agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Mende erdia zaintzen irakasten

Gasteizko Erizaintzako Eskola bere 50. urteurrena ospatzen ari da. 1972. urtean abiatu zuten, Emakumezkoen Laguntzaile Tekniko Sanitarioen Eskola gisa, eta urte hauetan guztietan aldaketetara egokitzeko izan duen gaitasun handiagatik du horrenbesteko oihartzuna eta arrakasta oraindik ere gaur egun. Ikaskuntza profesionala, gertukoa eta berritzailea eskaintzen du.

Erizaintza gabe ezin uler daiteke zaintza. Hain justu, adin guztietako pertsona, familia, talde nahiz komunitateak zaintzeaz arduratzen den diziplina da erizaintza, gaixo daudenak nahiz osasuntsu daudenak, eta osasunaren sustapena, gaixotasunaren prebentzioa eta gaixoen, desgaituen eta hilzorian daudenen zaintza ere barne hartzen du. Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren mendeko hezkuntza-zentro publikoa da Gasteizko Erizaintzako Unibertsitate Eskola, eta gaur egun Erizaintzako Gradua ematen du. Ondorio akademikoetarako, EHUri atxikia dago, eta unibertsitate horren ikasketa-plan bera ematen du. Urteetan egin izan den lan garrantzitsu hori 1972. urtean abiatu zuen, eta, beraz, esperientzia eta eskarmentu handia ditu profesionalak erizaintza lanetan hezten. 50. urteurrena ospatzen ari dira aurten, ilusioz eta harrotasunez beteta, eta ez da gutxiagorako. Izan ere, eskolako kideek azaldu bezala, eskolak lehen eskutik ikusi du nola aldatu diren hezkuntza eta osasun-sistemak, baita nola hazi den eta zer-nolako bilakaera izan duen erizaintza-profesioak. Ospakizunen artean, ekitaldi berezi bat egin zuten azaroaren 9an, Osakidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren Areto Nagusian, Gasteizen. Besteak beste, omenaldi bat egin zieten Gasteizko Erizaintzako Eskolako zuzendari ohiei, eta festa giroa ere ez zen falta izan, dantzak, bakarrizketak eta beste izan baitzituzten.

Gasteizko Erizaintzako Eskolaren hastapenera itzulita, hasiera hartan, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak baimena eman zuen Emakumezkoen Laguntzaile Tekniko Sanitarioen Eskola sortzeko, Gizarte Segurantzako Ortiz de Zárate osasun-egoitzan, Aranan, Valladolideko Unibertsitateari atxikita. 1977. urtera arte erizaintza-ikasketak ez baitziren bihurtu unibertsitate-ikasketa. Urte horietan, bost promoziok ikasi zuten eskola honetan, eta, guztira, 206 lagun bihurtu ziren profesional. Ondoren, 1978an, Erizaintzako Unibertsitate Eskola bilakatu zen, eta Erizaintzako Diploma titulua ematen zuen. Hala, 1978 eta 2009 artean, 1659 pertsonak lortu zuten Erizaintzako Unibertsitate Diplomatura. Azkenik, 2010ean, zentroak Erizaintzako Graduko Titulazio Ofizialaren Egiaztapenaren eta Akreditazioaren aldeko Txostena jaso zuen; hau da, data horretatik aurrera eskaintzen duena. Horrela, 2010etik 2022ra bederatzi promoziok egin dituzte ikasketak Erizaintzako Graduan, eta, guztira, 691 erizain graduatu dira.

ESKOLA TXIKIA ETA GERTUKOA
Gasteizko Erizaintzako Eskolaren eginkizun nagusia da erizaintzako profesional jeneralistak prestatzea, prestakuntza zientifiko eta gizatiarrarekin eta arreta profesionala emateko behar besteko trebakuntzarekin, artatuko dituzten pertsonen osasun-premietara egokituta. Ikasketa prozesu horretan, balio hauek dira nagusi zentroan: errespetua, erantzukizuna, berrikuntza, lidergo parte-hartzailea, malgutasuna eta arreta pertsonalizatua. Urtean laurogei plaza ateratzen ditu, eta euskaraz nahiz gaztelaniaz egin daitezke ikasketak. Gainera, hautazko irakasgai batzuk ingelesez ere egin ditzakete ikasleek. Langileei dagokienez, 28 lagun aritzen dira lanaldi osoan, eta zentroaren proiektuarekin duten konpromiso handiagatik nabarmentzen dira. Eskola txikia denez, eskola zuzentzea eraginkorra, efizientea eta zehatza da, erabakiak hartzeko eta ustekabeetara egokitzeko gaitasuna errazten du, eta ikasleei arreta pertsonalizatua eskaintzeko aukera ematen du.

50 URTEKO HISTORIAN, GUZTIRA 2.556 PERTSONAK LORTU DUTE ERIZAINTZAKO TITULUA ZENTROAN

Gainera, ikasleak dira eskolaren ardatza, eta haiengan oinarritzen dute prestakuntza. Hori hala, honako helburu hauek ziurtatuta dauzkate ikasle guztiek, besteak beste: ezagutzak barneratzea, trebetasunak eskuratzea, eta erizainaren eginkizun bakoitza (asistentzia, kudeaketa, ikerketa eta irakaskuntza) betetzeko duen gaitasun profesionala egiaztatuko duten jarrerak garatzea, baita arreta integrala praktikan jartzea ere, ebidentzian oinarrituta eta gizarte aldakor batean pertsonen osasun-premietara egokituta. Hori gutxi balitz bezala, eskolan bertan Osakidetzako profesionalak daude, eta horrek balio erantsia ematen dio formakuntzari; izan ere, Osakidetzaren balioetan parte hartzen dute, eta oso konprometituta sentitzen dira beren osasun-sistemaren premiekin bat datozen erizain jeneralisten prestakuntzarekin.

IKASKUNTZA PRAKTIKOA, NAZIOARTEKOA ETA SOZIALA
Gasteizko Erizaintzako Eskolako ikasle guztiek egiten dituzte praktikak, eta horiek zazpi alditan banatuta daude, lau ikasturteetan. Praktika horiek eskolatik kudeatzen, planifikatzen eta koordinatzen dira. Osakidetza barruko praktika horiez gain, mugikortasun- eta nazioartekotze-programak ere badituzte, EHUren egonaldi luzeko (3-5 hilabete) mugikortasun-eskaintzan parte hartzen baitu eskolak. Beraz, ikasleek Sicue, Erasmus + eta Latinoamerikako programetan parte har dezakete, besteak beste.

Gizarte-arloko lankidetza-jarduerak ere bultzatzen ditu. Lankidetzan aritzen da, besteak beste, ATCORE Euskadiko Bihotz eta Biriketako Gaixo eta Transplantatuen Elkartearekin, Euskadiko Odol Emaileen Elkartearekin, Arabako Diabetes Elkartearekin eta Saharako Erizainen Euskal Elkartearekin.

50 urte hauetan profesionalek aldaketetara egokitzeko izan duten gaitasun handiari esker du horren prestigio handia Erizaintzako Eskolak. Agerikoak dira ikasleek lortzen dituzten emaitza bikainak, eta espero dute beste urte askoan jarraitzea erizaintzaren grina transmititzen.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other