agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

“Plazera izan da Osakidetzan lan egitea, izan ditugun arazo guztiak gorabehera”

Julia Zaldibar Quintana • Uribeko ESIko Ekonomiako eta Finantzako zuzendaria

1998. urtean izendatu zuten Julia Zaldibar Quintana Uribeko ESIko Ekonomiako eta Finantzako zuzendari, baina aurretik ere ibilbide luzea egin zuen Osakidetzan: administrazio- eta kudeaketa-laguntzaile hasi zen, orain dela 47 urte. Uste du Osakidetzan badirela gauzak hobetzeko, baina nabarmendu du oso profesional onak ari direla lanean, asko konprometitzen direnak. Gustura hartu du erretiroa, pausoa ematea kostatu zaion arren.

Uribeko ESIko zuzendari ekonomikoa izan zara 24 urtez. Zertan zetzan zure lana?
Lan nagusia zen gastu- eta diruzaintza-aurrekontuak egitea, inbertsioetarako beharrak zehaztea eta materialen erosketak kudeatzea. Askotariko alorrak lantzen genituen; biltegiak kudeatzea, zerbitzu orokorrak ematea eta mantentze-lan nagusiak egitea ere gure ardura ziren, eta, zerbitzu orokorren barruan, garbiketa, sukaldea, mantentze-lanak… Hori da, funtsean, zuzendaritza ekonomikoaren lana.

Zer zen zailena?
Dena ondo egiten saiatzen gara, eta horrek langile guztien etengabeko ahalegina eskatzen du, baina batzuetan zailena izaten da gastuen aurrekontuak betetzea. Urtero, gastuen aurrekontuak prestatzen dira, asistentzia- eta laguntza-zerbitzu guztien beharrak kontuan hartuta, eta horiek betetzen direla kontrolatu behar da, desbideratzeak hautemanez eta beharrezko zuzenketak eginez.

Urte hauetan, gainera, 2008ko krisi ekonomikoa ere tokatu zitzaizun…
Oro har, funtzionamendurako aurrekontuak berdin jarraitu zuen. Inbertsioen aurrekontuan izan zuen eraginik handiena krisiak, eta urte horietan behar-beharrezkoa zen ekipamendua ordeztera mugatu ginen. Urte zail horien ondoren, pandemia iritsi zen, garai hura baino gogorragoa izan zena.

«GAUR EGUNGO TRESNEK ETA BALIABIDEEK LAN GEHIAGO, SEGURUAGO ETA POLITAGO EGITEKO AUKERA EMATEN DIZUTE»

Nola moldatu zineten?
Pandemia oso gogorra izan zen, alderdi guztietan. Gaixotasun berri hori agertu izanak sortu zuen ezjakintasunagatik eta beldurragatik izan zen gogorra, banakako babes-ekipamenduen beharra areagotu zelako eta zailtasunak izan zirelako ekipamendu horiek hornitzeko. Erosketa zentralizatu egin zen, hau da, Osakidetzako erakunde guztiak ahalegindu ziren ekimapendu horiek bermatzen, elkarlanean eta bateratuta.

Urte hauetan, nolako aldaketak nabaritu dituzu funtzionamenduan edo lan egiteko orduan?
Administrari laguntzaile gisa hasi nintzen, eta, hasi nintzenean, sistemak ez zuen zerikusirik egungoarekin. Ordu hartan, jendeak kontsultara joan behar zuen, zenbaki bat hartu, eta arreta jaso arte itxaron. Garai horretatik hona, aldaketa handiak gertatu dira medikuntzako eta kudeaketako tresna informatikoetan. Asko hobetu da, eta horrek produktiboagoak egiten gaitu profesional guztiok. Egungo tresnei eta baliabideei esker, lan gehiago, seguruagoa eta politagoa egin dezakezu.

Nolako harremana izan duzu lankideekin?
Oso oroitzapen onak ditut igaro ditudan leku guztiez eta izan ditudan lagunez. Lehenengo, Bilboko osasun-zentroan lan egin nuen; gero, Kale Nagusiko 62.ean egon nintzen, Bilboko eskualdeko administrazioan; eta, azkenean, Uribeko ESIra joan nintzen. Oso lankide onak izan ditut beti, eta, egia esan, plazera izan da Osakidetzan lan egitea. Egunerokoan sortzen diren arazo guztiak gorabehera, nire lan-bizitzan izan ditudan lankideen balorazio positiboa egin behar dut.

«GASTUEN AURREKONTUAK BETETZEA ZEN ZEREGINIK ZAILENA»

Erretiroa hartzeko pausoa ematea kostatu zaizu? Zer sentsaziorekin uzten duzu Osakidetza?
Kostatu zait ez nuelako lana gelditzeko unea ikusten. Hasieran iruditzen zaizu ezin duzula dena dagoen bezala utzi. Baina gero pausoa ematen duzu, eta ez da ezer gertatzen, inor ez da ezinbestekoa. Orain gustura nago; beste bizitza bat da, nuena baino askoz lasaiagoa. Lehen ordu asko ematen nituen lanean, eta presio handia izaten nuen. Gainera, guri egokitu zitzaigun Urdulizko Ospitalea sortzea, eta ospitale bat abiatzea lan neketsua izaten da. 2016an inauguratu zen, baina gauzak ondo atera ziren, eta ondo funtzionatzera heldu da, arazorik gabe.

Ekonomia departamentuko kideak. Arg: Julia Zaldibar

Atzera begiratuz, nolako balorazioa egiten duzu?
Oso sentsazio onarekin noa Osakidetzatik, oso pozik. Nire nagusiek, lankideek eta koordinatzaileek asko babestu eta lagundu didate urte hauetan guztietan. Uste dut Osakidetzak oso jende ona duela lanean, inplikazio handikoa. Hala eta guztiz ere, gauza asko daude hobetzeko, baina Osakidetzan igarotako urteen eta eman dizkidan aukeren sentsazio onarekin noa. Nire lanak modua ematen zidan prestakuntza akademikoaren bidez hartutako ezagutzak aplikatzeko, eta oso pribilegiatua sentitzen naiz horregatik.

Nor utzi duzu zure postuan? Aholkurik eman diozu?
Zuzendari ekonomiko berria dago jada, Iker Letamendi. Nik ekainaren amaieran hartu nuen erretiroa, eta Letamendi irailean hasi zen lanean. Esperientzia du, beste zuzendaritza ekonomiko batetik datorrelako. Irailaren amaieran bilera bat izan nuen harekin, martxan dauden prozesu batzuen berri emateko eta gai zehatz batzuk argitzeko.

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other