agenda » urria | HARPIDETU BULETINERA

“Kameraren bitartez egunerokoa nola ikusten dudan azaltzea gustatzen zait”

Ibai Goñi Zubelzu • Erizaina

Erizaina da ogibidez Ibai Goñi, baina beti dauka presente bere alde sortzailea: argazkigintzan bidea urratzen ari da tolosarra, eta, besteak beste, Adolfo Dominguez markaren proiektu batean parte hartu berri du. Bidaiatzea du beste afizioa, eta ezagutzen dituen txoko guztiak harrapatzen ditu kameraren bitartez.

Denbora asko daramazu erizaintza lanetan? Non egiten duzu lan?
Lau bat urte dira hasi nintzela, eta Lehen Mailako Arretan aritu izan naiz beti. Gaur egun, Tolosako Osasun Zentroan egiten dut lan, eta gustuko dut lana. Lehen Mailako Arretan lan egitetik gustatzen zaidana da pertsonekin duzun hartu-eman hori. Esango nuke ospitaleko lana pixka bat hotzagoa izan daitekeela. Pertsonaren araberakoa da hori, baina Lehen Mailako Arretan periodikoki egoten zara pertsona askorekin, eta, beraz, haiekin egiten duzun harremana estuagoa da.

Sormena dela eta, argazkilaritzan zabiltzala diozu. Noiztik duzu afizio hori, eta nolatan hasi zinen argazkiak ateratzen?
Txikitatik datorkit. Pinturarekin edo eskulturarekin lotu ohi nuen beti neure burua, baina, ikasten zoazen heinean, bideak beste nonbaitetik eramaten zaitu, edo pentsatzen duzu artearen mundu hori zaila dela eta horregatik beste alde batetik jo behar duzula. Argazkilaritzari buruz esan dezaket orain dela hamar bat urte-edo hasi nintzela. Aitak kamera bat zuen etxean, eta atentzioa ematen zidan; probatzeko gogoa sentitzen nuen. Sare sozialen garai hauetan, gainera, pixka bat eskurago duzu hori, eta pixkanaka bide horretatik hasi nintzen.

Aitak ere afizio gisa dauka argazkilaritza? Harengandik datorkizu?
Aitari, niri bezala, bidaiatzea gustatzen zitzaion, eta nik uste hortik hasi zela dena. Kamera bat erosi zuen, etxean zegoen erabili gabe, eta jakin-min horrekin ni ere hasi nintzen kamera hori erabiltzen. Bidaiatzea gustatzen zaidala ikusi nuen momentutik argi nuen ikusten nituen gauzak memorian gordetzeaz gain irudi moduan ere gorde nahi nituela, eta hala hasi nintzen: kamera hartu, eta bidaiak egiten.

Goñik Etiopiara egindako bidaian ateratako argazki bat, 2020an.

Argazki gehienak koloretan ateratzen dituzu. Badaukazu estiloren bat edo joeraren bat argazkiak ateratzerakoan?
Niretzat kolorea inportantea da. Iruditzen zait pintura bezala dela, argazki batean beti eduki behar dela kontuan koloreak nola dauden sailkatuta, nola dauden ordenatuta… Argazkigintza zuri-beltzean ere gustatzen zait, baina beti izan dut argazkiak koloretan ateratzeko joera. Ez daukat estilo zehatzik, baina badira urteak argazkiak analogikoan ateratzeari ekin niola, eta iruditzen zait momentu honetan, behintzat, nire estiloa izan daitekeela argazkiak analogikoan ateratzea.

Analogikoan, gehienak koloretan, eta erretratuak baino gehiago paisaiak, ezta?
Erretratuak ere gustatzen zaizkit, baina egia da kaleko argazkigintza eta bidaietako argazkigintza gustatzen zaizkidala gehien. Gustatzen zait kameraren bitartez egunerokoa nola ikusten dudan azaltzea. Niretzat xarma berezia du horrek.

Txoko askotan ibili zara. Bisitatutako leku horietatik guztietatik baduzu kutunen bat edo oroitzapen bereziren bat?
2020. urtean, Etiopiara egin nuen bidaia bat, pandemia hasi aurretik, eta asko eman zidan toki horrek, baita esperientziak berak ere. Izan ere, bakarrik joan nintzen, ezagutzen ez nuen talde batekin, eta bidaia horren proiektua zen argazkigintza eta ikusitakoa taldekideen artean elkarbanatzea. Esango nuke bidaia horretan konturatu nintzela horrekin jarraitu nahi nuela, nahiz eta afizio moduan izan. Afrikara bidaiatzen nuen lehenengo aldia zen, eta esan ohi da Afrikak deitu egiten zaituela; benetan bisitatu behar da, eta hori daukat bidaia kutun gisa.

Etiopiaz gain, zein beste helmuga izan dituzu?
Iazko uztailean, esate baterako, Kuban izan nintzen. New Yorken ere izan naiz, Europan Italian zehar… Lanak modua ematen didan heinean, saiatzen naiz egun batzuk hartzen, eta mundua ezagutzen.

Adolfo Dominguez markak eskatu zizun poltsa batzuen argazkiak ateratzeko, eta Tolosako zenbait tokitan atera zenituen. Nolatan iritsi zitzaizun eskaera hori?
Sorpresa handia izan zen; hasieran ez nuen sinetsi ere egiten. Lanean nengoela, haien lantaldearen mezu bat jaso nuen Instagramen, esanez proiektu berri bat zutela esku artean, produktu berri batzuk atera behar zituztela eta nik kanpaina horretan parte hartzea nahi zutela. Hasieratik oinarri batzuk markatu zizkidaten, eta, nitaz gain, Espainiako bost argazkilariri eskatu zieten proiektuan parte hartzeko. Bakoitzak beretzat berezia zen txoko bat aukeratu behar zuen argazkiak ateratzeko, eta nik argi nuen Tolosan bertan atera behar nituela.

Ez nuen ulertzen nola irits zitezkeen niregana, edo nire lanera. Argazkigintza afizio moduan egiten dudan zerbait da, denbora-pasa bat da niretzat, gustura egiten dudan zerbait, baina ez dut inoiz jo alde profesionalera, hau da, lan txikiren bat edo beste egin izan dut, baina betiere inguruko jendearekin, eta horregatik harritu ninduen hainbeste.

Besteak beste, bikini marka batekin ere aritu zara elkarlanean, eta Kattalin abeslariaren azken proiektuan ere parte hartu duzu. Argazkigintzan bidea egiten ari zarela esan daiteke?
Ez dut ahazten zein den nire ofizioa. Iristen zaizkidan proiektu guztiak ongi etorriak dira. Orain artekoak inguruko jendeari esker lortu ditudan lan txikiak izan dira, eta, esan bezala, hortik hasi naiz. Nolabait nire kasuan garatze-prozesu bat-edo gertatzen ari dela esango nuke. Gerora lan handiagoak eta potenteagoak etortzen badira, ongi etorriak izango dira, dudarik gabe.

Orain baduzu proiekturik esku artean? Beste bidaiaren bat agian?
Bidaiena beti egongo da hor, baina oraindik ez daukat ezer lotua. Proiektu batzuk baditut, baina oraindik ez da ezer ziurra. Hala ere, asmamen handiko pertsona naiz, buruari bueltak ematea gustatzen zait, eta beti egongo naiz gauza berriak egiteko gogoz eta proiektu berrietan parte hartzeko prest.

Esan duzu argi duzula zure ofizioa zein den, baina pentsatu duzu inoiz zaletasuna ofizio bihurtzea?
Inflexio-puntuak izaten ditugu bizitzan, eta behin ez, behin baino gehiagotan pentsatu dut horretan, baina argazkigintzaren mundua konplikatua da, eta ogibidetzat izateko oso ongi joan behar zaizu. Lan asko ere egin beharra dago, nahiz eta suerteak pixka bat baldintzatzen duen. Apustu indartsu bat egin behar da, eta oso zaila da, baina kontuan daukat.

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other