agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Arta samurragoaren peskizan

Bidasoa zurekin, eskualde errukitsua izeneko proiektua xede batekin ari da, arreta hobea ematea gaixotasun kronikoak dituztenei eta bizitzaren amaieran daudenei. Horretan ari dira Montse Perez Garcia, Idoia Lizaso Vazquez eta Amaia Mendizabal Olaizola, Bidasoko ESIko langileak.

«Komunitateari begirako proiektu bat da». Hala adierazi du Montse Perez Garcia sendagile eta proiektuaren arduradunak. Komunitate Errukitsuen barruan dagoen egitasmoa da, mundu mailakoa, eta ikerketa batzuk ditu sorburu. Gaixotasun kroniko aurreratuak dituztenekin eta beren bizitzako azken egunetan daudenekin lan egin zuten, eta ondorioztatu zuten osasun-langileen taldeak nahiz talde soziosanitarioak ez direla ailegatzen pertsona horien arta-denboraren % 5era.

Hori zuzentzeko beharretik abiatuta, bottom-up erako egitasmoa abiatu zuten Bidasoko ESIan. Hau da, Osakidetzako langile-talde batek sortutako proiektu bat, etorkizunean gainontzeko ESIetan balia daitekeena.

Paziente horien denboraren gainerako % 95 familiengan zamatzen da oro har, eta zaintza hori arindu nahi dute komunitatearen parte-hartzearen bidez. Familiak komunitateko kide direlako, pazienteak bezalaxe. Alde horretatik, Bidasoa Zurekin taldeak elkarte gisa izena eman du, eta zenbait egitasmo jarri ditu abian. Besteak beste, komunitatearen esku-hartze programa.
Lizaso Vazquezek azaldu duenez: «Gaixotasun kroniko aurreratua duten pazienteen nahiz bizitzaren amaieran daudenen etxeetara joango gara, haien beharrak aztertu eta zaintzarako dituzten baliabideak zerrendatzeko. Horren arabera prestatuko ditugu esku-hartzeak, boluntarioen bidez».

Eskualde-mailako baliabideak zenbatzea ere giltzarri da, hirukotearen arabera. Adibide argi bat bada horren jiran: ohe artikulatuen beharra dutenen kasuan, esaterako, halakoak non lor daitezkeen jakitea. Edo, patologia bakoitzaren kasuan, hari dagokion elkartera bideratzea: «Pertsonek behar duten heldulekua lortzen laguntzea da helburua. Izan laguntza teknikoa, psikologikoa, gizarte arlokoa, eta izan konpainiari edo familiaren zama arintzeari dagokiona», laburbildu du Perez Garciak.

«GURE HELBURUA DA ETORKIZUNEAN ESKU-HARTZE KOMUNITARIOAK PAZIENTEEN HISTORIA KLINIKOAN TXERTATZEA. HISTORIA SOZIOSANITARIOAREN SORBURU IZAN DADILA, HORREN BEHARRA BAITAGO»

Horretarako, ezinbestekoa da babes-sare bat sortzea, eta Bidasoa Zurekin taldeak harremana egin du inguruko zenbait elkarterekin. Mendizabal Olaizolaren esanetan, helburua ez da deus hutsetik sortzea, aurrez dauden baliabideak saretzea baino. Ez alferrik, orain artean lan asko bikoiztu egin baitira (sentsibilizazio kanpainak, eta abar). Hori dela eta, garrantzitsuagoa da sarea jostea: «Komunitatearen eginahalek bat egiten badute, inpaktua handiagoa izango da».

BIDASOTIK LURRALDE OSORA
Death Cafe deituriko ekimenak proiektuaren parte dira. Pandemiaren garaian online moduan egin ziren, eta egoera normaldu ostean ohiko moldean itzuli ziren. Egun, hilabetero Death Cafe bana egiten dute Hondarribian eta Irunen. Halaber, Santiago auzoko bizilagunen elkarteak bere egoitzan beste bat egitea ahalbidetu du: «Auzokideen elkarteak ahalduntzen ari dira, eta ekintzak antolatzen hasi dira».

Gainontzean, martxotik ekainera, zazpi ekintza egin zituzten Bidasoko eskualdean, eta oihartzuna izan zuen komunitate errukitsua duten Gipuzkoako gainerako herrietan: saioak egin zituzten doluaz, zaintza aringarriez, baliabideen ezagutzaz, aurretiazko borondateen agiriaz, senitartekoen galeraz; horrekin batera, harremana egin zuten ikastetxeekin, eta zineforuma antolatu zuten. Orotara, 42 ekitaldi egin zituzten Gipuzkoan zehar: «Harri bat uretara botatzean bezala gertatzen da. Zaintza behar duen pazientea da sortzen den lehen olatutxoa; haren senideek handiago osatzen dute; bizilagunek gero, auzoek ondoren, herriak…», konparatu du Perez Garciak.

Halaber, Bidasoa Zurekin taldeak harreman hertsia egin du erakundeekin ere. Udalak eta gizarte eragileak dira horren adibide. Haiekin batasuna sortzea ezinbestekoa da, proiektuaren sustatzaileen esanetan. Irungo Kabigorri espazioan jazotakoa azaldu dute kideek: «Zaintza aringarrien inguruko saio bat egin genuen han, eta adin guztietako jendea batu zen. Nolako baliabideak ditugun, zer falta den… Oso saio interesgarria izan zen, eta proposamen asko bildu genituen, gazteetatik adinduetara». Aurrerantzean ere, xenda beretik segitzea da asmoa. Mendizabal Olaizolarentzat, «interesgarria» da elkarteekin tailerrak antolatzea.

Death Cafe solasaldien jiran ere, bizipen berriak pilatu dituzte azken urteetan. Tabua izan den gaiari errotik heldu diote Irunen eta Hondarribian, gisa bereko saioak egiten diren beste lekuetan bezalaxe. Hiru sustatzaileek bat egin dute gizartea heriotzari bizkar emanda egon dela urte askoan: «Hori da, ordea, dugun gauza ziur bakarra gurasoek sortzen gaituzten unetik». Lizaso Vazquezek gaineratu du «tabuak hausten» ari direla pixkanaka. Hilkortasunaren jirako esperientziak biltzeko baliatu dute, nork bere bizipenetatik abiatuta: «Batzuk une honetan ari dira heriotzaren prozesua gertutik ikusten. Denok igaroko gara hortik, eta tresna baliagarria da».

Edonola ere, dibulgaziotik harago egin nahi dute Bidasoa Zurekin proiektuko kideek. Izan ere, beste komunitate errukitsuen aldean, Bidasokoaren ezaugarri nagusia da ESI batean abiatutako egitasmoa izan dela, eta osasunaren arloko lanarekin uztartu nahi dute sarea: «Gure helburua da etorkizunean esku-hartze komunitarioak pazienteen historia klinikoan txertatzea, historia soziosanitarioaren sorburu izan dadila, horren beharra baitago».

Halaber, albiste txarrak ematearen inguruan ere lanketa baten beharra dagoela azpimarratu dute hirurek. Perez Garciak heldu dio gaiari, eta onartu du kosta egiten zaiela berri txarrak pazienteei nahiz haien senideei adieraztea: «Ados jarri behar dugu osasun-arloan, paziente kronikoen kasuan nahiz zaintza aringarriak behar dituztenen kasuan planifikazioa aurretiaz egiteko. Lan hori egiten saiatuko gara, gure lankideak kontzientziako: nork hitz egin, nola, espazio egokiak sortu, eta abar».

Oro har, arta samurrago baten beharra eta desira izan dira Bidasoa zurekin, eskualde errukitsua proiektua ontzeko arrazoi nagusiak. Bide horretan, eragile guztien garrantzia azpimarratu dute Perez Garciak, Mendizabal Olaizolak eta Lizaso Vazquezek: «Gipuzkoako ESIetan aurkeztu genuen proiektua, eta badakigu haietako bitan antzeko egitasmoa sustatu nahi dutela. Denei esan nahi diegu laguntzeko prest gaudela, eta dei diezagutela».

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other