agenda » martxoa | HARPIDETU BULETINERA

Argi egiteko itsasargia

Suizidio-bidezko heriotzen dolua egiten dute Biziraun elkartean. Eva Bilbao da lehendakaria, Markinako Osasun Zentroan diharduen erizaina.

Azaleratu beharreko gaia da suizidioarena. Biziraun elkartean argi dute hori, maite duten norbait galdu baitute suizidioz. Bilbaok eta haren senarrak, beste pertsona batzuekin batera, sortu zuten elkartea, 2016an, seme nagusia suizidioz hil eta gero, eta kideak boluntario aritzen dira.

Geroztik, molde anitzeko pertsonak batu dira: «Medikuak, erizainak, pedagogoak, psikologoak, irakasleak, unibertsitateko ikasleak, jubilatuak…. Guztiek dakite suizidio baten osteko dolua zer gogorra den», esan du Bilbaok. Erizainak azaldu duenez, elkartearen helburu garrantzitsuenetako bat da laguntza-taldeen bidez suizidio-osteko doluan direnei laguntzea: «Segurtasun-esparru terapeutiko bat sortzea eta elkarri laguntzea. Lanean talde teraupetikoen garrantziaz jabetuta, nire esperientzia elkarbanatzea garrantzitsua izan zitekeela pentsatu nuen, elkartean diren kideekin batera».

Izan ere, maite denaren galera ez ezik, suizidioaren gaiak beste zenbait ertz ditu gizartearen begietara, Bilbaoren esanetan: «Tabu-izaera eta estigmak sortzen duen bakardadea gehitzen zaizkio, eta isilpean gelditzen den horri ahotsa jartzea da elkartearen egiteko bat».

Bilbaok azaldu duenez, dolu-mota berezia da suizidioarena. Hori nabarmendu ohi dute beren jardueretan eta hitzaldietan: «Erizaina naiz eta nire egunerokotasunean heriotzarekin ohituta nago, besteak beste, gaixotasun terminalekin edota paziente pluripatologikoekin lan egiten dudalako. Heriotza hauekin alderatuz suizidio bidez gertatutakoak, orokorrean, bat-batekoak eta ezustekoak dira, eta, hauen ondorioz, bakardadea eta estigma sortu daitezke. Carmen Tejedor adituak zihoen bezala, «Suizidioagatik hiltzen zara, beste edozein arrazoirengatik bezala. Pertsonaren sufrimenduaren ondorioz gertatzen den beste heriotza mota bat da».

Haatik, suizidioa jazotzen denean, kuestionamendua azaltzen da sarri: «Norbait istripuz edo minbiziz hiltzen bada, familiak ez du halakorik sentitzen. Gu eta estatuko elkarteak saiatzen ari gara azaltzen estigma ez dela lagungarria laguntza behar dutenentzat, ezta geratzen diren senideentzat ere. Gainontzeko doluek ez dute hori, eta gizarteari hori adierazten saiatzen gara», adierazi du Bilbaok.

Estigma horri aurre egiteko, heziketa-prozesuan sakondu beharra dago: «Pixkanaka-pixkanaka, zirimiriak bezala, batetik eta bestetik, jendea jabetu dadin hori ere heriotza bat dela. Ikusi dugu bere horretan utzita, hau da, isilik geldituta ez dela aurrera egiten. Ezkutatzeak ez du inolako onurarik; justu kontrakoa».

INEren 2021eko datuak jarri ditu adibide. Estatu mailan suizidio kasuek gora egin dute. Hori dela eta, Biziraun-ekoen ustez, «isiltasunaren politikak ez du balio. Beraz, ekimenak abiatu behar dira, eta baditugu erreferentziazko data batzuk. Irailaren 10ean, suizidioaren prebentziorako eguna izan liteke bat. Esaten da aurrea hartu egin behar zaiola, baina nola? Oso konplikatua izan arren, aurrera egin daiteke horretan ere».

ARTA ETA ELKARLANA
Gertuko bat suizidio-bidez hiltzen denean, doluan denari arta ematea izan da Biziraun-ekoen estreinako egitekoa, eta horretan aritzen dira gaur egun ere. Normalean, posta elektronikoz egiten dute lehen hartu-emana. Bilbaok eman ditu horren xehetasunak: «Gure helbidea info@biziraun.org da eta, normalean, 24 orduren buruan erantzuten dugu, eta baliabideak ematen ditugu. Horren ondoren, harrera egiten diogu pertsona bakoitzari, eta prozesuaren arabera hautematen dugu zenbat denbora daraman, zer moduz dagoen, taldean sartzeko moduan dagoen. Halaber, Osakidetzako Osasun Mentaleko sareekin harreman ona dugu, eta lortu dugu plan pilotu bat abiatzea. Biziraun-ekin harremanetan jartzen direnek edo elkartean daudenek arreta psikologikoa behar badute, doan jasoko dute. Oso harro gaude horretaz, doluak behar den bezala aurrera egin dezan familientzat onuragarria izan daitekeelako».

Biziraun-ek bestelako lan-esparruak ere zabaldu ditu gizarteko eragile askotarikoekin. «Haien parte-hartzea ere garrantzitsua da», nabarmendu du Bilbaok. Azaldu duenez, prebentzioa lantzeko garaian, osasungintzari erreparatzen zaio maiz, baina hezkuntzaren, Ertzaintzaren eta hedabideen rola ere azpimarratu du, besteak beste. Esaterako, Biziraun elkarteak badu hezkuntza-arloan sentsibilizazio-lana egiteko grina, eta ikasleei, irakasleei eta familiei hitzaldiak ematen dizkie. Halaber, Osakidetzako Osasun Mentaleko sareekin ere harreman estua dutela zehaztu du Bilbaok: «Orain hamar urtetik hona, aldaketa bat izan da Osakidetzan, aurrerako urratsa egin da. Horretan jarraitu behar dugu. Gordintasun handiko gaia da, baina ez da ezkutatu behar, betiere familien nahia errespetatuz».

Ekimen gehiago ere abiatu dituzte: «Pantailaren bidez elkarri laguntzea izan da pandemiak utzitako onena, eta Ordizian biltzeko etxe bat ere lortu zuten Udalaren bitartez. Orain, Bilbon eta Donostian elkarri laguntzen dioten taldeak batzen dira hilero. Halaber, badago jendea jada dolua beste maila batean egiten ari dena, eta era ludikoago batean elkartu nahi duena. Behar edota nahi honi erantzuteko hiru edota lau hilabetetik behin elkartzen den talde soziala sortu da».

Aipatzekoa baita ere EHUren udako ikastaroetan egiten dituzten saioek lortu duten sona. 2017an hasi ziren suizidioaren gaia lantzen: «Akademikoki jantziak izan ohi dira saioak, baina herritarrei begira prestatuta daude. Hala, formatuaren bidez, erreferentzia izatea lortu dugu, eta gehien eskatzen diren ikastaroen artean daude. Hori pozgarria da, jendearen interesa azaleratzen duelako». Interes horrek badu itsasargia: Biziraun du izena.

www.biziraun.org
info@biziraun.org
• Facebook: biziraun
• Instagram: @Biziraun

Osakidetzaren baliabideak
Telefonoak:

• 900 20 30 50 (Osasun Aholkua)
• 112 (Larrialdiak) • 116 111 (Zeuk Esan, nerabeentzako telefonoa)
• 024 (Espainiako Estatuko telefonoa – Llama a la vida)

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other