agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko sarea

Langileen ekimenez, genero-indarkeriaren kasuetan nola jokatu biltzen duen protokolo bat egin dute Bidasoko ESIko profesional batzuek. Beren ospitaleko ezaugarriak hartu dituzte kontuan egokitzapenak egiteko; esaterako, Frantziatik nahiz Nafarroatik irits daitezkeen pazienteak nora bideratu. Nabarmendu dute zailena geratzen zaiela oraindik: gainerako langileak kontzientziatzea eta protokoloa zabaltzea, eraginkorra izan dadin.

Premiak eta beharrak bultzatu zituen Bidasoko ESIko profesionalak genero-indarkeriaren inguruan informatzera, trebatzera eta erabakiak hartzera. Konturatu ziren irizpideak falta zituztela pazienteak artatzeko orduan, eta, aldi berean, beharrezkotzat jo zuten eskura izan zitzaketen baliabideei buruzko informazioa lortzea eta gainerako profesionalei helaraztea. Abiapuntu horretatik sortu zuten genero-indarkeriari buruzko lantaldea, 2018. urtean, eta ESIari egokitutako protokolo bat ontzen aritu dira orduz geroztik, genero-indarkeriaren biktimei ahalik eta artarik hoberena emateko eta ahal duten heinean laguntzeko. Ia bukatuta dute protokoloa, eta, behin betiko bertsioa izatean, helburua izango da lantokiko profesional guztiak kontzientziatzea genero-indarkeriaren arazoaren inguruan eta, hala, langile guztien konpromisoa eta betebeharrak ziurtatzea. Izan ere, lantaldeak nabarmendu bezala, gizartearen nahiz profesionalen zeregina da arazo larri horri aurre egitea, eta kontzientziatu ezean ezinezkoa da erantzun bateratu eta indartsu bat ematea.

«FRANTZIAKO BALIABIDEEN BERRI IZATEA IZAN DA ZAILENA» Ainhoa Solla

Gaur-gaurkoz, 21 langilek osatzen dute lantalde hori. Alor askotako profesionalak daude talde horretan, hala nola Larrialdietako medikuak, EAG Etengabeko Arretako Guneetako langileak, LMA Lehen Mailako Arretakoak, mediku egoiliarrak, erizainak, pediatrak, ginekologoak, emaginak, administrariak eta psikiatrak. Are, Larrialdietako erizaintzako laguntzaile bat ere badago taldean, eta asko laguntzen die emakumeei Larrialdietara iristen direnean. Hain zuzen, profesionalen sare bat sortu nahi dute, elkarlana sustatzeko eta beren arteko komunikazioa hobetzeko. Uste dute genero-indarkeriaren biktimak identifikatzea ez dela soilik Larrialdietako medikuen zeregina, baizik eta edozein langilek identifika dezakeela kasu horretan dagoen emakumezko bat, izan osasun-zentrora askotan joaten delako eta izan arazo psikologikoak dituela antzeman diotelako.

Josune Marin Larrialdietako medikua eta lantaldeko kidea izan zen hastapenean parte hartu zutenetako bat. Gainera, Bidasoko ESIan erreferentea da genero-indarkerian 2017tik. Azaldu duenez, ohartu ziren oso modu «paternalistan» jokatzen zutela biktimekin, hau da, zerbitzu sanitarioek genero-indarkeriaren biktima ziren emakumeei ematen zien zerbitzua oso mugatua zela eta emakumeari «autonomia» kentzen ziotela: «Besterik gabe, emakumea miatzen genuen, lesioen partea egin, eta kito. Ez genekien besterik egiten, ezta nolako baliabideak eskain genitzakeen ere, eta ez genion ordurik ematen bere familiako medikuarekin. Delitua kontatzen zigun, guk Poliziari jakinarazten genion, eta haren ardura zen ondoren hori guztia argitzea. Iruditzen zitzaigun horrela jokatuta autonomia kentzen geniola emakumeari, eta batzuetan egoera arriskutsuetan jartzen genuela».

«IRUDITZEN ZITZAIGUN AUTONOMIA KENTZEN GENIOLA EMAKUMEARI, ETA BATZUETAN ARRISKUAN JARTZEN GENUELA»
Josune Marin

NAFARROAKO ETA FRANTZIAKO MUGAK
Cristina Ibeas EAGko langilea ere lantaldearen parte izan da hasieratik, eta azaldu du lantaldearen zeregina izan dela batik bat Osakidetzak genero-indarkeriaren inguruan duen protokoloa Bidasoko ESIaren ezaugarrietara eta baldintzetara egokitzea, aintzat hartuta Nafarroatik nahiz Frantziatik etorritako pazienteak ere artatu ohi dituztela bertan. Gainera, azpimarratu du zailena izan dela zehaztea zer egin nahi zuten, eta horri forma ematea: «Gure ESIak Nafarroarekin eta Frantziarekin egiten du muga, eta kontuan hartu dugu alde batean eta bestean beren baliabideak dituztela horrelako kasuetarako. Eman ditugun pausoak izan dira Osakidetzaren protokoloa berrikusi, eta instituzioekin eta gizarte-zerbitzuekin harremanetan jarri, baita Poliziarekin ere». Alde horretatik, Ainhoa Solla Larrialdietako medikuak adierazi du zailena izan dela Frantziako baliabideak ikertzea eta horien inguruko informazioa biltzea, batik bat hango genero-indarkeriaren legeak beste legedi bat duelako eta ez dutelako horretan lan egiten duen entitate jakin bat, «boluntario» aritzen diren asko baizik.

«GENERO-INDARKERIA MODU ASKOTAKOA IZAN DAITEKE» Cristina Ibeas

Baliabide horietara jo aurretik, baina, biktima Larrialdietara iristen den unea oso garrantzitsua da. Kide guztiek nabarmendu dute hori. Manuel Carrascoso erizainak, esaterako, azaldu du askotan ertzainekin batera iristen direla ospitalera emakumeak, eta, horrelako kasuetan, berebizikoa dela ahalik eta harrerarik onena egitea, lagunduta eta babestuta senti daitezen: «Saiatu behar dugu ahalik eta itxaronaldirik laburrena izan dezaten eta bitarte horretan babestuta senti daitezen». Marinek gehitu du biktimei ez zaiela gainerako pazienteekin utzi behar itxarongelan, eta are gutxiago ertzainekin badaude. Gainera, ohartarazi du biktimari Larrialdietara lagundu dion hori bera izan daitekeela erasotzailea, eta, halakoetan, «banatzen saiatu» behar da.

«ORAIN GU GARA ERREFERENTEAK, ETA GURI DAGOKIGU HORRELA JOKATZEA» Manuel Carrascoso

BIKTIMAREN AUTONOMIA ERRESPETATZEA
Lantaldearen arabera, biktimak berak erabaki behar du salaketa jarri nahi ote duen, eta medikuek ezin dute horretara behartu. Halere, Alicia Perez egoiliarrak azaldu duen moduan, kasu batzuetan gerta daiteke emakumea bera ez konturatzea genero-indarkeriaren biktima bat dela, eta nabarmendu du horrelakoetan «babestea eta laguntzea» ezinbestekoa dela, emakumea ahaldunduz joan dadin eta egoeraz ohartu dadin: «Nire paziente baten kasuan, ez dago salaketa bat jartzeko prest. Ez dakit jabetzen den tratu txarrak jasaten dituela, gehienbat psikologikoak direlako. Horregatik, aitzakia gisa, tarteka kontsultara etortzeko esaten diogu, analisiak egiteko adibidez. Horrelakoetan, nik emakume hori ahaldundu egin behar dut, salaketa bat jar dezan berak hala nahi duelako, eta onerako izan dadin erabaki hori. Batzuetan kosta egiten zait frustrazio hori gestionatzea, egoera horretatik atera dadin nahi dudalako, baina berea da erabakia». Izan ere, genero-indarkeria «modu askotakoa» izan ahal da, Ibeasek esan bezala, eta ez bakarrik fisikoa, eta horiek dira antzematen zailenak: psikologikoa, ekonomikoa, emozionala… Horregatik da ezinbestekoa emakume batek horrelako erasoak jasaten dituen susmoak izatean gainerakoei jakinaraztea, denen artean identifikatzeko.

«EMAKUME BATZUEK EZ DAKITE BIKTIMAK DIRELA ERE»
Alicia Perez

Aurrerantzean ere, trebatzen eta hobetzen jarraitzeko asmoa dute, bai gizarte-zerbitzuekin, bai bestelako elkarteekin. Esate baterako, Euskal Gorrak elkartekoekin bildu ziren, komunitate horren errealitatea ezagutzeko. Nieves Criadok azaldu ditu bilera horretan aletutakoak: «Esan ziguten oso komunitate itxia dela, eta, horregatik, oso zail dutela genero-indarkeriatik ateratzea; oso interesgarria izan zen». Horrez gainera, Irungo epaitegiko genero-indarkeriako epailearekin ere izan ziren, informazioa biltzeko.

Norabidea finkatuta dute, baina orain profesional guztiei alde berera joatea falta zaie. Uste dute hori izango dela erronkarik zailena, hain zuzen, osasun-langileak kontzientziatzea, protokoloak bere helburuak bete ditzan. Argi dute berek eman behar dutela lehenengo pausoa: «Orain gu gara erreferenteak, eta guri dagokigu horrela jokatzea», nabarmendu du Carrascosok.

Profesionalek informazio gehiago nahi izanez gero, Bidasoko ESIko Intranetera jo dezakete taldeak egindako bideoa ikusteko.

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other