikamentuen inguruko informazioa euskarara itzultzea, zentzuzko preskripzioak bi hizkuntzatan jartzea, alegia. Itzulpen-lana ESIko Euskara Zerbitzuko teknikariei esker izan dela azaldu zuen.
Langileek eskubidea dute euskaraz lan egiteko eta pazienteek euskaraz artatuak izateko, hizlariaren hitzetan. Medikamentuen informazio-zentro bat bezala funtzionatzen dutela azaldu zuen, eta, erizain eta medikuen zalantzak jasotzen dituztenean, interakzio edo harreman hori euskaraz egin nahi dutela. Buletin elektronikoko informazioa itzultzea pentsatu zutenean, tresnarik ez zegoenez, zoramena izan zela adierazi zuen, farmaziaren arloko hizkera-mota izanik, ez baitzegoen hori itzultzeko modu errazik, farmaziako terminologia ez baitago estandarizatua.
Gaur egun, ordea, asko hobetu da kontua, eta baliabide gehiago dituzte. Esaterako, Osakidetzako Estilo Liburua lagungarri gertatu zaie. Lan gazi-gozoa izan omen da: «Gazia da asko kostatzen delako, baina, emaitza ikusita, gozoa ere bai». Orain, buletin hori ESI guztietan dago bi hizkuntzatan. Eskaera gisa, gainerako ESIek ere itzulpen-lana egiteko beharra aipatu du: «Konpromisoa eta gogoa baditugu, baina ahalegina eta lana batera egin behar ditugu».
EUSKARALDIA HELBURU
Euskaraldiaren hirugarren edizioa azaroaren 18tik abenduaren 2ra izango da, eta hartaz ere jardun ziren, batetik, Josune Zabala Alberdi Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Saileko kidea eta Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria eta, bestetik, Goiatz Urkijo Castañares Euskaraldiko koordinatzailea.
Ekimena praktika sozial bezala ulertu behar da, eta horren helburua da hizkuntza ohiturak aldatzea, baina baita ikerketa soziolinguistiko bat egitea ere. Dinamikan parte hartzen dutenek euskararen erabilera handitu nahi dutela azaldu du Zabalak. Pandemia garaiko datuek % 20,9ko jaitsiera erakutsi zuten parte hartzean; hala ere, aurreko urteko erabilera aztertu ondoren, ikusi dute Euskaraldian euskararen erabilera handitzen bada ere, egitasmoa amaitzen denean jaitsi egiten dela, nahiz eta amaieran hasierako egoeran baino zerbait handiagoa izan.
Zabalaren arabera, Osakidetza bezalako entitateen parte hartzea eta antolaketa funtsezkoa da. Aurtengo erronka izango da izen-ematea eremu publikoan sustatzea. Urkijoren hitzetan, jendartean duen eraginagatik, garrantzitsua da Osakidetzak Euskaraldian parte hartzea eta ariguneak sortzea. Horiek solaskidearen estres linguistikoa jaisten laguntzen dute: «Arigunea euskaraz lasai aritzeko gunea da, ahobiziz eta belarriprestez osatua». Arigune horien sorkuntzan, erakundeek zeregin handia dute: «Babesa dakarrelako, talde sentimendua areagotzen duelako eta lorpen kolektiboak ematen dituelako». Hirugarren edizioaren leloa «Hitzez ekiteko garaia» izango da, eta arigune berriak identifikatzea izango da erronketako bat.
«URKIJOREN HITZETAN, GARRANTZITSUA DA OSAKIDETZAK EUSKARALDIAN PARTE HARTZEA ETA ARIGUNEAK SORTZEA»
Amaitzeko, Osakidetza animatu nahi izan zuen ariguneak sortzen jarraitzera eta 15 egun horiek igaro eta gero ere euskara erabileran eragitera. Haren aurtengo edizioaren erronka parte-hartzea sustatzea izango da, baita ariguneak sortzea ere.
EUSKARAREN SUSTAPENEAN ERREFERENTEA
Ekitaldiari amaiera emateko, Fermin Labayen mediku nafarrari eman zizkioten eskerrak, egindako ibilbide luze eta emankorragatik, bai eta euskararen alde egindako lan guztiagatik ere. Euskara debekatuta zegoen garaia ezagutua du berak, eta ordutik ikasteko hautua egin eta euskaraz bizi omen da: 25 urterekin murgildu zen euskaran, eta ikasi ondoren, bere «bihotzeko hizkuntza» bilakatu zuen.
Amaieran, Labayenek eta dokumentalean parte hartu zuten hainbat profesionalek oroigarri bana jaso zuten.