agenda » apirila | HARPIDETU BULETINERA

Duintasuna eta autonomia berreskuratu, bizitza bizitzeko

Terapeuta okupazionalek desgaitasun fisiko nahiz mentalen bat dutenei laguntzen diete oinarrizko jardueretan autonomia eta segurtasuna lortzen. Pazienteek ikasten duten hori praktikan jartzen dute egunerokoan, eta xedea da bizi-kalitatea hobetzea. Bakoitzaren ezaugarrietan eta trebetasunean oinarritzen dira haiekin lan egiteko, haien erritmoetara egokituz. Aitortza handiagoa eta baliabide gehiago eskatu dituzte.

Terapia okupazionala diziplina soziosanitario bat da, eta helburu nagusitzat du pertsonari modu globalean begiratzea eta duintasuna eta autonomia pertsonala itzultzea. Gaixotasunak, desgaitasunak, defizitak eta narriadurak jasan dituztenekin lan egiten dute terapeuta okupazionalek, eta, pazienteen egunerokotik eta gaitasunetatik abiatuta, horien bizi-kalitatea hobetzeko dihardute. Artea eta zientzia batzen dituen diziplina bat da, gizakiaren ikuspegi holistikoa defendatzen duena, eta askotariko jarduerak antolatzen dituzte xede hori lortzeko, betiere kontuan hartuta pazienteek zer duten gustuko eta zein ekintza diren garrantzitsuak haientzat. Ekintza horiez gain, eguneroko oinarrizko jarduerak ere lantzen dituzte, hala nola loa eta atsedena, baita jarduera instrumentalak ere, hezkuntza, lana, aisia eta denbora librea, jolasa…

Janire Ibarrondo terapeuta 2019. urtean hasi zen Bilboko Lehen Gertakarien Sailean, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarearen barruan. Azaldu duenez, osasun mentalaren kasuan, helburua da pazientea ahalik eta integratuen egotea gizartean. Alde horretatik, pazienteentzat antolatzen dituzten ekintzak bi motatakoak izan omen daitezke: batetik, ekintza bera bitartekoa edo baliabidea izan daiteke, eta, bestetik, helburua. «Esate baterako, Gurutze Gorria elkarteko elikagai-banku batean boluntario aritzea bitarteko bat izan daiteke alde kognitiboa garatu dezaten, adi egon daitezen, aktibo. Aldi berean, helburu bat ere izan daiteke, boluntario bihurtzen baitira horretan ari direnean, eta rol bat betetzen dutelako gizartean lan hori eginda. Jarduerak ikuspuntu horretatik antolatzen ditugu, ingurua aztertuta eta pertsona bere osotasunean aintzat hartuta».

Pazientearen beharrak, beldurrak, ilusioak eta gogoa dira terapeuta okupazionalen abiapuntua, hain zuzen ere, beldur horiek gainditzen edota ametsak betetzen laguntzen baitiete. Horrek arreta pertsonalizatua eskatzen du, paziente bakoitzaren ezaugarriak eta ingurua oso desberdinak baitira. Esate baterako, batzuentzat ohetik jaikitzea erronka handi bat izan daiteke, edota garraio publikoa hartzea. Bide hori urratzen laguntzen diete profesionalek, pixkanaka aurrerapausoak emanez eta pazienteen erritmoetara egokituz.

ASKOTARIKO JARDUERAK
Gustuen araberako ekintzak antolatzen dituzte, motibazioa sustatuko duten jarduerak. Hileko azken asteartean 97FM irrati katean 15:00etan ematen duten Buenamente izeneko podcasta da adibideetako bat —97 FM Irratiaren webgunean entzun daiteke edozein momentutan, baita IVOOXen ere —. Pazienteen gustuen eta interesen berri emateaz gain, Ibarrondok azaldu du horien denen bozgorailu izatea ere badela saio horren helburua, haiei denei ahotsa jartzea, eta aldi berean gaitasunak indartzea. Taldeetako egitasmo eta jarduerez gain, ekintza partekatuak ere egiten dituzte, pin-pon txapelketa, esate baterako. Taldeak elkartzen dira, komunitate desberdinetakoak, eta elkar ezagutzeko aukera izaten dute, esperientzia berriak izateko.

‘Buenamente’ podcasteko parte-hartzaileak.

Dena den, alorraren arabera aldatu egiten da terapeuta okupazional bakoitzaren lana, ez baita gauza bera arazo fisiko bat duen pazientearekin lan egitea edo Ibarrondoren kasuan bezala osasun mentalarekin lotutako desgaitasuna dutenekin aritzea, adibidez. Ospitale orokor batean, profesionalaren lana izango da ikustea zerk sortu dion desgaitasuna pazienteari, aurretik zer jarduera egiten zituen, eta aztertzea aurrerantzean zer egin dezakeen, ahal duen neurrian jarduera horiek berriro egin ditzan. Beste kasu batzuetan, gerta daiteke gaixotasuna pazientea gazteagoa denean garatzea, eta, ondorioz, ekintzak probatzeko aukera ere ez eduki izana. Horrelako kasuetan, terapeutak aukera ematen du jarduera horiek guztiak ere esploratzeko, horiek egin ditzaten edo egiteko gai izan daitezen, behintzat, eta hala gizartean modurik osoenean parte har dezaten.

AITORTZA ETA BALIABIDEAK
Osakidetzaren barruan, ospitale orokor guztietan daude terapeuta okupazionalak, eta pixkanaka Lehen Mailako Arretan ere lortu dute tokia egitea, Gipuzkoan adibidez, eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean Eguneko Ospitaleetan, Lehen Gertakarien Sailean eta ospitale psikiatriko guztietan daude. Halere, profesionalek bi eskaera dituzte: batetik, lanpostu gehiago eskatzen dituzte, zentro batean baino gehiagotan terapeuta bat dagoen lekuetan lanaldi gehiago egotea, eta, bestetik, tratamendu asertibo komunitarioetan eta osasun mentaleko zentroetan ere langile gehiago izatea.

 

PAZIENTE BATZUEN TESTIGANTZAK

«Eguneroko beldurrak gainditzen lagundu dit terapiak, helburu txikiak sortzen eta gainditzen, gauza berriak probatzen, erosotasun gunetik ateratzen, egoera positibo eta negatiboei etekina ateratzen. Autonomia-prozesuan lagundu dit, bakarrik bizitzen hasi naiz, lagunduta sentitu naiz, babestuta, eta gauza berriak egitera animatu naiz».
(Gernikako Ospitaleko paziente bat)

«Emakume-taldeak lagundu dit bakarrik ez nagoela sentitzen, eta indarra, konfiantza eta autoestimua eman dizkit; horrek aukera eman dit neure kabuz orain arte egin ezin nituen jarduera komunitarioetan parte hartzeko».
(Bilboko Eguneko Ospitaleko paziente bat)

«Hurbiltasuna sentitzen dugulako lortzen dugu normaltasun hori. Gainera, gauza pila bat ikasten duzu, eta, horrekin batera, aktibo eta osasuntsu mantentzen zara»
(Zaldibarko Ospitaleko paziente bat)

«Oso zirraragarria da zure ahotsa irratian entzutea eta hori lortzeko gainditu duzunaz konturatzea»
(Bilboko Lehen Gertakarietako paziente bat)

 

Pribatutasun Ezarpenak

Beharrezkoak

Cookie hauei esker, zure cookie ezarpenak gorde ditzakegu hurrengo aldian web hau bisitatzen duzunerako.

gdpr[allowed_cookies],gdpr[consent_types]

Advertising

Analytics

Other